Martxoaren 8an ezer ez zoriontzeko

Martxoaren 8an ezer ez zoriontzeko –

Pasa den martxoaren 8an lau aldiz zoriondu ninduten. Bi, txarkoaren beste aldean dagoen irla iraultzailetik heldu zitzaizkidan paradoxikoki. Beste biak, zuzenean, nire lantokian jaso nituen. Genero aldetik guztiz parekideak izan ziren zorion hauek.

Amorratu ninduten, zeren, gainera, aurreko egunetan pentsatu nuen poztekoa zela jada ez jasotzea watsapez edo mezuz, beste urteetan igortzen zizkidatenak: Zorionak emakume langilea! eta antzekoak edo langilea hitza jaten zutenak. Bururatu zitzaidan, agian, belaunaldi berrietan eta feministen lanaren ondorioz, inork ez zuela uste martxoaren 8a emakumetasuna zoriontzeko eguna zenik. Baina oker nengoen, eta nahiz eta onartu behar dudan zoriondu ninduten guztiek 30 urteak pasata dituztela eta gehienek oso pasata, badirudi badagoela oraindik egun honetan zorionak ematearen ohitura.

Esan bezala, barrutik sutan jarri ninduten arren, kanpotik, emakume on batek egin behar duen bezala, irribarrea eta eskerrik asko jaso zuten bueltan. Zergatik? Justu horregatik, Martxoaren 8an zoriontzeko ezer ez dagoelako.

Egun horretan emakume langileok kapitalismo patriarkarrean jasotzen dugun zapalkuntza orokorra salatzen dugu. Batzuen kasuetan beste abizenak ditu zapalkuntza honek: arrazista, koloniala, heteronormatiboa, nazio zapalkuntza gehituta…  Eta orduan zer dugu ospatzeko egun honetan hainbeste zorionak entzuteko? Galdetzen nion neuk nire buruari etengabe, ostia txarra irensten nuen bitartean. Akaso, langileren bati zoriontzen diote Maiatzaren 1a? Modu honetan, antolatuta edota gure bizitzaren trintxeratik egunerokotasunean aurrera eramaten ditugun aldarrikapenak kalera ateratzeko eta feministon indar erakustaldia egiteko balio ahal duen egun honi, zentzu guztia kentzen diogulakoan nago. Emakume langilea izatea opari bat balitz bezala ulertarazten digute eta zaila oparien aurka borrokatzea.

Martxoaren 8an ezer ez zoriontzeko

Seguraski, batek baino gehiagok pentsatuko du, ezker ikuspuntu batetik egiten duela berak inguruko emakume langileei horrelakoak esaten dizkienean. Baina, orain arte beste modu batez ez badu pentsatu, edota ez badu gehiegi hausnartu, honetara gonbidatu nahi dut. Zer dela eta, uste duzue hau ematen dela? Ziur nago nire amorru momentu horretatik ateratako dedukzio azkarrak baino sakonagoak izango diren azalpenak egongo direla. Baina niri burura etorri zitzaidan, emakumeak ordezkatzen duen rol sozialaren idealizazioarekin zer ikusia duela. Hau da, emakumetasunaren esentzialismoarekin lotura duela. Emakumea denez, emakume langilearen eguna zoriontzeak poztuko du. Aldiz, gizon langile gogor batek ez du behar horrelakorik langileen aldarrikapenerako egunean.

Emakume langileok edota kategoria honetan bere burua kokatzen ez dutenek, baina Martxoaren 8a berea sentzitzen dutenek, ez dugu behar zorionik. Egunerokotasunean jasotzen dugun zapalkuntza orokor hau gaindituko duen estrategia burutu arte, hau areagotzen duen keinurik ez dugu behar. Beraz, utzi ditzagun zorion horiek zapalkuntzarik gabeko jendeartea erdituko dugun egunerako. Eta bitartean, bihur ditzagun egun guztiak martxoaren 8ak; eta martxoaren 8 bakoitza borroka eta aldarrikapen eguna.

Martxoaren 8an ezer ez zoriontzeko