Mapa Soziolinguistikoa > Irakurketa moduko bat V. Mapa Soziolinguistikoaz

Mapa Soziolinguistikoa > Lehendabiziko datua: esanguratsua egin zait pesimismo orokortua; datu nabarmenena, titular handietarako beharko lukeena, euskaldunen hazkunde bikaina izanik. Zerbait adierazten digu: 20-30 urtean EH mendebaldea nagusiki euskalduna izango da!

Mapa bat nabarmendu dute hedabide gehienek: azpimarragarriena, eta poz handiena dakarrena, noski, berde kolore hori zelan hedatu den, zelan desagertu den urdina Gipuzkoatik, eta Bizkaian ere galzorian den, Ezkerralde industriala salbuespen. Enkarterrin, bederatzi udalerrik % 20tik gorakoen kolore berdea dute, eta sei urdinarekin daude oraindik. Eta zer esan Arabaz, erabat berdetutako Aiaraldeaz eta Lautadaz? Eskualdeka jarrita, Añana da % 20ra iristen ez den bakarra, baina hamar urtean bikoiztu baino gehiago egin da euskaldun kopurua, % 7tik 16ra.

 Datuon ifrentMapa Soziolinguistikoa > Irakurketa moduko bat V. Mapa Soziolinguistikoazzua, % 80tik gorako kolore gorria zelan desagertu den hainbat herritatik, Bilbotik hurbilen direnetan bereziki. Hirigintza eta Hizkuntzari buruzko eztabaida ezinbestekoa da kasu horietan. Zalantzarik ez, Bilboko hurbiltasunak eta urbanizazio berriek ekarri dute euskaldun kopuruak behera egitea Uribe-Butroeko (Mungialdeko) herri horietan. Baina ezin ahaztu, bestela ere, oso erdaldundutako (Plentzia, e.a.) herrietatik hurbil egoteak etorkizun iluna zekarkiela guztiz euskaldun iraun zuten herri horiei.

 Makroan ikusita beraz, oso mapa itxaropentsua da, baina arnasguneen kezka ere hor dago. Behin baino gehiagotan esan dut, euskarari sendo eta bizi eusteagatik herri euskaldunei aitortza egiten diegun legez, Arabako udalerri horiei ere laster omenaldia egin beharko diegula. Horien artean dago “berreuskaldundutako lehen udalerri” izendatuko duguna; ez dakit noiz izango den, hamar edo hogei urte barru, eta zein irizpideren arabera, baina denbora-kontua da. Ez du arnasguneetako soslaia izango, erdaraz euskaraz baino hobeto dakiten herritar euskaldunak izango dira, baina berreuskaldundutako herria izango da. Eta merezi dugu geure buruari aitortza hori egitea. Munduan non berreskuratu dute galduta zeukaten hizkuntza, hizkuntza hegemoniko berri eta handiaren aurrean? Hau da, zein herritan gertatu da hizkuntza-ordezkapena burututa zeuden eskualdeetan (Arabako Lautada, esaterako), desagertutako hizkuntza hori berriz ere nagusitzea? Irlandan ezin izan dute, Finlandian diglosia egoerari buelta eman zioten eta finlandiera normaldu, baina hizkuntza hori zen finlandiarrek zerabiltena, eta Israel ezin azaldu Holokaustoa eta hainbat hizkuntzatako herritarrak estatu berean batu zirela ulertu barik. Gure eskualde erdaldunduetan ez zegoen/dago komunikazio-arazorik, euskara galdu zen baina espainolez mintzo dira/ziren herritarrak. Eta nolabait, miraria gertatzen ari da, herritarren euren borondatez: baditugu % 30era hurbiltzen diren herriak.

 

ERABILERAZ

 Kezka ekarri duen datua etxeko erabileran dagoen jaitsiera da. Horri ekiteko, erabileraren diskurtsoa agerian utzi behar dela uste dut. Oso lurralde txikiaz baina aski errealitate ezberdinez ari gara. Horregatik, errezeloz begiratu diot beti euskararen erabileraren diskurtsoari, administrazioaren ardura euskaldunongan jartzen duelakoan: “hara, guk euskaldundu dugu herri hau, baina zuek abandonatu duzue eta ez duzue erabiltzen”. Nerabetan, institutuan hasi berritan, Atxagari bezala hautsi zitzaidan anfora: bilbotarra izan baina euskara hutsez bizi izan nintzen ordura arte, ikastolako umeekin euskaraz genbiltzan egunero -eta hala egiten dugu 25 urte igarota-, eta institutuan hasi eta ikaskideak erdaraz barra-barra entzutea oso mingarria zitzaidan. Gerora hobeto ulertu dut, baina arantza hori luzaroan izan dut. Kontua da, baina, sasoi hartan bertan udak oso herri euskaldun batean eman ohi nituela, eta han ere, ez denak zorionez, baina nerabe taldetxo bat txitean-pitean espainolera igarotzen ikusi nuen. Hark, mina baino, ia barrea eragiten zidan. Erridikulua iruditzen zitzaidan euskaraz hain ondo, eta espainolez sarritan hain baldar moldatzen zen jende haren grina espainolez berba egiteko.

 5.000 eta 25.000 biztanle arteko Bizkaiko eta Gipuzkoako herri euskaldun mordo bateko kezka da, eta susmoa dut erabilera aipatzean horri buruz ari direla asko. Gertatzen da, baina, herri abertzale euskaldunak direla horiek guztiak, udaletan euskarari arreta handia eman ohi zaiona, eta konplexu eta arlotekeria zaharkitu batek oraindik ere espainolera aldarazten diela jende batzuei. Euskara gauza atzeratua eta espainola mundu modernoarekin lotze hori, barkatu baina oso kasposoa da gaur egun. Eta hala nabarmendu beharko genuke.

 Oso bestelako errealitatea da periferia erdaldunduetan bizi duguna. Gutxiengo oso txikia gara etxetik euskara jaso eta gure ingurua erabat edo ia erabat euskalduna dugunak; irudia oso egokia izan ez arren, nukleo oso euskaldundu txiki bat litzateke, eta hortik aurrera, zirkulu kontzentrikoak zabal litezke, euskararekiko harremanari buruz. Bigarren zirkulu bat osa lezakete euskaraz eta espainolez berdin-antzera elebidun direnak, hirugarren batean ustez berdin izan arren, ama euskalduna izan dutelako esaterako, espainola nagusitu dena, eta hortik aurrera, eskolak euskaldundutako herritarren profil ugariak: etxe erdaldun baina abertzale/euskaltzale izan duena euskal kulturan murgilduta haziko zen neurri batean, eta azken muturrean, azken zirkuluan, ikastetxean euskaraz ikasi bai baina beste inolako harremanik izan ez duena euskaraz: euskaltzaletasunik ez, euskarazko jai edo kultur ekitaldirik ia ez, eta espainolezko munduan erabat murgilduta. Ikastoletan ikasitako jende bati euskara ia ahazteraino herdoildu zaiola onartu beharko dugu. Umearen bila goazenean ikusten dugu, ikastolako ikasle ohi den guraso batek baino gehiagok, espainolez egiten diola umeari… eta hala ez den askotan, jendaurrean umeari euskaraz eginda ere, umeak salatzen du etxeko errealitatea, espainolez egitean gurasoari.

Bigarren errealitate horri erreparatu behar zaiola uste dut. Erabileraren arazoa, lehen multzoko herri euskaldun horietan soilik da zinezko arazo, baina lekuan-lekuan aritu eta zaindu beharreko kontua da, bertako udal eta mankomunitateetako euskara arloetan landu beharrekoa. Ikuspegi makroan, bigarrenari erreparatu behar zaio batez ere, eta hor ezin gara eskolak euskaldundutako belaunaldi horiek euskara gutxi erabiltzen dutela-eta kexatu. Europako beste herri minorizatuen lekuan, betiko galdutako belaunaldiak lirateke. Gurean lortu dugu ezagutza zabaltzea, eta unibertsalizatzeko bidean gaude. Ikusi dugu baina, ezagutza, handitu legez, gutxitu eta desagertu ere egin daitekeela. Euskaraz ikasi duen jende bat gaur egun ez da gai bost minutuko solasaldiari eusteko gure hizkuntzan, hainbeste urte da ez duela euskararik egin. Eta beraz, erabilerari zuzenean baino, euskararen prestigioari eta eskolaz kanpoko lekuari erreparatu beharko diogu. Bestea, etorriko da. Baina uste dut ez dela bidezkoa berdintzea herri euskaldunetan arlotekeriaz erdaraz dabiltzanak, eta periferia erdaldunduan euskararako irabazi dugun jende hori. Benetan, 2014an cool izateko espainolez egitea oso kasposoa da. Edozein hiritan erdaraz diharduen euskaldunak aitortuko dizu hori: erraztasunagatik, euskaraz baliabide nahikorik ez duelako egin ohi du hark erdaraz, baina herri euskaldun batekoak hala egitea kutrea da. Autogorrotoaren ideia hori landu behar dugu noizbait.

Espainolez askoz hobeto moldatzen den jende horri erabileran tematzea, eta euskararen gaitzak horiei leporatzea, ez da bide zuzenena. Esanguratsua da, bertso-eskoletako esperientzia: familia euskaldun zein erdaldunetatik etorri, esperientziak dio (Arabatik zenbat dagoen ikasteko!) euskara hutsezko gozamenezko eremu horretan murgiltzen dena, hiztun oso bihurtzen dela, euskaraz aritzeko berariazko motibaziorik landu gabe ere. Bertsoa lantzean, hitzarekin olgetan, ez dago zertan esan: “egin euskaraz”.

Eskubideez ari bagara, argi esan dezagun: elebiduna libre da nahi duen hizkuntzan erabiltzeko, eta ez gara nor zeinetan mintzatu esateko. Elebakarrak ez du hautatzerik. Areago, elebakarrak ez digu euskaraz bizitzen uzten. Erdaraz bizi den euskaldunak bai, bere lagunartean espainola erabilita ere, lasai asko egin dezakegu euskaraz. Bartzelona inguruko udalerri askotan ez da katalan askorik entzuten, baina katalan hiztunek lasai egiten dute katalanez, eta ez hizkuntzen antzekotasunagatik soilik.

 

AISIALDIA EUSKALDUNDU

Baina bai, euskal herritarrak euskalduntzea nahi badugu, euskara Euskal Herriko hizkuntza nagusi eta normala izatea nahi dugulako da, nola islandiera Islandian edo esloveniera Eslovenian. Txikia baina normalizatua. Kontua da, ezin dugula mundu guztia bertso-eskolara eroan, eta ez dela zertan bertsozale izan, zorionez, euskaldun bizitzeko. Baina bilatu beharko dugu motibazio hori. Eta ondo egindakoen aldean, oso txarto egiten ditugunak ere nabarmendu beharko ditugu: aisialdian txarto gabiltza oso. Konparaziora: ikastolek lortu zuten euskarari eustea, familia abertzaleetan euskaldunek euskaraz ikastea eta abertzale erdaldunen seme-alabak euskalduntzea. Hori gabe ezin ulertu gaurko errealitatea. Baina ikastolak ere badiren Nafarroara begiratuta, aldea agerikoa da: D eredua orokortu eta espainolezko eskolak euskalduntzetik etorri da euskaldunen kopurua emendatzea.

Aisialdira etorrita, oraindik “ikastolen” fasean gaude, euskarazko ekimenak sortzen, baina ez egon dauden ekimenak euskaratzen. Ziur aski beharrezko urratsa izango da, baina euskarazko bizimodua egiteko, euskarazko ekimenak egoteaz gain ezinbesteko da erdarazkoen lekua hartzea. Kiroldegietan euskarazko hiruzpalau ikastaro sortzea eta espainolezko hogei horiei eustea, kultur-etxeetako hitzaldi, tailer, mahai-inguru eta abarrak nagusiki espainolez izatea, ume, gazte zein helduentzat, oztopo objektiboa da euskararentzat. Horietako gehienak gure erakundeetatik, diru publikoz egindako ekimenak dira. Umeen kasuan euskarazkoak izan daitezen egiten dugu ahalegina, tarteka gutxienez, baina helduaroan administrazioa euskalduna izatea baino ez dugu eskatzen. Eta euskarazko ekimenak egitea, gehien jota, baina ez ekimenak euskaraz izatea.

 

ETXEKO ERABILERA ETA TELEBISTA

Aisialdia esan eta etxetik kanpokoa datorkigu burura. Eta datuek diote, etxeko euskararen erabilerak egin duela behera. Bi datu: eguneko lau orduz ikusten da telebista EH mendebaldeko erkidegoan. Hitz egin nuen horretaz beste post honetan. Egunotan Xabier Landabidearen tesi ezin interesgarriagoaren berri ere badugu, telebista ohiturei buruz (hemen Euskadi Irratiko elkarrizketa). Argi diosku zer ikusten duten gazteek, zeinen beharrezko den sozializaziorako, zelan ezagutu behar dituzten telesaio batzuk koadrilan egoteko eta abar. Eta horiek guztiak, ia denak espainolez egiten dira. Ez erdaraz soilik, baita euskara ordezkatzen duen erdaraz ere. Arnasgunean zein periferian, euskararen supazter horretan ere, lau ordu egunean telebista aurrean. Kendu loa, kendu lan/ikas-orduak, bidean emandako ordua, otorduetako denbora, eta geratzen den ia denbora guztia da. Zati handi bat bai, behintzat. Telebistari emanak. Espainolezko telebistari emanak ia osoki. Eskolan euskalduntzen duguna, etxean lau orduko kolonizazio espainol etengabean hondatzen dugu.

LTDak kanalez bete zizkigun telebista-aparailuak. Euskara gure telebistan % 30 izatetik, 7-8 kanaletatik bat izatera igaro zen, eta LTDak dozenaka kanal erdaldunen artean euskarazko kanal ertain-handi bat eta bizpahiru txiki utzi dizkigu. Mundu osoan arrakasta duten fikziozko telesailak ezin ditugu herri normaletan legez ikusi, baina ez zaizkigu ezezagun horratik: espainierari esker, munduarekin lotuta gaude. Mundua euskaratzeko apustua egin ezean, Jon Sarasuak esan bezala, botilak zuloa izango du, erdi bete zein erdi hutsik ikusi. LTDk ekarri dituen kanal ugariak, telezaborretik kanal espezializatuetara, MTVtik Discovery Channelera, halaxe ikusten dituzten Europako herri ertain-txiki guztietan: Greziatik Norvegiara, ingelesez emititu eta azpidatzita jasotzen dituzte. Guk, espainolera bikoiztuta. Azpidatzien beharraz nahikoa idatzi genuen hemen, gura izanez gero sakontzeko.

Post horretan azpidatzien argudioa indartzeko, euskaldunen errealitate berria ere aipatzen dugu. Etxeko erabileran dagoen puntu biko erabilera ulertzeko giltzarrietako bat etxe mistoetan aurki dezakegulakoan nago, EHUko NorTaldekoen grafikoak lagunduta. 1991tik 2006ra doa (aldiz, Mapa Soziolinguistikoa 2011raino). Zer dioskute datu horiek:

1991n euskaldunen % 63, edo 323 mila lagun beste euskaldun batzuekin bizi ziren, eta % 37 erdaldunekin batera (188 mila). 2006rako, % 40 baizik ez dira etxean euskaldunak baizik ez dituztenak, eta hamar euskaldunetatik sei erdaldunekin batera bizi da. Normalizaziorako ezinbesteko egoera, arriskua eta erronka dakartzan errealitatea da. Datu absolutuetara jotzen badugu, 304 mila euskaldun bizi dira etxe mistoetan, erdaldunekin batera. Aldiz, erdaldunekin bizi ez direnak -etxeko denak euskaldunak direnak- 306 mila dira. Hau da, % 5,26 inguruko jaitsiera (2006ra, gogoan hartu). Biztanleriaren igoera aintzat hartuz gero, etxeko erabileraren jaitsiera berez legokiokeena baino txikiagoa dela esango nuke.

Ondorioa: euskaldunak, ahal duenean, euskaraz egiten du. Baldintza berdinetan, euskararen alde egiten du. Etxe mistoetan, eskuarki, guraso erdaldunak eta ume euskaldunak daudenean, baita gurasoetako bat euskalduna denean ere -aita denean batez ere- espainiera da jaun eta jabe, zelan komunikatuko dira, bada, osterantzean?

Etxeetan, telebista ikustea da gehien egiten den ariketa. Lau ordu, espainolaren uretan txipli-txapla, garai bateko supazterraren lekuan. Esan genuen: “ezin dugu bizilagun guztiak euskaldunak dituzten etxe horietarako soilik telebista egiten jarraitu. Hobeto esanda, ziur aski horri eutsi beharko zaio, baina pentsatu beharko dugu euskarak irabazi dituen hiztun berri horiek, gaur egun EAEko euskaldunen % 60 diren horiek, zelan mantenduko dituen telebistak euskaldun. Etxe mistoetako euskaldun horien tipologia erraz asmatu baitaiteke: gazteak, guraso erdaldunak, espainolez askoz hobeto moldatzen dira, eta euskara eskolarako dute nagusiki (edo soilik). Ez dute arazorik euskarazko film edo telesaio bat ikusteko, baina ohitura eta pizgarririk ere ez: gurasoek telebista espainolez ikusi dute beti, etxeko hizkuntza espainola da, eta ez dago bien arteko zubi-lana egiteko modurik oraingoz”.

Azpidatziak espainolez, azpidatziak euskaraz eta azpidatzi bikoitzen aukera aipatzen genuen orduko hartan. Euskarazkoa indartzea, eta espainolezkoa zelan mugatu ere aztertu behar da. Frantziak ingelesaren eragina mugatu behar duela uste badu, zelan ez dugu euskararentzako gutxieneko babes-neurririk hartuko?

Euskaldunak, (gutxienez) elebiduna izan arren, euskararen alde egin ohi du aukera daukanean. Gaur, gehiegitan, ez du horrelako aukerarik. Euskarazko aisialdia bai, antolatzen da, baina aisialdia, adjektibo barik, erdaraz da. Telebistak, zinemak, ikusentzunezkoek oro har geroz eta leku handiagoa daukate gure bizitzan, Europa eleanitza etorkizun baino errealitatea da, hainbat hizkuntza nahasten dira gure kultur-kontsumoan, aisialdian; baina Espainiara – eta Hego Euskal Herrira berdin – espainolaren galbahetik datoz. Eta ia inor ez da horretaz arduratzen ari. Egiten ditugu euskarazko eskakizunak lanpostuetan, batzuek besteek baino gehiago, arduradun instituzionalek geroz eta euskara gehiago darabilte -batzuek besteek baino gehiago, berriz ere-, baina zoaz edozein herritako kultur agendetara, euskaldunena eta independentistena izan arren, eta hilero hilero izango dituzu dozena erdi nazioarteko ekitaldi, beti bezala espainolaren bidetik aurkeztuta. Estatuaren esku hartzerik gabe, geure erakundeetatik antolatzen ditugu ekitaldiak, sustatzen dugu espainola, eta itxuraz, ez da inorentzat kontraesana espainolaren makuluarekin ibili beharra. Euskaraz dugu euskaldunon kultur ekoizpena, eta munduko gainontzeko ia guztia espainolez. Espainolez Vila-Matas eta espainolez Kureishi edo Berger edo Pamuk edo Müller. Euskara etxerako eta mundua espainolez. Eta egunero 234 minutu zure, nire eta haren etxean telebista piztuta. Denak euskaldunak diren etxeetan, ehuneko 7-10 ei da euskarazko telebistaren jarraipena. Etxe mistoetan, egin kontu. Goizean ikasitakoa, arrastian hondatu.

Eta guretik egiten dugunean ere, espainola sustatzen dugu eta euskaldunak baztertzen udalerri independentistetan. Hurrengo post-erako, gure miseriatxoak.

Blogean originala

Mapa Soziolinguistikoa – Mapa Soziolinguistikoa – Mapa Soziolinguistikoa – Mapa Soziolinguistikoa – Mapa Soziolinguistikoa

23 pentsamendu “Mapa Soziolinguistikoa > Irakurketa moduko bat V. Mapa Soziolinguistikoaz”-ri buruz

  • Bittor Hidalgo
    Bittor Hidalgo - Donostia 2014-04-10 08:54

    Eskerrik asko berriro ere horren gogoeta interesgarriak partekatzeagatik.

  • Mikel Irizar 2014-04-10 09:50

    Azterketa bikaina, Urtzi. Bere horretan sinatzeko modukoa. Mila esker!

  • Hausnarketa zabala eta interesgarria oso. Gauza askotan ados, aisialdiaz edo telebistaz esandakoetan, erabat ados. Baina ñabardura eta ekarpen batzuk egite aldera:

    “Berreuskaldundutako udalerrietan… erdaraz euskaraz baino hobeto dakiten herritar euskaldunak izango dira” diozu.
    Ezagutza falta izango da agian, baina berreuskaldundutako herririk bada inon? Tolosa agian… (antza denez, duela 30/40 urte euskararen erabilera hutsaren hurrengoa zen Tolosarren artean), baina Gipuzkoatik kanpora?
    Bestalde uste dut, gero eta gehiago direla erdaraz euskaraz baino hobeto dakiten euskaldun zaharrak ere, ingurukoen, eta hedabideen eraginez batik bat.
    Munduan non berreskuratu dute galduta zeukaten hizkuntza, hizkuntza hegemoniko berri eta handiaren aurrean? Hau da, zein herritan gertatu da hizkuntza-ordezkapena burututa zeuden eskualdeetan (Arabako Lautada, esaterako), desagertutako hizkuntza hori berriz ere nagusitzea?
    Hizkuntza-ordezkapena Euskal Herriko herririk gehienetan burutu da, eta oraindik euskaldun dirauten herri askotan, ordezkapen zantzuak gero eta ageriagoak dira.
    “Israel ezin azaldu Holokaustoa eta hainbat hizkuntzatako herritarrak estatu berean batu zirela ulertu barik” diozu. Tira, ez dakit ezer askorik horretaz ere, baina oker ez banago, hebraieraren normalizazioa XIX. mendean eta XX. Mendeko lehen hamarkadetan hasi zen indarrez, eta Estatuaren sorreraz gain, erabakigarria izan omen zen Palestinan “nazio-hizkuntza” nagusirik egon ez izana (turkiera omen zen hizkuntza ofiziala), eta XX. Mende hasieratik Palestinara tropelka bertaratutako judutar europarren elkar ulertzeko hizkuntza testu zaharretako hebraiera izana.
    (…)

  • Amonamantangorri 2014-04-10 10:47

    Gipuzkoa-Bizkaiko udalerri gehienetan nolabaiteko segurtasuna badugu 30 urtetik beheitiko pertsona gehienak gutxienez elebidun hartzaileak direla. Horrek asko errazten du kontua: izan ere, batzuk ezin dugu eraman “no te entiendo” erantzunaren ondoren esandakoa errepikatu behar hori. Niri sekulako pereza ematen dit. Alegia, bederen kapaz izan gaitezke, elkarrizketa laburretan izanagatik ere, erdaraz bizi den jendeari euskaraz mintzatzeko.

  • “Erabileran eragiteko, euskararen prestigioari eta eskolaz kanpoko lekuari erreparatu beharko diogu” diozu.
    Gutiz ados. Alferrik da euskaldunei euskaraz egiteko eskatzea, horretarako baldintzak gero eta zailagoak direnean. Ahaztu gabe doa, oso nagusiki erdaraz jarduten duten politikariek ez dutela inongo sinesgarritasunik eskaera hori egiteko garaian.

    “Benetan, 2014an cool izateko espainolez egitea oso kasposoa da…”
    Kasposoa norentzat? Euskaltzaleontzat bai, baina ez jende asko eta askorentzat. Oraindik ere, etxeko euskara egiten duten askori barre egiten zaie ikastola eta D ereduko ikastetxe askotan. Oraindik ere, herri txikietako gazteek euskara “egokitu” (urardotu) egiten dute, herri handietako eta hiriburuetako gazteekin elkartzen direnean. Oraindik ere euskara ez da batere cool, jende askoren artean.

    “Autogorrotoaren ideia hori landu behar dugu noizbait”
    Bai horixe. Eta lehen bai lehen, beranduegi baino lehen.

    “… euskaldunak, ahal duenean, euskaraz egiten du. Baldintza berdinetan, euskararen alde egiten du”
    Bada, uste dut ez dela beti horrela, inondik ere. Hasteko “baldintza berdinetan” jardutea zer den zehaztu beharko litateke, besteak beste oso zaila delako baldintza berdineko testungururik aurkitzea, erabat erdarapean bizi den gizarte honetan.

  • Eta bukatzeko:
    Telebistaren inguruko arazo handia daukagu. Zein da ETB1en ikusleria, %2? Zergatik gertatzen da hori?
    Ez da izango askoz baliabide eta arreta handiagoa ematen zaiola ETB2 erdaldunari?
    Ez da izango, programazioa azken garaiotan txukundu den arren, oraindik ere hutsune handiak ageri dituela? Zergatik ematen dute Apatamonasterioko tango lehiaketa erdarazkoa ETB1en, ETB2-n filme bikainen bat eskaini bitartean? Eta gaztetxoentzat intereseko saiorik apenas eskaintzen duela?
    Horiei gehitzen bazaie erdarazko kate andanaren konpetentzia…

    “arduradun instituzionalek geroz eta euskara gehiago darabilte -batzuek besteek baino gehiago”
    EHBilduko arduradun instituzionalek gero eta gehiago, baina ez nahikoa, eta ez denek ere.
    EAJ-ko arduradun instituzionalek gero eta gehiago… baina oso–oso gutxi eta oso gutxik, oraindik ere.
    PPSOE eta enparauen jokabidea euskararen erabileraren aurkakoa da oraindik, eta egiten duten erabilera, guztiz oportunista eta urria.

    “Estatuaren esku hartzerik gabe, geure erakundeetatik antolatzen ditugu ekitaldiak, sustatzen dugu espainola” Bai jauna. Ez dugu Urquijoren edo Barcinaren beharrik euskara baztertzeko. Nahikoa dira horretarako ordezkari abertzale asko eta asko.

  • Hainbat gauza baikorragoren artean, Patxi Baztarrikak honakoa ere esan zuen herenegungo agerraldian:
    “Duela hogei urte baino gutxiago hitz egiten da euskaraz Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako etxeetan”.
    Esaldia formula daiteke beste modu batean ere:
    “Duela hogei urte baino gehiago hitz egiten da gaztelaniaz Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako etxeetan”.
    Ifrentzua deitzen zaio. Baita galtzerdiari buelta ematea ere.

    Baina Baztarrikak esandakotik abiatuta, beste formulazio bat ere badarabilt nik buruan bueltaka, hirugarren bidea deitzen duten horietakotzat har daitekeena:
    “Duela hogei urte baino gutxiago hitz egiten duzu zernahi hizkuntzetan etxean”. Telebista edo sare sozialak ditugu etxean solaskide nagusi, etxean entzuten den puska handi bat ez da gurasoen eta seme-alaben jarduna. Etxeko zalaparta etxean sartu ditugun apopiloena da. Haien jarduna dibertigarriagoa da, nonbait, etxean bizi garenon artekoa baino.

    Apopiloa (Anjel Lertxundi Esnal. berria)

    • Jon Intxaurraga

      Eguerdi on,

      Lertxundiren artikulua irakurrita duda batzuk sartu zaizkit. Baga: gaztelaina gehiago erabiltzen da edo beste hizkuntzak ere sartu dira jokoan? Izan ere, ez dakit non leitu nuen arabiera gehiago entzuten zela Gasteizen euskara baino (ez dakit exagerazioa hutsa zen ere). Biga: gaztelaina gehiago erabiltzen dela irakurketa onartuta, latinamerika edo Espainatik etorritako jendearen eragina aipagarria bilakaera aztertzeko? Higa: hizkuntz erabilerak neurtzeko orduan, interneteko hizkuntz-ohiturak harten dira kontuan?

      Ondo ibili

  • Iñigo Fernández Ostolaza

    Eskerrik asko hausnarketagatik, Urtzi.

    Pasarte edo ideia bat baizik ez dut komentatuko:

    “Edozein hiritan erdaraz diharduen euskaldunak aitortuko dizu hori: erraztasunagatik, euskaraz baliabide nahikorik ez duelako egin ohi du hark erdaraz, baina herri euskaldun batekoak hala egitea kutrea da. Autogorrotoaren ideia hori landu behar dugu noizbait.”

    Ez dut uste gure artean autogorrotoa desagertu denik, baina errazkeria litzateke horrekin dena azaldu nahi izatea.

    Gazteen artean bereziki, ez dut autogorrotorik batere nabari. Aitzitik, askok eta askok (gehiengoak?) nolabaiteko harrotasunez bizi dute euskalduntasuna. Kontua da, ordea, asko eta askok, euskararen alde egonik, ez dutela asmatzen eguneroko bizitzan euskaraz gozatzen (ez adar jotzeko, ez kolegeoa markatzeko, ez bronka botatzeko, ez ligatzeko…). Eta euskaldun hiztun oso askoei buruz ere ari naiz zoritxarrez.

    Hobe genuke haiei, beren burua gogorrotatzen dutela edo zer den cool esan beharrean, euskaraz aise, gustura eta solte jarduteko euskara nahikoa emango bagenie. Hori bai erronka.

  • Erronka latza, jardun formaletik kanpoko denbora gehiena telebista aurrean eta interneten barna ematen dute/dugularik, hedabide biotako euskarazko eskaintza dagoen bezala dagoelarik.
    Hizkuntza politikaren arduradunek, datuak emateaz gain, aurrerantzean zer egingo duten azaldu behar lukete.
    Telebista, irrati eta interneteko eskaintzaren ardura puxka on bat eurena eta euren alderdikideena ere bada.

  • Urtzi Urrutikoetxea
    Urtzi Urrutikoetxea 2014-04-10 13:15

    Eskerrik asko zuen guztien ekarpenengatik. Banan-banan hasita:

    JJ Agirre: Euskal Herrian ez dago berreuskaldundutako herririk. Tolosa –are gehiago, Durango- eskualde-buru legez erdalduntze prozesuan zeuden herriak ziren, baina euskara ez zegoen desagertuta. Laudion bai, galduta zegoen, kilometro pare batera oso gune euskaldunak izan arren (Orozko, Zeberio, Zollo…). Euskara desagertuta deitzen diot, duela 35 urte euskaldunik ez zuten lekuei, Arabako Lautadan esaterako, belaunaldi zaharrenek ere ez zekiten, aurreko bizpahiru belaunaldietan galdu baitzen. Gehienez ere, mendien beste aldetik (Goierri, Debabarrena) edo Sakanatik etorritako bizilagunen bat izango zuten han bizitzen. Hau da, euskararen basamortua ziren herri haiek, eta gaur 20-30 urtetik beherako denak euskaldunak dira. Urte gutxian erdal elebakarrak belaunaldi zaharrenekoak izango dira (batzuk, euskara ikasitakoak ere izango baitira). Eta hori, zalantzarik gabe, ospatzeko modukoa da.

    Espainola kasposoa egitea diodanean, esan nahi dut frankismoko pelikula bat imajinatzen dudala, herri euskaldunetako kontua, irudi batekin laburbiltzearren, herriko plazan dantzaldian espainolez diharduen nerabe txolina. Susmoa dut herri txiki batetik idazten duzula, eta agian gure perspektibak oso desberdinak dira: zuk uste duzu herri txikikoak bere euskara “urardotzen” duela hirikoarekin berba egiteko, nire inpresioa da “jatorkeria” olatu arriskutsu bat daukagula euskara batuaren aurka, Gasteiz edo Bilboko milaka gazteren euskara bizi hori irrigarri uztera. Besterik ezean ondo dago, baina umezurtz gisa ikusten dira euskalki “jatorrik” gabeko hiztun horiek. Eta zorionez, euskara batu hori natural eta bizi-bizi darabilten eta beste euskalkirik ez dakiten milaka herritar ditugu hiriguneetan. Euskara batutik ahalik eta urrunen dagoen txokokeria denok sustatuz gero, onartu beharko dugu besteen txokoko hizkuntza espainola dela.
    Nerabetako anekdota: tabernako koadrila hala ibili eta hasi naiz neu ere espainolez, ohartu gabe ingurukoak deseroso daudela, batek esan didan arte, “Urtzi, egin euskaraz”. Jabetu dira ez dudala euskarazko erraztasuna espainolarekin. Horri buruz nabil, “baldintza berdinetan” esaten dudanean. Bilboaldean eskolatik irten eta atoan espainolez dabiltzan horietako askok ia oharkabean egiten dute aldaketa. Erraztasuna/errazkeria baino ez da. Eta kontuz, argudio onartezina zaio askori, gure ama gaztetan euskaldundu eta euskaraz egin digu beti, askoz errazago erabiliko lukeen espainolaren ordez, zelan ulertarazi halako ahalegina egin duenari, euskaraz hitz egiteko aparteko arazorik ez duten nerabe horiek espainolez egiten dutela gehienik, hori dutelako errazen? Konpromiso eta militantziaren eremura garamatza, baina era masiboan aplikatzeko bide laburra dauka horrek.

    Iñigo, ados esaten duzunarekin, ñabarduratxo batekin: nik ez diot zer den cool (zer ez den bai), baina espainolarekin lilura izatea norbere hizkuntza baztertzeko,bada zerbaiten seinale. Anekdota bat, amaitzeko, Iñigok dioenaren harira, euskalduntasuna harrotasunez bizi, euskaraz goza ezin dutela-eta. Hortxe dago klabea zalantzarik gabe. Estatu Batuetara joan den lagun batek berriki ziostan: umeek (7-8 urtekoa nagusia, oker ez banago), erraz moldatu dira ingelesezko irakaskuntzara… hain erraz ze, AEBn bizitzen hasi eta hilabete gutxira etxeko mahaian “etxean euskaraz, e!” esan ziela. Elkarrekin ingelesez hitz egiten hasita daude, familia euskalduna eta Ameriketan hil gutxi batzuk eroan arren. Oso erraza da ingelesaren uretan murgiltzea.

    Horren harira, uler dezagun zer gertatzen den herri euskaldun turistikoetan, Zarautzen edo Lekeition. Ligatu du gasteiztarrak edo bilbotarrak, hasi du harremana hango neska edo mutilarekin, etxeko ondare hispanoarekin eta eskolarako baino ez darabilen euskararekin. Eta handik laster, koadrila euskaldun horretan murgilduz gero, ttak ttak gora doa haren euskararen erabilera, haren baliabideak ugaritu egiten dira, eremu informaletara ere egokitzeko. Bertso-eskolekin aipatu dugun fenomenoa da: murgiltzeko aukera emandakoan, euskaraz baldar-baldar patinatzen zuen hark berehala askatzen du pistaren aldameneko oralekua eta lasai asko hasten da erdian jauzi eta jira. Premisa bat behar du: euskaraz jakitea, baldar eta txarto izan arren. Premisa hori betetzen ez denean, eta zarauztarrarekin edo lekeitiarrarekin Madrilgo turistak ligatzen duenean, koadrila osoa erdalduntzen da haren presentzian.

  • Peru Dulantz 2014-04-10 14:59

    Oso azterketa sakona eta zabala, Urtzi. Ados gauza gehienetan, baina ez dut ulertzen zein mekanismoren bidez izango diren onuragarriagoak azpitituluak bikoizketa baino. Azpititulatutako filmek ez dute ia ikuslerik…

  • Urtzi Urrutikoetxea
    Urtzi Urrutikoetxea 2014-04-10 15:32

    Post luzea beharko litzateke, Peru, baina pista pare bat:

    • Herri txiki normalizatuetan egiten duten bidea egiten: kanal tematiko mordo bat dauzkate ingelesez, MTVko txotxolokeriak, autoak txikitzeko edo bestelako kontu friboloak, eta , grezieraz edo norvegieraz azpidatzita. Berdin atzerritik, AEBtik datorren fikzioarekin. Euskara ezingo da normaldu gure beharrizan kulturaletarako, aisialdirako, espainola behar dugun artean.

    • Ikastolez idatzi dudanaren haritik, bikoizketak agian 80ko hamarkadan izan zuen zentzurik, basamortu hartan ikusentzunezkoak sortu behar ziren unean, euskarak edozertarako balio zuela erakutsi guran. Gaur zabaldu beharra daukagu; euskaraz bizi nahi badugu, espainolez egiten (egin behar) ditugun gauza horiek zelan egin euskarazko jakin behar dugu. Bikoizketarekin ezinezko da. Kontua ez da onuragarria den ala ez, euskara normaltzeko bide bakarra dela baizik. Bilatu gure inguruko hizkuntza txiki normalizatuetan (islandiera, esloveniera, estoniera…). Laster saiatuko naiz dena zehatzago azaltzen beste post baten.

  • Peru Dulantz 2014-04-10 16:05

    Tira, ados egon ninteke. Baina euskara hutsez daukagun telebista generalista bakarrean (saio “mutuak” alde batera utzita, eta utziko nituzke, bai, gustura) ez nuke ingelesa eta beste hainbat hizkuntza sartu nahi euskarazko azpititulu ziztrin batzuen Troiako Zaldian igota… Egiten badute, egin dezatela ETB2n edo ETB sat-en. Bestela atzerapausu gisa ikusiko nuke, berriro ere terrenoa galtzen…

    • Urtzi Urrutikoetxea
      Urtzi Urrutikoetxea 2014-04-10 16:40

      Guztiz ados. Esparru berriak lortu behar dira, ez dauden horiek murriztu. ETB1 euskarazko produkzioaren kate izan daiteke. Eta fikziorako edo bestelakoetarako, beste kate batzuk. ETB2 birpentsatu, benetan erdaldunak euskarara ekartzeko kate izan dadin, eta ez espainol hutsezko (euskararik gabeko, euskara galarazitako) katea. Zergatik ez emititu fikzioa ETB2n jatorrizko bertsioan, euskarazko azpidatziekin, eta aukeran espainolezkoak ERE jarrita (etxe mistoetarako)?

      Eta telebista paketeak eskaintzen dituzten plataformei, derrigortu bere eskaintzaren portzentaje bat euskaraz izan dadin, beste herrialde batzuetan egiten dituzten babes-neurrien gisan. Badakit, horretarako eskuduntzarik ez dago. Horretarako estatua behar duzu. Baina estatua daukagunean zer egingo dugun ere zehaztu beharko dugu.

  • Estatua… eta borondate politikoa. Lehenengoa urrun dago oraindik, eta bigarrenetik urri gabiltza…

  • Asier Blas Mendoza

    Zorionak Urtzi, asko gustatu zait artikulua, horrelako azterketa xehetua estimatzen da. Akaso aspektu bat erantsiko nioke: mugikortasuna. Egia da Arabako datuak oso onak direla, baina kontuan izan behar da horien parte bat “euskararen mapatik” bertara bizitzera joandakoek sortu duten errealitatea dela. Horietako asko Eusko Jaurlaritzako funtzionarioak izan dira/ziren, Araban errotu eta hauen seme-alabek mantendu eta zabaldu dute euskara.

    Telebistari dagokionean zerorrek esan duzun bezala atzerriko produkzioa ETB2rako… + eransten dut: azpidatziekin euskaraz eta gaztelaniaz aldi berean eta kito, bide batez ea behingoz behar bezala ikasten dugun inglesa. Mila esker artikuluagatik!

  • Urtzi Urrutikoetxea
    Urtzi Urrutikoetxea 2014-04-11 21:52

    Arrazoi duzu, Asier. Mobilitateak Gasteizen izango du eragina, baina hortik ekialdera Sakanaraino doan Lautadan, eta berdin mendialderantz Araiarantz, bertakoen ekimenez ari da euskalduntzen. Soziologikoki herri erdaldunak baina abertzaleak dira. Horrek hizkuntzaren gaitik irten eta beste auzira garamatza: lurraldetasunaren gaian zein litzatekeen lau lurraldeen egituraketa: lau herrialdeko (kon)federazioa? Historikoki independentismoaren ideia hortik zihoalakoan nago, baina urteotan eraikitako EAEko erakundeak desagertzea ekarriko luke, bere onura eta gabezia guztiekin; besteak beste, mendebaldeko erkidegoko hiriburu Gasteiz izateak euskalduntzean eta Arabako abertzaletzean izang duen rola desagerraraztea, hiriburua Iruñera joateaz bat. Beste aukera, pragmatikoagoa ziur aski, “partizioa” legitimatzetik dator: gaurko errealitatetik abian “supra-erakunde” bat osatzea bi erkidegoak batuko dituena. Ez da independentismoak aldarrikatu izan duena, baina abiapuntu gisa egokiena litzateke. Gero, esperientziak ondo funtzionatuz gero, estatu txikienen eredurantz jo beharko luke (Baltikoan horrela da gutxi gora behera, ez=), botere zentral sendoa eta udalerrien autonomia, erdibideko erakunde indartsurik gabe. Baina hori beste gai bat da.

    Telebista, kioskoak, hedabideak, liburuak… gurean oraindik badago ingelesarekiko errezeloa, baina espainolaren hegemonia apurtzeko klabea da. Interesgarria litzateke horretarako Letonia eta Estoniako panorama mediatiko erreala ezagutzea, zein telebista jasotzen diren etxeetan, zein harreman kultural erreal dagoen Errusiarekin, e.a.

  • Kontuan eduki behar da orain dela 30-40 urte ikastola gehienak sortu zirela, agian eskualde erdaldunetan euskaldun berriak euskaldun zaharrak hezten hasiko dira, horretarako ikastolatik euskara maila egokiarekin irten behar dira ikasleak. Nire ustez, euskara ikasgaian euskaltegiko edukia irakatsi beharko lukete hori lortzeko.

  • Urtzik dio “Susmoa dut herri txiki batetik idazten duzula, eta agian gure perspektibak oso desberdinak dira: zuk uste duzu herri txikikoak bere euskara “urardotzen” duela hirikoarekin berba egiteko, nire inpresioa da “jatorkeria” olatu arriskutsu bat daukagula euskara batuaren aurka, Gasteiz edo Bilboko milaka gazteren euskara bizi hori irrigarri uztera. Besterik ezean ondo dago, baina umezurtz gisa ikusten dira euskalki “jatorrik” gabeko hiztun horiek. Eta zorionez, euskara batu hori natural eta bizi-bizi darabilten eta beste euskalkirik ez dakiten milaka herritar ditugu hiriguneetan. Euskara batutik ahalik eta urrunen dagoen txokokeria denok sustatuz gero, onartu beharko dugu besteen txokoko hizkuntza espainola dela.”
    Hau irakurturik iduri luke euskara batua egiazki euskara eta egiazki batua dela. Galde egiozu espainiera ez dakien Iparraldeko bati zer pentsatzen duen “euskara batua”ri buruz. Ez du ukertzen.
    Eta ez da hiztegi kontua soilik. Batez ere espainierazko esaldien kalkoak egiteko ohiturarengatik da. Aski da Euskadi Irrati

  • Barkatu, nahi gabe joan zait
    Aski da Euskadi Irratia entzutea, eta maiz, azentu “jator” eta guzi, baina zoritxarrez euskara kutsatua, arras kutsatua. Baina, iduriz, Iparraldekoak ez dira kontuan hartzekoak…

  • Ez dut politika hemen sartu nahi baino… norbait konturatu egin da Gipuzkoan %50ra ailegatzen ez ziren 7 herrrietatik 6 historikoki PSOEk gobernatu dituen herriak direla? Pasaia da salbuespen bakarra.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude