Madrilen presoen aldeko manifestazioa egitearen alde eta kontra

Madrilen presoen aldeko manifestazioa egitearen alde eta kontra –

ALDE

Arrazoi du Joseba Azkarragak. M.Rajoy-ren gobernua oso eroso dago bere legedia hausten. Eta erronka deserosotasunera eramatean datza orain. Beste hitz batzuk erabiliz, garestiagoa behar zaio egin ezer ez egitea presoak hurbiltzea baino. Urmaelaren azal laino, bare eta geldoa apurtuko duen harria botatzea beharrezkoa da.

Urteroko Bilboko manifestazio jendetsua amortizatuta dago. Jadanik EiTBk, Garak, Berriak eta Deiak baino ez diote merezi duen garrantzia aitortzen. Ebro ibaitik beherako iritzi publikoan ez du inolako eraginik.  Nahiz eta 100.000 pertsona mobilizatu, nahiz eta, inoizko atxikimendu anitzena lortu, antzua bihurtu da dispertsioaren aurkako urtarrileko zita.  Senideei elkartasuna adieraztetik harago, ahalegin alferra. Honetxegatik da beharrezkoa Parisera bezalaxe, Madrilera ere presoen gaia eramatea.

Zalantzarik ez dago Madrilen manifestaldi bat eginen bada, atxikimenduak topatu behar direla aurretik. Jakina da EAJren, Podemos (Euskadi)-ren eta espainiar progresiaren atxikimendua beharrezkoa dela, Espainiako hiriburuko kaleetan zehar presoen aldarria haizatzeko. Baina argi izan Sare-k ez duela jauzi egingo urik gabeko igerilekuan, ondo dabil lantzen ekimena isilpeko bilera eta sukalde lan askorekin.

Hautsak harrotuko dituela? Aurkako asko altxako direla suminduta? Noski. Baina, badira aurrekariak. Kataluniarrek erabakitze eskubidearen aldeko manifestazio jendetsua egitea lortu zuten Madrilgo kaleetan. Eta, arrangurak arrangura, ez zen inor hil. Parisek dagoeneko fitxa mugitu du presoak gerturatuko dituela esanaz, EAJ eta PSE-EEren arteko legegintzaldiko akordioan presoen gaia Kongresura eramateko adostasuna agertzen da, testuinguru berri bat zabaltzera doa, eta testuinguru berrira doitu behar gara.

Madrilgo manifestazioa izan dadila bidea gaiaz berriro hitz egin eta hedabideen (espainiar zein nazioartekoen) agendan sartu dadin. Zuretzako eta niretzako garrantzitsua bada ere, ez ahaztu familia askorentzat hil ala bizikoa dela auzia. Ezin dugu segi inertzia antzuen menpe ibiltzen, naufragioa nola.

Jakina da ur geldo hilei ustel usaina dariela.


Madrilen presoen aldeko manifestazioa egitearen alde eta kontra

KONTRA

Muturra okertu, kopeta zimurtu, begi niniak ohi baino gehiago zabaldu… Sare-k udazkenean manifestazioa Madrilen antolatzeko asmoaren iragarpenak harridura sortu du. Ezinegona, zuhurtzia eta are, ausarkeria zoro itxura hartu diote askok. Egin izan dira Madrilen euskal auziarekin zerikusia duten ekitaldiak, Euskal Herrian Lagunak Madrid kolektiboaren eskutik, Beñatek dioen bezala lau kaskagogor maiteei esker. Pentsa, horietako batzuk ez dute begi onez ikusten, irakurri hari hau. Badakite zertaz ari diren, faxisten presioa eta instituzioen oztopoak jasan behar izan dituzte… 2003an Egunkariaren aldeko manifestazioa debekatua izan zen, adibidez.

Aurrekariak utzita, zer emaitza espero daiteke Madrilgo manifestaziotik? Ezer onik ez. Bi faktoregatik.

Parisko gizarte indiferentzia totalaren aldean, Madrilen ezinulertua, gorrotoa eta iraina topatuko dugu. Pentsamendu magikoak albo batera utzita, Espainian aurkitu daitekeen gauza onena ezaxola edo tolerantzia da (lau lagun maiteen konplizitateaz gain). Sentitzen dut, baina Sare-k dioenean konplizitate bila dabilela Madrilen… burura datorkit nola arraio egingo duen hori ez badira gai Euskal Herrian EAJ, Podemos-Ahal Dugu eta PSE manifestaziora hurbiltzeko.

ETAko presoen Giza Eskubideen aldarrikapena txiste makabroa iruditzen zaie espainiar askori. Bortxatzaileen eskubideak goratzea bezalakoa. Jarrera ikusgarriena, publikoena, hori da. Jakina, denborak ondorioak ditu, eta gero eta jende gehiagok baimendu dezake espetxe politikan malgutasuna bat, beti ere, eta hau inportantea da: ez bada zalapartarik sortzen eta ez badute umiliazio gisa sentitzen. Haien kaleetan manifestatzen, adibidez.

Espainiako komunikabideek oihartzuna ematen badiote gaiari, badakigu nora bideratuko den diskurtsoa: probokazioa. Esnatu berri den faxismoak, Pablo Iglesiasek dioen bezala, euskaldunak egurtu nahi izango ditu poliziaren laguntzaz. Ez da metafora bat. Manifestazioari boikot deia egingo diote biktimen elkarteek. Irudikatu, pasillo luze bat “¡Asesinos!” oihuka eta hildakoen argazkiekin. Onenean, epaileren batek martxa debeka dezake.

PPk ez du boto bat galduko presoen gaiagatik, izatekotan irabazi nahiko ditu –Kataluniako ikasgaiak ahaztu zaizkigu?–. Ciudadanos eskuinetik erasoka izanik, ez pentsa otzan eta ixilik agertuko direnik Pablo Casado ahoberoaren lagunak. Garaile eta garaituen diskurtsoa hauspotuko dute, eta presoen eskubideak bermatzeko langa are gehiago altxatu. Gainera, saiatuko dira Podemos egurtzen, Manuela Carmena Madrilgo alkatea higatu eta hiriburua berreskuratzeko, balizko edozein elkartasun keinu erasorako argudio bihurtuz. Kutsatuak garela, kopon! ¡Apestados! Etekin politikoaren gidaliburuan azkarrean dator hau dena. Ez gara aurreikusteko gai?

ETA desagertuta ere, euskal gatazka ez da Espainian gogoetarako gaia, dogma bat baizik. Espainiarren muturren aurrean sekulako manifestazioa antolatzea, Sare-ren borondate ona eta elkarrizketa lanen etekinak ukatu gabe, hanka sartze itzela dela uste dut. Bide eraginkorrena Hego Euskal Herrian: gizartearen presioa Jaurlaritzari –Bilboko manifestazioa–, honek pausoak eska diezazkion Madrili –presoen hurbilketa, espetxe politika eskumena– Mariano Rajoyren egonkortasuna trukean eta EAJren etekin politikoa bermatuz.

Madrilen presoen aldeko manifestazioa egitearen alde eta kontra
Madrilen presoen aldeko manifestazioa egitearen alde eta kontra
Madrilen presoen aldeko manifestazioa egitearen alde eta kontra

Ekaitza bainuontzi batean

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

3 pentsamendu “Madrilen presoen aldeko manifestazioa egitearen alde eta kontra”-ri buruz

  • Zuetako zein dago alde eta zein kontra? Ez naiz aklaratu eta.

    Ni manifestazioa egitearen alde. Jakina da beti berdina eginaz (zenbat urte iada?) beti berdina lortzen dela, eta hemen egindako manifestaldiek ezer lortzen ez dutela ikusita bada garaia arriskatzeko. Arazoa beren muturren aurrean izan dezatela. Eskandalizatuko direla espainolistak? Seguru, eta ederki iruditzen zait gainera. Agenda politikoan sartuko da gaia dudarik gabe, eta sor daitezkeen egoerak inteligentziaz baliatzen badira galtzeko baino irabazteko gehiago dago.

  • Aupa Mikelats!

    Ez dugu sinatzen. Irakurlearen imaginazioaren baitan 😉
    Garrantzitsuena ez da nor dagoen alde eta nor aurka, argudioak berauek baizik.
    Rol jokua da.

    Bsrkd

    Oier

  • ganbaratxotik 2018-01-18 19:05

    Nere ustetan Madrilekoak mereziko du baldin eta soilik baldin (istitutuko matematikako maisuak iltzatuta utzi zidan, barkatu) Bilbora joan ginen guzti-guztiak joanez gero. Manifa erraldoia bada ados, bestela nik kontrakoak ikusten ditut gehiago aldekoak baino, eta hobe da EAJko “tratularien” agendan gaia sartzen saiatzea PPrekin izango dituzten negoziazioeri begira. Ahal bada hankasartzerik (?) gabe, alegia, Batzokiak bakean utzita,hots, kontrakoak egiteko aitzakirik eman gabe.