Maiatzean zehar irakurriko dituzun 10 titular

Maiatzean zehar irakurriko dituzun 10 titular –

Itxialdia arintzearen faseak ondo ulertzea etorkizuna asmatzea baino zailagoa denez, guztiontzako maskarak eta testak heldu bitartean, maiatzean zehar irakurriko dituzun hamaika titular aurreratzen dizkizugu hemen, irakurle.

Maiatzean zehar irakurriko dituzun 10 titular

  1. Nekane Murgaren ekimenez, Osakidetza gutun-sorpresak bidaltzen ari da etxeetara. Batzuk testak eta maskarak dituzte barruan, eta beste batzuk… ezer ere ez.
  2. Hemendik aitzina, udaltzain izateko lan eskaintza guztietan, talent-show-etako epaimahaikideek zuzenduko dituzte frogak.
  3. Athleticek eta Errealak uko egin diote gizonezkoen Kopako finala jokatzeari, “zertarako, zaleek jada ospatua dute garaipena!” argudiatu dute Oyarzabal eta Muniainek.
  4. Etxean Goxo elkartea sortu eta  pegatinak banatzen hasi da egunero ordu bete irtetzeari uko egin nahi dion ume talde bat, “txango- telebista+” leloarekin.
  5. Kronometroak eskuan, hemendik aurrera ertzainek bi minutuero emango diete irteera zikloturistei bide gorrietan, Tourreko erlojuz kontrakoetan bezala.
  6. Ospitaleak betetzen hasi dira berriro, honakoan min hartutako korrikalariez. “Kirola aukera bat da -gogorarazi dute medikuek-, eta ez derrigorrezko jarduera”.
  7. Herrietako elkartasun sareak nola, Barne Sailak salatari sarea antolatu nahi du oraingoan. “Diru asko aurreztuko dugu bideozaintzarako kameratan”, esan du ertzainen buruak.
  8. 14 urtetik gorakoen legez kanpoko ‘rave’-ak antzeman dira Euskal Herriko soto eta garajeetan. “Lurrazpian kriston martxa dabil!” onartu dute nerabeek.
  9. Elizak bete (%30ean bada ere) eta festetako erromeriatan elkarrengandik bi metrotara dantzatu beharko dela-eta, pozik agertu da Munilla, “aspaldiko garaietan legez, aizue!”.
  10. Diskoak erosten dituen balkoietako DJ bat aurkitu omen dute; bihar 20.00etan berarentzako izango dira leihoetako txaloak.
  11. Uda hurbil dela-eta, herritar asko hasi da balkoiak munduko toki ikonikoetako irudiekin margotzen, “oporretako argazkietarako, badakizue”.

Maiatzean zehar irakurriko dituzun 10 titular

Kristalezko bolari begira igarotzen ditut goizak eta arratsak. Eta gauez ezin dut lorik egin.