Maiatzak 28: Garbiñe Ubedaren “Mila ezker”

Mila ezker. Garbiñe Ubeda. Susa 2009
Mila ezker. Garbiñe Ubeda. Susa 2009

Susa literatura argitaletxeak Garbiñe Ubedaren MILA EZKER saiakeraren aurkezpen ekitaldira gonbidatzen zaitu, maiatzak 28an, ostegunarekin, goizeko 11:00etan, Donostiako Udal Liburutegiko sotoan (San Jeronimo kalea).

Ezkerra baldin bazara, zeu protagonistatzat zaituen liburua aurkitu duzu. Eta ezkertia ez bazara ulertuko duzu, gehiengoa eskuina den jendartean eragozpen ugarirekin topo egiten dutela ezkerrek: eskolan, sukaldean, ehizan eta arrantzan, guraizeekin, musika tresnekin, ordenagailuaren xaguarekin, argazkiak egitean, erlojuaren orratzak mugitzeko orduan…

MILA EZKER saiakeraren asmoa ez da, ordea, auto-laguntzazko liburu bat eskaintzea, are gutxiago kontu-hartze zerrenda bat osatzea; baizik eta ezkerra izateari buruz jardutea. Helburu apal horrekin arakatu ditu Garbiñe Ubedak artea, musika, literatura, kirola, logika, matematika, fisika, kimika, genetika, neurologia edo psikiatria gaiak.

Garbiñe Ubeda 1967an jaio zen Tolosan, eta gaur egun Hendaian bizi da. Ilustratzailea, diseinatzailea eta kazetaria da lanbidez.
(Idazlearekin harremanetan jartzeko.)