Mark Legasseren gorazarrez

Mark Legasseren gorazarrez –

1997ko martxoaren 21ean zendu zen Mark Legasse idazle eta politikari abertzale handia, hau da, duela hogeita lau urte, eta zoritxarrez, euskaldunok oraindik ez dugu asmatu independentziarako eramanen gaituen bidea ongi hautatzen. Hemen jarraitzen dugu, goiti eta beheiti, aitzina eta gibelera, karramarroen gisa, Legassek ainitzetan erabiltzen zuen metafora erabiliz. Baina noizbait atzemanen dugulakoan nago, eta euskaldunon ametsa errealitate bilakatuko da, eta egun handi horretan oilartxo frantziarrek eta zezen hispanikoek ezin izanen dute euskal arrano beltzaren hegaldi libre eta airosa eragotzi. Mark Legassek, dagoen tokian dagoela, Kataluniako kaba edanez (xanpain frantsesik edo arno espainiarrik ez) algaraz eta pozez zoratzen ospatuko du. Baita guk ere.

Mark Legasseren gorazarrez

1.- Mark Legasseren biografia laburra

Mark Legasse Zelaia Parisen sortu zen 1918ko apirilaren 19an, aitaren aldetik Basusarriko erroak zituen eta amaren aldetik, Errenteriakoak. Aita Saint Pierre eta Mikelunen negozio handiak zituen Louis Legasse armadorea zen. Amaren aldetik Mark eta Jakes (edo Xanti) anaiek ideia abertzaleak jasoak zituzten. Bigarren Gerla handia piztu zelarik, anaia Montecasino aldean hil zuten nazien kontra borrokatzen ari zela; Mark berriz, bizirik eta dominez betea itzuli zen gerlatik. Aita zendu zitzaiolarik, Mark gazteak, zegokion diru zatia hartu eta Euskal Herrira etorri zen, Itsasura hasieran, eta Ziburura gero.

1936an, Hegoaldetik Iparraldera ihesean zetozen anai-arrebak laguntzeko Sorospen Batzorde bat sortzen aritu zen bete-betean. 1942an, Aintzina aldizkariaren bigarren aroan kolaboratu zuen. 1944an Hordago izeneko aldizkari politiko-satirikoa plazaratu zuen, hamalau urtetan iraun zuena.

Ipar Euskal Herrirako behin-behineko autonomia estatutua plazaratu zuen eta Jean Etxeberri-Aintzart baigorriar diputatuak Pariseko Batzorde Konstituziogilean aurkeztu. Frantsesek ez zuten kontuan hartu eta bazterrean utzi zuten. 1946an Mark kartzelara eraman zuten Hordago aldizkarian euskaldunen independentzia defendatzeagatik. Ondoren beste bitan espetxeratu zuten ideia abertzaleak eta anarkistak aipatu aldizkarian zabaltzeagatik. 50.eko hamarkadan bost aldiz aurkeztu zen hauteskundeetara, beti zerrenda abertzaleetan (Enbata, EHAS, EMA…)

ETAren sorrerarekin, Hegoaldeko errefuxiatu belaunaldi berriak pasatu ziren Iparraldera, eta Mark berehala hurbildu zitzaien laguntza eskainiz. Errefuxiatuen aldeko lau gose grebatan parte hartu zuen. ETAren intelektualekin harreman handiak ukan zituen eta Carrero Blanco hil zutenean, Ziburuko bere etxean idatzi zuen Eva Forest-ek “Operación Ogro” izeneko liburua.

Mark Legasseren gorazarrez

1977an, Franco hil eta gero, Bermeora joan zen bizitzera. 1979an Donostiako Zinemaldiaren epaimahairako kide izendatu zuten. Bizkaian zegoela artikulu bizi-biziak idatzi zituen garaiko euskal prentsarako, gehien bat  Egin egunkarirako. 80.eko hamarkadaren amaiera aldean, eta osasun arazoak zirela eta, Ziburuko Periko-enera itzuli zen eta hor bizi izan zen, azken urteetan emaztearekin batera Parisen egin zituen aldiak kenduta, 1997. urtean hil zen arte.

2.- Mark Legasseren liburu eta idazlanak

Oso idazle emankorra izan zen, ideia anarkistak eta abertzaleak zituena. Bere bizitzan zehar hogeita hamar bat liburu inguru plazaratu zituen, frantsesez, espainieraz eta euskaraz. Zerrenda oso bat egitea luzeegia litzateke artikulu honetan plazaratzeko, horregatik, jarraian, hautatu ditudan liburuen zerrendatxoa azalduko dizuet. Lehentasuna euskarazko itzulpenei ematen diet.

  • La question Basque. (Paris, 1938) Xanti anaiarekin batera.
  • Ainsi parlait Nekatua. (Baiona, 1943)
  • Euskadi ma patrie et autres contes. (La Presse argitaletxea. Baiona, 1944) Xanti anaiarekin batera.
  • Les rêveries d´un gréviste de la fain. (Baiona, 1947)
  • Hiru herrien alegia. (Gernika argt., Donibane Lohizune, 1952)
  • Euskeldun askatasunaren idazti gorri txikia. (Baiona, 1967)
  • Las carabinas de Gastibeltza. (Txertoa argt., Donostia 1978)
  • Euskararen ebanjelio eta apokalipsia. (Txertoa argt. Donostia, 1979)
  • Los contrabandistas de Ilargizarra. (Txertoa argt. Donostia, 1980)
  • Pasacalles por un país que ni existe. (Txertoa argt. Donostia, 1984)
  • Santxo Azkarraren parabola. (Txertoa argit. Donostia, 1985)
  • Gastibeltzaren karabinak. (Susa argit. Zarautz, 1985)
  • Anark-herria. (Txertoa argt. Donostia, 1986) Jakue Pascualekin batera.
  • Infante zendu batendako pabana. (Txertoa argt. Donostia, 1986)
  • Maddalen Ithurri. (Maiatz – 18. zenb., Baiona, 1989)
  • El zortziko de Iraeta para arpa y txalaparta. (Txertoa.argt. Donostia, 1994)
  • La sombra de Axular y otros relatos. (Txertoa argt. Donostia, 2011)

3.- Mark Legasse oroituz

Zoritxarrez, Markek ez zekien ongi euskaraz, eta bere liburuak, egin zizkioten itzulpenak kenduta, frantsesez edo espainieraz iritsi ziren gurera. Kontraesan handia euskara eta Euskal Herria pasioz maite zituen abertzale sutsu batentzat, baina bere alde eginez, erran dezagun garai ilun eta hits hartako semea zela. Nik, bederen, horrela ikusten dut. Bere liburuak gazte-gaztea nintzela irakurri nituen, plazer handiz, eta beranduago ezagutzeko aukera ezin hobea izan nuen. Gizon sutsua zen, oso abegikorra, umore handikoa eta txantxetarako eta kritika satirikorako joera eta balio handia zuena. Hortxe dira, bere liburu eta idazlanak nire baieztapenen lekuko.

2021eko martxoaren 21ean, hogeita lau urte dira utzi gintuela, baina bere ekintzek eta bere idatziek etengabe dakarzkigute euskal matxinadarako oihartzuna, askatasunaren aldeko aldarria eta atzemanen dugun independentziaren aldeko sugarra.

Nik, artikulu labur honetan, Mark Legasse aldarrikatu nahi izan dut gure historiarako eta batez ere, gure etorkizun askerako. Euskal Errepublika batu eta independentean, Legasseren izena urrezko letrez idatziko dutelakoan bainago. Eta bukatzeko, eta omenalditxo gisa, bere liburuetatik ateratako hainbat pasarte lerro hauetara ekarri ditut. Horratx:

“Axularren itzal hori,lurrera itzuliko zara, Jainkoaren agindua betez, eta bertan izanen zara denboren akabera iritsi arte. Jainkoaren esker ona izan dadin  Euskal Herriarekin! Lagun ezazu aro hits eta ilunetan!  Emaiozu indarra porrotaren momentuetan!  Sentimendu eskuzabal eta nobleak ukan ditzan beti! Lagun ezazu bere mintzaira zoragarria atxikitzen, munduko zaharrena den mintzaira, Adanek oraindik Ebarekin egiten duena. Axularren itzal hori, baduzu betetzeko lan handi eta ederra. Batzuetan lurreko bizimodua gogor samarra eginen bazaizu ere, euskaldunak arrotzen morrontzatik aterako duen matxinada prestatzen lagunduko duzu! Eta horrela Axularren itzala Euskal Herrira itzuli zen betiko.”  Axularren itzala. 1944.

“Loriatua izan dadin, inongo diplomarik gabeko bere mintzaira eta diplomatikorik gabeko bere lurra maitatzeagatik, historian, geografian eta estatu independenteen artean tokirik ez duen Herria!!! Basamortuko haizea bezain garaiezina da. Dunetan barrena dabil, inolako arrastorik utzi gabe, kaioa itsasoko uhinen gainetik ibiltzen den antzera. Gizaki hilkor gaixoak! Ikusezina da hilezkorra den bakarra!!!”  Gaztibeltzaren karabinak. 1978.

 “Eta Izaroko fraideak honako otoitza egin zuen: Gure aita-amen hizkuntza, gogoetan zarena, garbi ezazu gure Herria, ager bedi zure indarra, nagusi bedi euskara, etxean bezala enparantzan ere. Emaiguzu gure lurrean askatasunaren ogia, ez gaitzazu utz erortzen erdararen tentaldian baina erdalkeriaren gaitzetik aska gaitzazu! Halabiz!!!” Euskararen ebanjelio eta apokalipsia. 1979.

 “Poloniaren independentziaren alde mundu osoa borrokatu zen, baina  nehork ez du txintik erraiten Euskal Herriaren independentziaren alde, denak ixilik daude.  Gernika Picassoren margolan hutsa zatekeen gaur, euskaldun abertzaleek mundu osora haren oroitzapena eraman izan ez balute, Gernika Euskal Herri askatuaren Jerusalem bihurtuz.” Ilargizarreko kontrabandistak. 1980.

 “Karta edo mapetan agertzen ez den Herri bateko semea naiz. Herri honetako seme-alabek atxilotuak eta deportatuak izateko, edota torturatuak eta fusilatuak izateko arriskua dute beti. Genozidek erraiten dute gure Herria ez dela existitzen. Ezin da gure Herriaren nortasunaz, batasunaz edota independentziaz amestu. Heriotza izan daiteke zigorra. Hori irakur daiteke, bederen, arrotzek kaserna eta aduenetako ate guztietan ezarri duten afixetan.”  Esistitzen ez den Herri baten kalejira. 1982.

 “Gure Herri ttipiari, gizakiaren komediaren barruan, emandako benetako eginbeharra ez da bakarrik independentzia existentziala eta bizirauteko osagaiak lortzea, etengabeko matxinadari bultzada ematea ere bada.” Anark-herria. 1986.

 “Harpa Irlandako erredola zaharrean agertzen zen eta garai zaharretan txalapartak euskaldunak armak hartzera deitzen zituen. Gaur egun, bi musika tresna horien doinuek historiaren lau haizeetara bi herri horien matxinadaren berri zabaltzen dute. Irlandarrak eta euskaldunak borrokara deitzen dituen Iraetaren zortzikoa da”  Iraetaren zortzikoa harpaz eta txalapartaz. 1990.

 “Ez egin negar hil zaigun infantearen alde. Bianako Printzea ez da izanen gure Herriaren epopeian hilko zaigun azken infantea. Infante ainitz hilen zaizkigu gure aberriaren epopeian zehar, Zuberoako, Lapurdiko, Gipuzkoako, Bizkaiko, Arabako eta Nafarroako infanteria guztietan infante hilak izanen baititugu. Ez negar egin, Euskal Herria! Bestela, belaunaldiz belaunaldi, gau eta egunez, negar egin beharko baituzu. Ez negar egin eta zuti zaitez! Etsaien aitzinean, gure dolua erakusteko modu bakarra izan da beti, eta betidanik, zutik eta borrokan aritu izan gara. Lepoan hartu eta segi aurrera!!! —olerkariak kantatu zuen bezala. Nafarroa altxatuko da eta askatasuna atzemanen du. Euskal Herria askatuko da eta subiranoa izanen da betiko. Aleluia, aleluia!!!” Infante zendu batendako pabana. 1986.

Hala bedi, Mark, gaurko euskaldunok hori zor baitiegu bai gure arbasoei eta bai gure seme-alabei. Euskal Herria libre eta euskalduna izan dadin, karta edo mapetan ezar dezaten, frantsesek eta espainiarrek errespeta gaitzaten eta ikas dezaten auzo bezala bizitzen. Gure seme-alabek askatasuna ezagutu dezaten eta gure semetto-alabattoek lili ederrak jar ditzaten askatasunaren aldeko bide luzean eroritakoen hilobietan. Eta zuk, Mark, zauden tokitik zaudela, hori guztia ikus eta ospa dezazun. Zuk erraiten zenuen bezala, geroa ameslarientzat egina baita.

Mark Legasseren gorazarrez
Mark Legasseren gorazarrez  Mark Legasseren gorazarrez  Mark Legasseren gorazarrez  Mark Legasseren gorazarrez

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

Zer duzu buruan “Mark Legasseren gorazarrez”-ri buruz

  • Benat Castorene 2021-03-21 10:49

    Ezpiritu indartsu, adoretsu eta libre horrenganik, inpresionatzen nautenak dira erligioari buruzko erreferentzia ugariak, eta aldiz estonatzen euskara gehiago ikasi ez izana.
    Gero gure ama zenak erranik, pestile ona ere bazen.
    Milesker Joseba.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude