Malentxu Sagarzazu, kultura gaelikoaren zaindaria

Malentxu Sagarzazu –

Malentxu Sagarzazu, kultura gaelikoaren zaindaria

Joakin Gironzas adiskide irundarraren bitartez ezagutu nuen Malentxu eta haren ibileren berri ukan nuen. Joakin eta Malentxu senar-emazteak ziren, lehena irakasle erretiratua eta bigarrena, Eskozia urruneko uharte bateko museoan artxibozain eta zaindaria. Hantxe, Eskoziako ipar-mendebaldean, Barruko Hebridak izeneko uhartediko Canna irlan bizi ziren biak, eta bertan egin zuen lan Malentxu Sagarzazu hondarribiarrak. Uharte honek 1656 metro karratu ditu eta sei biztanle bakar-bakarrik. Datu horiek guztiak jakin bezain laster harridura handiak hartu ninduen eta horrela jakinarazi nien senar-emazteei behin Urruñako Trinketeko kanpoko terrazan kafe bana elkarrekin hartu genuelarik. Horrela bien ezpainetatik ukan  izan nuen beraien abenturen berri.

Malentxu Sagarzazu
Saturnino eta Malentxu Sagarzazu aita-alabak Canna uhartean.

Kontatu zidatenez, Malentxuren aita Saturnino Sagarzazu arrantzale hondarribiarrak adiskidetasun handia egin zuen John Lore Campbell folklorista eskoziarrarekin. II. Mundu Gerra baino lehenagoko adiskidetasun beroa izan zen, bizitza osoan iraun zitzaiena. John Lorne Campbell folklorista eta bere emaztea, Margaret Fay Shaw argazkilari eta folklorista estatubatuarra aipatu irlan bizi ziren, bertan 1939. urtetik  erosia zuten etxean. Eta horrela, adiskidetasunak deiturik, 1962ko apirilaren 29an, Saturnino Sagarzazu bere bi alabekin Canna uhartera lagunak bisitatzera joan zen. Malentxuk orduan hamabi urte zituen.

Malentxu Sagarzazu
Malentxu Sagarzazu eta John Lorne Campbell

Urtero, uda aldean, gauza bera egiten jarraitu zuten. Alabek ingelesez ikasi zuten Margaret emaztearekin, eta pittaka-pittaka, Malentxu senar-emazteen lanean laguntzen hasi zen. Senar-emazte hauek sekulako lana egina zuten kultura gaelikoaren alde, liburuak, artikuluak, egunerokoak, argazkiak, transkribatutako doinuak, gutunak eta esku-idatziak, jatorrizko testuak… eta kantu eta kontakizun gaelikoen ahozko bilduma ikaragarri zabala. Hori dena antolatzen eta zabaltzen aritzen ziren Cannako beren etxean. Arestian erran bezala, Malentxu gazte-gaztetik haien lan suharraz zaletu eta antolatze eta zabaltze lanetan laguntzen hasi zitzaien.

Malentxu Sagarzazu
Malentxu Sagarzazu eta Joakin Gironzas senar-emazteak

1981ean, senar-emazteek Canna House-n, hau da, beraien etxean, bildutako guztia National Trust of  Scotland izeneko erakundearen esku utzi zuten. Malentxuk bere lana egiten jarraitu zuen, eta aipatu erakundeak artxibozain ofizialtzat hartu zuen. Hondarribiarrak hirurogei urte inguru eman zituen Cannan kultura gaelikoaren alde lan eginez. Zoriontsua zen bere lana egiten, eta pasioz egindako lanak ospe handia eman zion eskoziarren artean. Lanaz gain, bere izaera atsegina, eskuzabala, langilea eta umila izan ziren bere ospearen giltza. Malentxuk egiten zuena maitasunez eta pasioz egiten zuen, eta eskoziarrek bihotzez eskertu zioten hainbat omenalditan.

Malentxu Sagarzazu
Ikurrina masta erdian jarrita Canna uhartean

Zoritxarrez, minbizi gaizto batek mundu honetatik eraman zuen 2020ko ekainaren 3an, hirurogeita hamar urte zituelarik. Orduz geroztik, Canna Housen euskal ikurrina, masta erdian jarrita daukate hondarribiarraren omenez. Izan dadila testu labur hau  Malentxu Sagarzazuri bihotzez eskaintzen diodan omenezko agurra.

Ez adiorik!

*Azaleko irudia: Canna irla

Malentxu Sagarzazu

Euskaltzalea eta irakasle-ohia