Maialen Lujanbiok Atez Ateko bilketa sistemaren alde egindako manifestua

MTY3OQ==


Eskuak zenbat lezakeen?

Keinu bat… mugimendu txiki bat baino ez badu …? Eskuak ohitura bere egina du, bere keinua, betikoa eta betikotua. *Ohitura* barruan gogortu zaio. Kosta egiten da aldatzea. Beldurra ematen du aldaketak. Ohitura segurtasuna da eta heldulekua. Baina eskuak mudatu dezake keinua, ahalegin txiki bat baino ez da beretzat. Dena batean pilatzen zuena berezi dezake hainbatetan. Eta gunean-egunean atarian utzi. Berritasunaren ikara, berritasunaren indarra bihurtu dezake eskuak.  Ausartu egin behar du, froga egin; moldatu, hobetzeko.

Eskuak zenbat lezakeen eskuratu?

Eskukadaka. Erosi eta erosi eta erosi ahala poltsa barrenetara. Baina orain ez da gehiago plastikozko poltsarik. Eta eskua errez ohitu da adibidez horretara. Ez baita berria. Amek eta amonek aspaldi irakatsia zutelako kapazuarekin enkargutara joaten. Batzuetan, aurrekoek baitituzte geroko arazoen irtenbideak. Irtenbide xumeak, garbiak, logikoak. Batzuetan aurrera egiteko aurrekoei begiratu behar zaie.

Eskuak zenbat lezakeen ezkutatu?

Nahigo badu ez ikusi. Zikina bazaio hondakina, lotsatzekoa. Pilatzen badu dena batean eta lehenbailehen nahi badu kendu, bota, urrundu dezatela beragandik, ezkutatu dezatela nonbait. Berea ez balitz bezala, nahigo du ez jakin, zer den, zenbat den, zer eragiten duen…

Baina, eskuak zenbat lezakeen esku-hartu?

Zer behar du?* Ausartu eta ardura hartu*. Begiratzen badio aurrez-aurre bere bizimoduaren aurpegi ezkutuari, itzalekoari, kondarrari. Eta hartzen badu berearen ardura, bere hondakinena. Eta hondakin horiekin ohartzen bada lehen janari zena, lehenago enbase zela, enbase haiek garraio, garraio haiek petroleo… eta etxeko hondakin apurrak mundu logika oso bat azaleratzen dio. Eta bere esku hartzeaz galdetu. Eta orduan hondakina ongarri zaio. Bere koherentziaren ongarri.

Eskuek zenbat lezaketen eskutik?

Badezakete…? Zabartzen badu eta zabortzen dena *zatiketa politikoak*… baita hondakinak ere. Eta bai, hondakinena ere politika izaki. Baina ez da, ez luke behar, alderdien politika. Bestelako politika baizik, politika ondo ulertua. Alderdien zatiketaren, interesen eta negozioen gainetik, bizimodua hobeto antolatzeko den politika; politika orok beharko lukeen bezalako politika. Gure herria eta lurra, gaurkoen eta ondorengoen osasuna zainduko duen politika.

Eskuak zenbat lezakeen eskubidez?

Europako eta bertako araudiek ere eskatzen badiote zaindu dezala, bereiz dezala, birzikla dezala… Onartu badute gaikako bilketaren onura… Eta auzoko herriek erakutsi badiote bide bat, berria, interesgarria, bizigarria eta elkarlanean egiten dena. Etxea den bere eskumen txikian, ardura hartu du esku batek. Aldatu du ohitura. Berritu du keinua. Abian da. Eta esku batetik, eskualdera, eskualdetik Euskal Herrira…

Eskuak zenbat dezakeen! Eskuz esku! Atez ate.

Irudia | Maialen Lujanbioren adierazpena | Ezezaguna | LGPL

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

2 pentsamendu “Maialen Lujanbiok Atez Ateko bilketa sistemaren alde egindako manifestua”-ri buruz

  • Oso polita. Lastima akatsak! Euskal Herriko txapelduna delako edo, inor ez al da ausartu LEZAKEEN eta DEZAKEEN idatzi behar dela esatera?

    Bide batez, ea ZUZEUn bertan ere IMPRIMATU horretako lehen M handi hori noiz bihurtzen duzuen N.

  • Eskerrik asko, Gorri. Maialenenak zuzenduta eta gure “imprimatu” alu hori ere konponduta. Milioi bat bider begiratuta ere ez genuen ikusiko zeuk esan ez bazenigu. Ikaragarri zer dezakeen begiak bere baitan inprimatu, ez lezake batek sinestu.