Memoria historikoa berreskuratzeko artxiboetara sarbidea baimendu dio Nafarroako Auzitegiak Gobernuari

memoriahistorikoa

Nafarroako Gobernua, Lehendakaritza-Toki Administrazioa-Barne Sailaren bitartez (PSNko Roberto Jimenez lehendakariordea da sailburua), hobien mapa osatzen ari da Nafarroan. Nafarroako Justizia Auzitegiko lehendakariak Gobernuari baimena eman dio 1936tik aitzinera Nafarroako epaitegietan izen emandako heriotzen espedienteetara sarbidea edukitzeko.

Joan zen otsailaren 1ean eman zuen baimena Auzitegiak. Informazio honek garrantzia handia du hobien mapa egiteko tenorean, datuak zehaztasun gehiagoz biltzen lagunduko duelako.

Hobien mapa egiteko lana Tracasa enpresa publikoari eman zion Nafarroako Gobernuak. Egitasmoak dagoen informazioa identifikatzea eta biltzea du helburu; Espainiako Gerrak eta Frankismoak eragindako biktimen datu guztiak bilduko dituen datu-basea diseinatu eta sortuko du; eta webgune bat garatuko da, informazio guztia edonork eskura izan dezan, eta egun dauden bertzelako lurralde informazio sistemekin txertatuko dena, SITNAren bidez.

Bera, 1975. Kazetaritzan lizentziatua naiz eta kultur kudeaketan aditua. Elhuyar Aholkularitzan nabil partaidetza alorreko koordinatzaile.