Mayaren hondeamakina

Mayaren hondeamakina –

Mayaren hondeamakinaBitxia da Iruñeko autobus geltoki zaharra. Eraikin baten barneko patioa itxi, eta han paratu zuten autobusen etxea. Bereziena, dena den, bertan sartzerakoan iraganera egin daitekeen bidaia da: txarteldegiak, erraldoiak eta autobusak jira eta bira ikusi dituzten nasak, kafetegi zikin (orain garbi) hura… eta komunak. Plaka batek gogoratzen du hura izan zela normatiboak ez diren harreman sexualen gordelekua. Historia eta arkitektura hori errespetatuz sortu zen Geltoki.

Baina Enrique Maya alkateari ez zaio gustatzen. Bere amets umelen berri eman du berriki: berak eraikina bota, eta han haurrendako eski pista, bolatokia eta zinema imajinatzen ditu. Hau da, parean duen saltoki handiaren mesederako aisialdi gunea. Baina ez oraingo jolastokiaren gisakoa, ez: ordainpekoa.

Erorien monumentua eraistea amets gaiztoetan izugarriena badu ere, arkitektura eta historiarekiko errespetua atzendu du, nonbait. Maite ez duena ezabatzea du bide bakarra: euskara, gaztetxeak, Geltoki…

Maya, bere amets umeletan irudikatu dut, Alfredo Jaimeren itxurarekin, hondeamakinaren gainean, irri maltzur ozenez, ezeroso zaion guzia zanpatzen.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2019ko urriaren 4koa]

Mayaren hondeamakina

BARDO GORRI NAFARRA