Mamadou Dia: “Ezin duzu jakin zenbat ur dagoen itsasoan, haren barrenean galdu arte”

Captura de pantalla 2014-05-27 a la(s) 17.08.23
Orrialdez orrialde milaka istorio daude liburu-denda batean, eta Mamadou Diak beste kontakizun ikaragarri bat ekarri zigun pasa den ostiralean Garoako apalategietara. Askoren kontzientziak harrotu ditu senegaldarrak, ‘3054 Persiguiendo un sueño’ liburuarekin. Badira zortzi urte jada, Senegalgo Frantziako enbaxadara joan, eta behin ez bitan, bidaiatzeko baimena eskatu zuela. Ez  zioten ez baimen, ez esplikaziorik ere eman noski, eta mundua ezagutzeko asmoz Europara eramango zion bidaia lazgarria hasi zuen.

“2006an konturatu nintzen bazirela, itsasoa medio, Kanariar Uharteetara zihoazen 12 metroko ontziak”, dio Mamadou Diak. Berari ordea zorokeria iruditzen zitzaion halako balentria: “Dakarretik irtetzen dira kaiukoak eta 1700 km inguru daude Kanarietaraino”. Senegalen garrantzia handia du arrantzak, itsasotik lortzen baitute jatekoa eta berari esker baita posible bizirautea. “Amak arrantzatik lortutako diruarekin ordaindu zizkidan ikasketak”, aitortzen du Diak. Arrantzaleak dira ofizioz aipatu bidaia abiatzen duten gehienak.

“Ez dut ulertzen nola bereizten
diren pertsona legalak eta ilegalak”


Hasieran erokeria zela uste bazuen ere, bere adineko kide guztiek eman zuten esperantza eta etorkizun bila Europara joateko pausua. Kosta ala kosta. Eta testuinguru horretan Mamadouk eta bere anaiak ez zuten beste erremediorik izan: “Denak joanda, gu han geratuz gero, familiako lotsa izango ginateke”, aitortzen du. “Itsasoratzea erabaki genuen”.


“Itsasoak asko eman dit
baina baita asko kendu ere”


Arrantza ontzi ttikiotan lekutxo bat lortzeko dezente ordaindu behar izaten da, eta Dia anaiek ez zuten sosik. Asko negoziatu ostean, baina, barku hauetako oso bat betetzearen truke, leku bat lortu zuten helmuga segurrik gabeko odisearako. 84 kide irten ziren Dakarretik uharteen bila. “Bagenekien kostan polizia izaten zela zelatan, eta haiek saihesteko, atlantiko barneruntz sartzeko hautua egin genuen”. Polizia ez ikustearen ordainetan 8 egun igaro zituzten itsaso zabalean, urez inguratua. “Ezin duzu jakin zenbat ur dagoen itsasoan, haren barrenean galdu arte. Egun bat eta beste bat, olatuen eta motorraren soinua soilik adituz”. Mamadou Diak ez ditu gauza asko ulertzen: Ez du ulertzen gazte afrikar batek zergatik edan behar duen Atlantiko osoa Europara bidaiatzeko, bisatu bat eskatu beharrean, europarrek egiten duten bezala. Alta, ez du ulertzen nola bereizten diren pertsona legal eta ilegalak. “Europan nahi gaituzte eskulan merkea baikara, eta era berean ilegalak garela diote”, dio Diak.

Txikitako lagun asko itsasoan utzita, azkenean, Kanariar Uharteetara iristea lortu zuen. Hondartza zapaldu orduko, poliziek egin zieten ongi etorria, Guardia Zibilak etaPolizia Nazionalak. Eta gurutze gorriko kide batek ur botila eman zion unean bertan erabaki zuen liburu hau idatzi, eta egoera aldatzeko lanean hastea. Halaxe dabil herriz herri liburua aurkeztu eta hitzaldiak eskaintzen. Biba zu, Mamadou!

Mamadou
Oier Aranzabal

ZuZeuko erredakzioko koordinatzailea. Ekaitza bainuontzi batean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude