Madrilerako bidean, berriro ere

Madrilerako bidean, berriro ere

Ekainaren 26an Espainiako hauteskundeak izango dira berriro, eta dagoeneko kanpainan sartuak gara, iragan ostiraletik; baita Hego Euskal Herrian ere. Gurea jokaleku berezia izan da duela gutxira arte, PP eta PSOEren arteko borroka alde batera utzi eta alderdi abertzaleak izaten baikenituen nagusi. Lehen aipatutako bi alderdi espainiarren lehiara Ciudadanos eta, bereziki, Podemos gehitu diren arte.

2015eko abenduaren 20ko bozetan, eta aurreikuspen guztiak apurtuta, Podemos izan zen alderdirik bozkatuena EAEn, eta Hego Euskal Herritik Madrilera diputatu gehien bidali zituena. Eusko Jaurlaritzak eta CISek egindako aurreikuspen banatan iragartzen denaren arabera, horrela izango da oraingo honetan ere.

.

Madrilen aulkia izango ei duten 23 euskal herritarrak

Eusko Jaurlaritzak egin duen inkestaren arabera, Unidos Podemos EAEko hiru herrialdeetan izango da alderdi bozkatuena, eta guztira zazpi parlamentari bidaliko ditu Madrilera, bost EAJk, eta bina EH Bilduk, PSEk eta PPk.

Lakuaren iragarpenekin alderatuta, CISek bere aldetik, Bizkaian hirugarren parlamentari bat ematen dio EAJri, PSEko bakarraren kaltetan; eta bigarren bat EH Bilduri Gipuzkoan, bakarrarekin geldituko litzatekeen EAJren kaltetan. Arabako emaitzei dagokionez, bat datoz CIS eta Eusko Jaurlaritza.

Nafarroak, eta CISen aurreikuspenen arabera, azken hauteskundeetako emaitzak errepikatu eta bisaia berdinak izango ditu ordezkari Madrilen.

.

ARABATIK

  • Juan Antonio López de Uralde (Unidos Podemos) 1963an Donostian jaioa, Equoko kide eta ekologiaren aldeko ekintzaile ezaguna da; 10 urtez Greenpeace Españako zuzendaria izan da. 2010ean “El planeta de los estúpidos, propuestas para salir del estercolero” liburua plazaratu zuen.
  • Fernando Iglesias (Unidos Podemos) 1970ean Valladolid-en jaioa, Zientzia Politikoak ikasi zituen EHUn, eta kultur kudeatzaile legez lan egin izan du, besteak beste Gasteizko Gauekoak programan. Arabar hiriburuan Podemoseko burua da egun -aurreko hauteskundeetan Gipuzkoatik aurkeztu zen-.
  • Alfonso Alonso (PP) 1967an Gasteizen jaioa, Filologia Erromaniko eta zuzenbide ikasketak burutu eta abokatu lanak egin ditu. Gasteizko alkate izan zen 1999tik 2007ra eta EAEko Alderdi Popularreko lehendakari izateaz gain Espainiako Osasun ministroa da egun.
  • Mikel Legarda (EAJ) 1956an Indautxun jaioa, Bilbon, Gasteizen bizi da orain dela hiru hamarkada. Jurista ezaguna, profil teknikoa du eta ibilbide luze eta zabala egin du euskal administrazioaren baitan. Bi semeren aita da.

.

BIZKAIATIK

  • Eduardo Maura (Unidos Podemos) 1981ean Valladoliden jaioa, soziologia ikasketak ditu eta filosofian doktorea da. Eskolak eman izan ditu Madrilgo Unibertsitate Konplutensean, eta Podemos alderdiko arlo kulturalaren ardura du. J. J. Rousseau eta Walter Benjamin editatu ditu.
  • Maria Rosa Martínez (Unidos Podemos) 1975ean Leonen jaioa, Equo alderdiko bozeramailea da 2014a geroztik. Zientzia Politikoak ikasi eta Aranzadi elkartean egin du lan, besteak beste memoria historikoaren gaineko hezkuntza proiektuetan. Ekologista eta feminista da. Bi haurren ama da.
  • José David Carracedo (Unidos Podemos) Bilbon bizi den soziologoa CEPS Fundazioan lan egindakoa da, eta EHUko graduondo bat koordinatzen du egun. Mugimendu sozialetatik dator eta Diagonal egunkariko editore taldeko kidea da.
  • Aitor Esteban (EAJ) 1962an Bilbon jaioa, Deustuko Unibertsitatean Zuzenbide Doktore egin zen eta bertako irakasle izana da. Madrilgo Diputatuen Kongresuko Euzko Abertzaleak taldeko kidea da 2004a geroztik, eta bozeramailea 2012an Erkoreka ordezkatu zuenetik.
  • Pedro Azpiazu (EAJ) 1957an Deustun jaioa, Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziatu zen EHUn eta Herrialde eta Hiri Ekonomian espezializatu. Madrilgo Euzko Abertzaleak taldeko ekonomialaria da, eta 2000. urtetik diputatua Espainiako Kongresuan. Athletic zale amorratua ei da.
  • Pilar Ardanza (EAJ) 1957an Elorrion jaioa, zuzenbide ikasketak burutu zituen Deustuko Unibertsitatean. Durangoko alkate (1989-2003) eta Hirigintza eta Garraio Foru Diputatu (2003-2009) izana da, besteak beste.
  • Oskar Matute (EH Bildu) 1972an Bilbon jaioa, Enpresa Zientzia ikasketak burutu zituen eta Eusko Legebiltzarreko kidea izan da bi legegintzalditan. Lokarriko kide eta Alternatiba alderdiko bozeramailea da -Onintza Enbeita ordezkatuko du Madrilen-.  
  • Leopoldo Barreda (PP) 1960an Bilbon jaioa, abokatua da. Zazpi legegintzaldiz izan da Gasteizko Parlamentuan PPko ordezkari; 1996an Jaime Mayor Oreja ordezkatu zuenetik taldeko bozeramailea da. PPko Bizkaiko lehendakari ere izana da, 1987 eta 1995a bitartean.

.

GIPUZKOATIK

  • Marian Beitialarrangoitia (EH Bildu) 1968an Legazpin jaioa, oso gazte zela hasi zen euskal komunikabideetan lanean, ingeniari ikasketak egiteko asmoa zuen arren. Egun Hernanin bizi da eta bertako alkate hautatu zuten 2007an. Legebiltzarkidea da Gasteizen.
  • Iñaki Ostolaza (EH Bildu) 1968an Zumaian jaioa, Industri Ingeniaritza Teknikoa ikasi zuen. Bere herriko Udal Gobernuko kidea izan da joan den legealdian, eta 2013tik Eusko Alkartasuna alderdiko koordinatzaile nagusia da Gipuzkoan.
  • Nagua Alba (Unidos Podemos) 1990ean Donostian jaioa, psikologia ikasketak egin zituen EHUn eta master bat hezkuntzaren psikologian. Gizartetik baztertze arriskuan diren taldeekin egin izan du lan beti, umeekin bereziki.
  • María Isabel Salud (Unidos Podemos) Katalunian jaioa, kasik hiru hamarkada daramatza Euskal Herrian. Enpresa Zientzia ikasketak bukatu gabe utzi zituen politikan aritzeko. 2002tik Ezker Anitza alderdiko burua da Gipuzkoan.
  • Joseba Andoni Agirretxea (EAJ) 1966an Ondarroan jaioa, badira 25 urte Donostian bizi dela. Euskal Filologia ikasi zuen Deustun eta ibilbide luzea egin zuen komunikazio munduan, ETBn. Egun diputatua da Madrilen. Bi alabaren aita da.
  • Odon Elorza (PSOE) 1955ean Donostian jaioa, bertako alkate izan zen hogei urte luzez, 1991tik 2011ra. Aurretik Eusko Legebiltzarreko kidea izan zen, eta ondoren Madrilen diputatu, Espainiako Kongresuan.

.

NAFARROATIK

  • Iñigo Alli (UPN-PP) 1973an Iruñean jaioa, Biologia ikasketak egin zituen. Nafarroako Unibertsitatean irakasle izana da, baita enpresa handietako aholkulari eta Nafarroako Kutxako Civicaneko zuzendari ere.
  • Carlos Salvador (UPN-PP) 1966an Iruñean jaioa, zuzenbide ikasketak egin zituen Nafarroako Unibertsitatean eta abokatua da egun. UPNko kidea eta Madrilgo Kongresuan diputatua da. Lau seme-alaben aita da.
  • Ione Belarra (Unidos Podemos) 1987an Iruñean jaioa, Psikologia ikasketak burutu eta hezkuntzan egin du lan. Mugimendu sozialetako kide, bereziki etorkinen alde egin izan du; migrazioari buruzko doktore tesia egiten dabil.
  • Eduardo Santos (Unidos Podemos) 1974an jaioa, Zuzenbide Penala irakasten du UPNAn, eta giza eskubideen eta presoen aldeko lanean nabarmendu da. Besteak beste, bitartekari lanak egin ditu ETAko kide ohien eta biktimen arteko hurbiltze prozesuan. Nafarroako parlamentaria da egun.
  • Jesús María Fernández (PSOE) 1957an Iruñean jaioa, lanbidez medikua da eta eskarmentua du kudeaketan, erantzukizunak izan baititu bai Nafarroako Gobernuan bai Eusko Jaurlaritzan; azken honetan osasun sailburuordea izan zen 2009-2012 artean.

.

* CISen aurreikuspenenak hartu ditugu oinarri, Nafarroako datuak ere ematen dituenez, Hego Euskal Herri osoa kontutan hartzeko.

Eusko Jaurlaritzak egindako inkestari jarraituz gero, EAJko Pilar Ardanzaren partez Patxi López (PSE) izango litzateke parlamentari, Bizkaian; eta EH Bilduko Iñaki Ostolaza beharrean Iñigo Barandiaran (EAJ), Gipuzkoan:

.Patxi-LÓPEZ-PSOE

Patxi López (PSOE) 1959an Portugaleten jaioa, 1987an izendatu zuten lehen aldiz diputatu eta Eusko Legebiltzarrean aulkia izan du 1991etik hona, etenik gabe. PSEko idazkari nagusia izan zen, Eusko Jaurlaritzako 6. Lehendakaria eta Espainiako Kongresuko presidentea, sei hilabetez.

Iñigo-BARANDIARAN-EAJ

.

.

Iñigo Barandiaran (EAJ) 1959an Donostian jaioa, EAJko kidea da 1977tik eta era guztietako karguak izan ditu organigrama jeltzalean. Kutxako kontseilaria izana da. Bi alabaren aita da eta familia ei du bere bizitzako ardatz nagusia. “Alde Zaharreko donostiarra” dela dio.

.

.

Asmatuko ote dute inkestek oraingoan?

Madrilerako bidean, berriro ere / Madrilerako bidean, berriro ere / Madrilerako bidean, berriro ere