Matematikak, gramatika eta sexua eskolan

Matematikak, gramatika eta sexua eskolan

Eskolan maixuek ia-denetaz egiten ziguten berba. Dela, matematikez, dela gramatikez solasten ziren guk, umeok, jakintza baten edo bestearen teoria ikas genezan. Gainera, geure ezaguerak praktikan jartzeko eremua ere bazen eskola, non kirolean edo sukaldaritzan (Estatu Batuetan, adibidez) genituen trebeziak erakuts baikenitzakeen. Gaur, imajinatzen dut egoera antzekoa dela, baina zaharren hitzak, zuhurraren hitzak direnez, zuhur jokatzea nahiago dut, hanka ez sartzeko.

Zoritxarrez, gai guztiek ez zuten pisu berdina eskolan. Adibidez, sexuaz ezer gutxi kontatu ziguten maixuek. Baliteke uteroari buruz zerbait aipatu izana ala sexu-organoez deskripzioren bat eman izana. Dena oso biologikoki, zer gerta ere. Eta praktikaz are hotzago mintzatzen ziren: hegazkineko laguntzaileen plantak egin kondoia nola ipini explikatu, plastiko honen erabili beharraz hitz bi eta akabo. Plazerraz, sexuaren garrantziaz, jardun naturala dela edo nola egiteaz hitzik ez. Beraz, geure jakinmina asetzeko ezer ez.

Matematikak, gramatika eta sexua eskolan

Gauzak horrela, beste iturrietatik edan behar genuen gazteok, horrek sexu-praktiketan ekartzen dituen arazoekin. Hori gutxi balitz, hemen Vaya Semanitatik datorren “Euskadin ez dago larru jotzerik” aldarria sinesteraino ere heldu gara Jon Uriartek El Correon aipatzen dituen portaerak indarrean jartzen. Kanpoan ere txakurrak oin hutsik, esaterako Estatu Batuetan Obamak hainbat aktore pornoa jarraitzen zituelako asaldatu dira zenbait hiritar eta Errusian felazioak egiteko eskola zabaldu berri da. Eta abar luze bat. Sexua gizakion lehentasuna izan ez balitz, aipu hauek barregarria gertatuko lirateke, baina larru ez jotzeak inor depresioraino ere bultza lezake.

Argi dago sexua ez dela naturaltasunez bizi mendebaldean. Beste arlotan bezela, aintzineko ohiturak geure pentsakeran eragin handia daukate oraindik (niri ere lotsa ematen dit horrelakoak idazteak, #daitort). Balore atzerakoiekin hausteko beharko genuke eskola, berbarako, sexua, hitz egitea edo jatea lez, natural natural datorkigun jarduna dela explikatzeko eta sano bizitzeko argibideak emateko. Izan ere, eskolan matematikak edo gramatika ikasten dugun heinean, sexuak ere ikasgai izan beharko luke. Hori bai, praktikak nork bere kabuz bila bitza.

Matematikak, gramatika eta sexua eskolan

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.