Martxoaren 8a

Martxoaren 8a –

Martxoaren 8a, Gasteizen. Manifara noa. Iaz ere egon nintzen, eta orduko jendetza gainditzea zaila baino miraria litzateke. Asuntoaren alderdi kuantitatiboak ez dit hausnarketarik sortzen. Iristen naiz, atzealdera noa, eta lehenengo inpresioa, parte hartzaile batzuen jarrera dela eta, … “Umm, honek asko du jaitik, agian aldarrikapenetik bainoago, Araskiren garaipen baten ondorengo jaitxoa dirudi, …”. Eta? Ea, emakumeen borrokaren garapenak txunditurik, noraezean edo, sinpleki, gainditurik gauzka nire bezalako batzuk (hau da: 50 urtetik gorakoak, gizonezkoak, heterosexualak).

Martxoaren 8a
Arg: Mikel Otero

Ez al da egia nik neuk mila aldiz errepikatu dudala herri mugimenduek edo jendarte mugimenduek faltan duten gauzetariko bat freskotasuna eta benetakotasuna dela? Bada, hona hemen freskotasuna, barra-barra. Hortxe oihuka dabiltzan nesketariko batzuen kontzientzia ideologikoa, itxura batean, ezdeusa da. Baina aldarrikapenak botatzerakoan duten konbentzimendua erabatekoa da. Zinez, ahoa bete hortz uzten banaute ere, neska hauen indarra handia da, benetakoa. Eta hortik lehenengo poza: belaunaldi honetako neskek ez dute gizonezkoen lelokeriarik agoantatuko. Plazera da.

Baina goazen sakontzera. Euskaraldia dela eta baten batek esan zuen euskalgintzak behar duena horixe dela, mugimendu feministak duen presionatzeko jarrera. Eta aurrekoan, hezkuntzari buruzko bilkura (oso aberasgarri) batean lagun batek galdetu zuen ea zergatik eskatzen zaion hezkuntza publikoari emakumeei eskatzen ez zaiena, hau da, besteen pribilegioak (hezkuntzaren alorrean, itunpeko hezkuntzarenak; borroka feministaren kasuan, gizonezkoenak) onartzea. Lehenengo hausnarketari dagokionez, uste dut desideratum ezinezko hutsa dela. Euskaltzale koherenteak gutxiengoa dira gure Herrian; emakumeak, jendartearen %51a baino gehiago. Eta transbertsalitatea erabatekoa da. Ez dago, ezta PPn ere, soldatan diskriminaziorik edo gizonezko babalore baten jazarpenik agoantatuko duen emakumerik. Bigarrenari dagokionez, aurreko esaldian dugu gakoa: emakumeek erdietsi duten euren eskubideen inguruko konbentzimendua eta kontzientzia erabatekoa da, arrakalarik gabea. Ez daude prest atzerapausorik egiteko.

Eta horrek hurrengora eramaten gaitu: eta zertan egin behar dugu nik bezalako gizonezkoek atzera? Edo, gurean (etxean, eguneroko bizitzan) jarrera aski onargarria dugula uste dugunok, zer da zehazki egin behar duguna? Batzuetan ozenki luzatu dut galdera, eta ez dakit erantzunak ulertu ote ditudan. Nire hausnarketa propioa egin behar dudala esan didate. Ados. Baina horrek tarte handiegia uzten dio autoengainuari. Eta, hala ere, ados, bai, nik ere badakit zer egin dezakedan jarrera zuzenagoa izateko, … nahiz eta horretarako nire militantzia politikoari dedikazio apurra kendu beharko diodan? Sakrilegioa.     Nahasita gabiltza gutariko batzuk. Bestaldetik, katebegirik ahulenaren teoriara narama egoera honek, eta pentsatzen dut: “Kontxo, bada, agian emakumeen bazterketa eta zapalketa dirateke katebegirik ahulena, eta hortik has gintezke kapitalismoa deuseztatzen, …”, … kontraesan nagusiaren inguruko orain arteko nire uste guztiak pikutara bidaliz! Eta honaino iristen naiz.

Esana dut. Nahasita gabiltza gizonezko batzuk, eta ez dakit hori normalaona edo deitoragarria den. Eta, bitartean, manifako jendetzari begiratzen diot eta hauteskundeetan bozik emango ote duten itauntzen diot nire buruari, eta nori, … Dena ulertzeko eta jarrera dugunontzat desconcertantea da egoera berri hau. Eskola zaharrekoak ez bagina, aterako genioke probetxua, baina agian sinpleki berziklagaitzak gara. Kontraesanak zamalkatzea disfrutatzeko aukera da, ez al da nik neuk hamaika aldiz hori errepikatzen duena? Bada, to!

Martxoaren 8a
Martxoaren 8a