Matalaz, historia bat eta bi abesti

Matalaz

Matalaz pertsona aski ezaguna da abertzaletasunaren barruan, eta gure iruditerian Zuberoa eta bere herritaren interesak babestu zituen heroi gisa oroitzen dugu. Baina ez zait iruditzen soberan dagoenik bere inguruan kokapen txiki bat egin eta abesti batez hitz egitea.

Bernard Goienetxek Bordelen egin zituen apaiz ikasketak; Mitikileko semea bere herriko apaiz bihurtu zen ondoren. 1661eko ekainean hasi zen ezagun bihurtu duen matxinada. Errege borboitarrek neurri gero eta zentralistagoak hartu zituzten: Zuberoako foruari zegozkion eskubideak murriztu eta herri-lurrak nobleen artean banatzeko joera zabaldu zen. Zuberoako Gorteetan ordezkariek egoera hori zuzentzeko egindako saioek huts egin zuten; Zuberoako erakunde legegile nagusia ziren, 1737an disolbatu zituzten arte (Zuberoako tokiko erakunde ofizial guztiak ofizialki 1879an desagerrarazi zituzten). Matalazek zuzendu zuen herritarren matxinada, Eliza aurka zeukan apaiz harek.

Nobleak eta burgesia etsai, erasoa jo zuten lauzpabost mila lagunek. Sohütako etxe batzuk erre eta Mauleko hiria eta gaztelua setiatu zituzten matxinatuek. Agintariek laguntza militar handia bidali zuten, ordea, Bordeletik, eta errebolta zanpatu. Ihes egitea lortu zuen Matalasek, baina Jentañeko dorretxean, Urdiñarbeko herritik hurbil, hartu zituzten preso Matalaz eta bere laguntzaileak, eta Mauleko gaztelura eraman.

Matalaz
Lextarreko plaza

Azaroaren 8an hil zituzten Matalaz eta Roquehort Ibar ordezkaria, duela 355 urte. Burua moztuta hil zuten Matalas Lextarreko plazan, eta bolada batez ezarri zuten haren burua Mauleko sarreran, jende guztiaren erakusgarri. Hori bera du hizpide aipatu nahi dudan abestiak. Jendeak orokorrean dolü gabe ezagutzen du, Benito Lertxundik abesten duena. Baina bada beste kanta bat, ezezagunagoa, eta ene ustez ederra benetan: Matalazen hiltzea, Etxahun-Iruri koblakariak pastoral batean eskainia 1955ean, Euskal Herria den baina ofizialki kanpoan daukaten Eskiulako herrian. Ene uste apalean, kanta zoragarria, doinu solemnea eta letra gogorrak. Niko Etxartek, Amaia Zubiriak edota Imanol Larzabalek abestu izan dute.

Beste kanta abesteko ohitura daukazuenok badakizue, hemendik aurrera hau ere zabaldu tabernetan!

MATALAZ-EN HILTZIA

 1

Argi leñhuria hasi zaikü agertzen

Lextarreko plazan khürütxe xürian

Erregeren ordrez harat Matalaz dua

Trixterik gaixua guardien artian

Bi eskik khatiraz nulaxe tinkatürik

Kriminelen gisa thian bizkarrian

Axko handiari büz hori zer lazkeria

Izigarrikeria ez denin ogendant

2

Ene Mitikile oi zer lekhü maitia

Banian deseña lüzaz bizitzeko

Zure boztariuan zure bake handian

Zure besuetan untsa gozatzeko

Jaun kunte txar batek ürgüllü ekhintia

Sobera zeitadan popüliarentako

Orai hil behar dit bainan nahiago düt

Hola eziz bizi Jaun horren esklabo

 3

Adios Xibero zazpi probintzietako

En’uste orotan xokhorrik hobena

Orai heltürik da düdarik gabetarik

Jüjatü bezala en’azken orena

Dener pharkatzen düt Jinkuarek bezala

Begira dezen ene orhitzapena

Burreuak zier orai gomendatzen niz

Egin ezazie orai zien lana.

Matalaz