Marka da gero

 

Inoiz hala izan baziren, aspaldi utzi zioten alderdi politikoek  herrikideen ideiak, nahiak eta beharrak defendatzen dituzten ordezkari talde xumea izateari. Faktore mediatikoek, programa elektoralek baino pisu gehiago dute egun, logotipo eta trajeek aldiz, iritziek adina.

Hainbestean, baina badirudi onartu dugula lehiakortasuna eta marketing-aren oinarrian eraikitako joko politikoaren mediatizazioa. Digeritzeko gaitzagoa iruditzen zait aldiz, estatu edo nazio bat markatzat hartzearena, azken aldian ‘trending topic’ bihurtu bada ere.

Batetik Rajoy eta artzaiez jantziriko artaldekideek etengabe errepikatzen duten “Espainia marka”, “Spain is Different” eta antzeko sloganen eskutik. Bestetik, Artur Mas EBak Kataluniaz duen iritzia edonola hobetzeko saiakeran. Eta azkenik, (datozen lau urtetan ordezkatuko gaituen) legebiltzarrean bertan, Iñigo Urkullu “Basque Country” marka sendotzearen garrantzia azpimarratuz.

Hitz egiteko modu bat dela esango du baten batek, baina ez da huskeria nazio bat marka bihurtzeak inplizituki dakarrena: itxurakeria, irudia errealitateari lehenestea, erabakiak enpresaburu potoloei begira hartzea, etekin korporatibo edo ekonomiko positiborik eratorriko ez duen neurri ororen baztertzea…

Bitartean, krisi ekonomikoak nazkatutako jendartea, bete ez diren eta beteko ez diren promesak zein olatu independentistaren eragina nagusi dira gizartean. Kapitalismoak gehiengoaren beharrak betetzen ez dituen honetan (izan krisia, izan konspirazioa), nazio eraikuntzaren oinarritzat sistema beraren ezaugarriak hartzea marka da gero. Euskal Herrian, Katalunian, Espainian zein beste edonon, hobe honaino gidatu gaituen bidea gorriz markatzea, etorkizuna belztea baino.

Hasteko, nazio bat enpresa edo enpresa multzoa baino askoz gehiago dela aldarrikatzea ez legoke gaizki.

(Jatorrizkoa derhitzot-en)

iritzia
Lander Arretxea

NIRE KONTRA ESANAK