Matelak gorri

Matelak gorri –

.
.

Azken zazpi urteotako ene balantza beharbada erori zait, eta balantzaka noa; balantzaka atzera begiratu dut aurrera egin dezadan, denbora gehiago gal ez dezadan, jada berantegi bada ere agian ene asmoak eta esperantzak betetzeko, baina agian ezer ez da berantegi, bizitzan ezer ez delako galtzen, ikasten (irabazten) badugu, ala?

Matelak gorritzen zaizkit, ene barneko hitzak atera behar ditudanean; izan ere, hitzak baino gehiago baita maitasuna, maite zaitut esatea baino gehiago. Maitasuna ekintza da bizitza erabat iraultzen duena, onerako zein txarrerako. Maitasuna izatea baino, egitea denez, maitasunezko eskutitzak idazten ditut matelak gorritzen zaizkidala ez ikusteko. Hala ere, alferrik dira hitzak ezer egiten ez bada, maitasunean bezala, beste edozertan, hala nola gauza bera al da ama izatea eta ama egitea? Erditu gabe ere ama izan daiteke, idatzi gabe ere maita daiteke.

Matelak gorritzen dizkit lotsak, beldurrak edo ahalgeak; ahal ezinak ematen dit amorrua, eta ezina ekinez egina esamoldea datorkit gogora. Eginez egiten dugu posible ala… ez, eta orduan dator frustrazioa eta etsipena. Orduan gorritzen zaizkigu matelak ekinaren ezinez. Inpotentziaz.

Matelak gorritzen zaizkit negu beteko bonbek erretzen eta suntsitzen dituztelarik larreak eta soroak, hiriak eta herriak, neure aberritik apenas 3.000 kilometrora gerran daudela ikustean, eta mugen gaindi den hura helezina egiten zait, ulertezina. No war in Ukraine (gerrarik ez Ukrainan) irakurri dut nazioarteko kamioi batean, eta ni matelgorritu naiz berriro, errudun sentitu naizelako gure mendebaldetasun karnabalesko honetan.

Matelak gorri, eta esperantza ahultzen zait barnean. Ernaltzeko ametsak giltzapean, eta erantzunik gabeko maitasunezko eskutitzak denbora zehaztugabe batetik zintzilik. Mugen gaindi den ura dugu Bidasoa ibaia Irunen, eta bertan itotzen dira hegoaldetik datozen itxaropenak eta ametsak; amesgaizto bilakatzen zaigu egungo errealitatea, nahiz eta Inauteriek eta maskaradek ihes egiteko aukera eman diguten maskararik gabe, sudur gorria jantzita.

Matelak gorritzen zaizkit mendian gora abiatzen naizelarik, mendi-mazelak astun egiten zaizkidalako, baina esperantzari leiho bat ireki nahi nioke posible eginez ezinezkoa: Jaizkibelen, Erlaitzen, Aiako Harrian nahiz Xoldokogainan, Pirinioetako bidea elkartasun —eta askatasun— ildo zabal izan dezagun herri zapalduok heldu den udan, uztailaren 2an. Erabakitzeko eskubidea denoi dagokigu, baina aspaldiko mendeetan zapalduriko herri batek merezi du berez independentzia, inolako galdeketarik gabe, agian. Nik soilik matelak gorri ditut bi begi tristeen azpian, eta irribarre leun eta lotsati bat ateratzen zait itxaropenari begira, ene etsipenean.

Matelak gorri
Matelak gorri

Ainara Maia Urrotz (Irun, Gipuzkoa, 1976ko ekainaren 6a) euskal idazle eta itzultzailea da. Euskal filologian lizentziaduna da 2002tik. Horrez gain, Euskal Herriko Unibertsitatearen Hizkuntza, Informazioa eta Komunikazioa ikasketetan masterduna da 2004tik, eta badu idazkuntzari lotutako graduondoko bat (UNED). 2008tik 2014ra Brnoko Masaryk Unibertsitatean aritu zen euskara irakurle lanetan. Harrezkero, trebakuntza, irakasle eta euskara teknikari lana txandakatu ditu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude