Maribel Vaquero: “Ikerketa da ahanzturaren aurkako txertoa”

Maribel Vaquero

Kandido Sasetaren ikurrina haizeak ferekatu zuen berriro otsailaren 24an, Hondarribiko hilerrian, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Jaurlaritzak eta bere sendiak egindako omenaldi hunkigarrian. Irabazleen historiak gure imaginariotik ezabatutako heroi bat gehiago da Saseta, egun, adituek baino ezagutzen ez dutena. Aitzitik, guztiok abestu dugu noiz edo noiz Pantxoa eta Peioren doinuetan, “Saseta hil zen gudarien aurrean”. Markel Olano diputatu nagusiak belaunaldi oso baten konpromisoa azpimarratu zuen omenaldian: “Sasetak, zuzentzen zituen gudariek bezalaxe, Euskal Herriaren, demokraziaren eta askatasunaren defentsarako hautu irmoa egin zuen”. ZuZeuk Maribel Vaquero, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zuzendariarekin hitz egin du, Saseta erail zutela 80 urte bete diren honetan. Memoriaz eta ahanzturaz, herri batek bere iragana ezagutzeko duen eskubideaz, funtsean.

Maribel Vaquero

Nor da Saseta zeure hitzetan?
Kandido Saseta Gudarien buruzagia izan zen. Agirre lehendakariak izendatu zuen Gudaburu. Eta berak gure herriaren defentsa egin zuen, estatu kolpea jo zutenen aurka. Euskadi zenaren armada zenaren buru izan zen.

Gipuzkoarrok ezagutzen ote dugu gure iragana?
Ez. Nik uste tamalez ez dugula ezagutzen eta gure lana hori da. Herri bezala gure esku dago transmisio hori egitea. Izan ere, gure historiaren ezagutza behar beharrezkoa baita. Batez ere, berriro errepikatu ez daitezen. Ahanzturatik atera behar ditugu gure historiako zenbait episodio, ez gorrotoa bideratzeko, ahanzturatik ateratzeko baizik. Estatu Kolpea da horietako bat, eta ezagutu behar dugu Euskal Herriko seme eta alabek nola egin zioten aurre. Garrantzitsua da kontatzea herrietan gertatu zena, eta baita ere emakumeen prespektibatik gertatu zena kontatzea.

Ikuspegi guztiak kontutan izan behar dira,
memoria eraikitzerako orduan, baita emakumeena ere


Irabazleek idazten dute historia.
Irabazleek idazten dute historia normalean bai. Ahanzturak dolua ez ixtea dakar ezinbestean, eta dolua ixten ez denean, hurrengo belaunaldietara transmisioa gertatzen ez denean, orduan azaleratzen dira min eta sufrimendu guzti horiek. Trantsizioan, demokraziari bide emateko, gauza asko ixildu ziren, eta doluak ez ixteak bere ondorioak izaten ditu. Transmisioa behar beharrezkoa da.

Ze zeregin daukazue erakundeek memoriaren berreskuratzean?
Zeregin garrantzitsua daukagu erakundeok, baina ez bakarrik erakundeok. Elkarte memorialistek ere ekarpen bikaina egin dute guzti hori ahanzturatik berreskuratzen. Guk oraindik jarraitzen dugu ikerkuntzarako eta ekimenetarako lanak eta programak laguntzen. Nola guk propio egindakoak, hala elkarteek bultzatzen dituztenak. Oso garrantzitsua da Gipuzkoako herri bakoitzak, estatu kolpean, gudan eta frankismoan gertatutakoa jasotzea. Herri bakoitzak bere memoria kolektibo hori eraikitzen joatea. Egia da memoria bizia dela eta denboran moldatzen joaten dela, ez baita zerbait estatikoa, baina garrantzitsua da berau berreskuratzea. Lan asko egin da erakundeen eta elkarteen aldetik, horretan segi behar dugu.

Kandido Sasetari egindako omenaldiaren bideo laburpena:



Nolakoa izan zen otsailaren 24ko omenaldia?
Oso hunkigarria izan zen. Esandako hitzengatik, orduko uniformeak jarri zituztelako eta eusko gudarostearen ikurrina atera zelako argitara berriz ere, Sabino Arana fundazioari esker. Oso ekitaldi elegantea izan zen, handitasun gutxikoa, baina oso emozionala. Gerardo Bujandaren figura bertan ikustea oso hunkigarria izan zen, batez ere, ikurrinari muxu eman zion unea.


Ahanzturak dolua ez ixtea dakar ezinbestean,
eta orduan azaleratzen dira min eta sufrimendu horiek


Etorkizunerako zer ekimen dituzue esku artean?
Asko egin ditugu, orain, Sasetaren omenaldiaren ostean Elgetako Intxortakoa egingo dugu, Zumaian ere izan ginen alkatearekin batera, kanporatuak izan ziren emakume eta haurrei omenaldia egiten. Beste ekitaldi bat ere egingo dugu emakume horiek Gipuzkoa mailan omentzeko. Igande honetan Matxitxakoko ekitaldira joango gara Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean. Ekitaldi askotan ari gara parte hartzen. Lanean segiko dugu, eta ekitaldietan parte hartzeaz gainera ikerketa eta transmisioa bultzatuko ditugu.

Gai honetan jantzia zara. Ba ote da ahanzturarentzat txertorik?
Ikertzea da bakuna. Ikerketak egiten direnean, hor gelditzen dira betirako. Ezin zaio pertsona bati memoria eraikitzera behartu, batez ere, biktima izan bada. Baina herriek eta pertsonek memoria berreskuratzeko eskubidea dugu. Erakundeok ikerketa bultzatu behar dugu transmisio hori gerta dadin. Prespektiba guztiak kontutan hartu behar dira, gerrako frontearena, emakumeen prespektiba eta baita bestelako zapalketak. Ahalik eta memoria osoena egin dezagun.

Maribel Vaquero: “Ikerketa da ahanzturaren aurkako bakuna”

Gipuzkoako Foru Aldundiak babestutako sarrera.

Gipuzkoa, kandido saseta, Maribel Vaquero, memoria, oroimena
ZuZeu

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude