Maddalen Iriarte: “Euskal Estatuaren liburu zuria egiten hasiak gara”

Maddalen Iriarte: “Euskal Estatuaren liburu zuria egiten hasiak gara”

Maddalen Iriarte independientea zela jakin bagenekien, EiTBn egin duen ibilbideari esker. Orain aldiz egiaztatu dugu independentista ere badela. Elkarrizketatzailea eta elkarrizketatua bereizten dituen marra gurutzatzea uste baino zailagoa egin zaiola aitortu du Garoan sartu eta hizketan hasi garenean. Gelditu gabe dabil, ETB1eko debatetik egunkarietako erredakzioetara, erredakzioetatik beste plazetara, jendea EHBilduren proiektura lotu nahian. Garoa liburu-dendako #BirraBat egitasmora ere etorri da, liburu artera. Jendaurrean jesarri eta hasi dugu solasaldia.

maddalen iriarte

Kazetaritzatik politikara egin duzu salto. Zergatik? Zerk bultzatu zaitu erabaki hori hartzera?

Egun hauetan sarri kontatu izan dut asko kostatu zaidan urratsa izan dela. Oso gauza zaila baita mahaiaren beste aldean jartzea. Niri kazetaritza asko gustatu izan baitzait. Kazetaritza pasioz egiten da gehienetan, beste hainbat lanbide bezala. Eman ditut EiTBn nire ordurik onenak, txarrenak eta gainerako guztiak. Gehiago esango dut, ETB1 izan da anaia-arreba txikia, baztertua eta horrek lehenengo katean lan egin izan dugunoi aparteko esfortzua eskatu izan digu, baliabide urriak orekatzeko, gure aldetik asko jartzea. Egin izan ditudan programen bitartez, beste mundukoak ez badira ere, lortu dut herritarrekin konexio moduko bat. Pausu zaila izan bada ere, iruditzen zait momentu interesgarria bizi dugula Euskal Herrian, herri hau beste norabait eramateko. Bultzada bat emateko. Herri honek, bere erakundeak hautatu aurretik ere piztu baitzuen motorra. Piztu zuen labea. Ikastolak, kooperatibagintza, sindikalgintza eta langile mugimenduak oso garrantzitsuak izan direla herri honetan. Iruditzen zait primera sartzeko ordua dela, primera sartu eta kotxeak berak eskatuko digula segunda sartzeko eta txoferrak esango duela, bada aizue, segunda sartu behar da. Bada garaia martxan jartzekoa, horregatik eman dut urratsa.

“Ez naiz Azpimarra aurkeztera itzuliko, baina,
telebistan badira beste lan batzuk”

 

Iñaki Larrañagak ZuZeun bertan idazten zuen, Kazetaritzatik politikarako bidaia joaneko bidaia dela. Nekez hartu litekeela itzulerako txartelik.

Bada, nik ikusi ditut asko itzulerako bidaia egiten eta ez zait gustatu zuzen-zuzenean itzulerako bidaia hori egin dutenean. Ez dakit beste herrialde batzuetan, gurea bezalako egoera bat bizi izan dutenetan, agian era normalagoan egin daitekeen. Baina egia une honetan pentsatzen dudala ez naizela itzuliko Azpimarra egitera. Azpimarra esaten dut zerbaiti izena jartzeagatik. Baina era berean pentsatzen dut itzuli nintekeela lasai asko negoen lekura, EiTBra, badira eta egin ditzakedan hamaika lan. Produkzio lanak, saio bat egituratzeko lanak, gonbidatuak kudeatzeko lanak, egiten badakizkidanak urte askotan ibili naizelako nire lan taldekoekin elkarlanean. Egin daitezke era bateko edo besteko gidoiak edo antolatu nezake mezaren erretransmisioa. Hori da momentuz pentsatzen dudana. Hala eta guztiz ere, ez dago inolako pertsonarik ideologia ez duenik. Are gehiago ideologia bat edo beste edukita, iruditzen zait, geure lanetan profesionalak izan gaitezkeela. Eta beste gauza bat esango dizut, ni ez nator EHBildu osatzen duten alderdi guztietako postura guztiekin bat, batzurekin oso kritikoa izan naiz…

Ibarretxe bozkatu zenuen…

Ibarretxe bozkatu nuen. Atzo esan nuen eta gainera lasai asko esango dut, era honetako prozesu bat martxan jartzen duenari laguntza eta bultzada emango diodala berriz ere. Eta atzo halaxe esan nion Urkullu lehendakariari ere. Baina, oraingoan baldintza batekin: Ezagutzen dugu zein izan zen Ibarretxeren bidea eta Madrilen nolako erantzuna jaso zuen. Bada, erantzun hori jasotzen dugunerako, EHBildun aurreikusten dugun bezala, izan dezagun hurrengo egunerako bide adostu bat aurrera egiteko.

Orain arteko #BirraBat saioak ez ditugu horren potolo hasi. Goazen kulturaz aritzera. Jakin dezagun zer irakurtzen duen Maddalen Iriartek.

Egia esan behar badizut asko eta arrapaladan irakurri izan dut. Guretzat azken urteotan, Azpimarran eta egin izan ditudan saio askotan, Durangoko Azoka elementu garrantzitsu bat izan da. Kultur ekoizpenaren erakusle oso handi bat izan delako. Guk idazleei egin izan dizkiegun elkarrizketa guztiak euren liburua irakurri ostean egin ditugu. Azaro-abendu alde horretan konpultsiboki irakurri izan dut, elkarrizketok prestatu behar nituelako. Banekielako bihar Katixa Agirre zetorrela eta jakin behar nuelako zer eta nola kontatzen zuen liburuan. Egia da liburu batzuk berriz ere irakurtzeko zirrara sortzen didatela. Horietako bat Katixa Agirreren ‘Atertu arte itxaron’ (Elkar) izan da. Udan berriz irakurri nuena. Aurtengo udan irakurri dudan bestea Mary Bearden ‘SPQR’ izan da. Erromako historia oso era dibulgatiboan kontatzen duena. Nola igaro zen herri txiki izatetik, inperio erraldoia bihurtzera. Naomi Kleinen ‘No Logo’ ere irakurri dut eta bigarren aldiz errepasatu dut baita Joseba Sarrionandiaren “Lapur banden etika eta politika” (Pamiela), lapur banden etikan eta politika murgildu behar nuen honetan.

Oso ondo. Badaukagu irakurgai sorta ederra, gomendatu diguzuna.

Bai. Baina ez da izan udarik errazena hau, erabaki potolo bat hartu baitut eta horretarako mila buelta eman. Egia esan, urduri xamar ibili naiz eta beste udatan baino gutxiago irakurri dut.

“Kultura sustatzeko, BEZa gure
beharretara aldatzeko ahalmena behar dugu”

 

Eta musikaz?

Aurtengo musika banda Mikel Urdangarinek jarri digu. ‘MMXV’ bere abesti ezagunen bilduma entzuten jardun gara. Anari ere asko gustatzen zait. Eta zaharragoak, Mikel Laboa eta Xabier Lete esaterako.

Maddalen Iriarte: "Euskal Estatuaren liburu zuria egiten hasiak gara"

Kulturaz hitz egin ostean, goazen Kulturaz hitz egitera. Kulturaren hiriburutzan baikaude, hamaika eztabaida eta ezadostasun sortu duen kontzeptua. Nola ulertzen du Maddalen Iriartek kultura?

Egia esan Kulturaren definizio bat egitea ez da sekula erraza izan. Dena baita kultura azken batean. Nik nola ulertzen dudan? Ziur aski izan beharko du eremu baten eta bestearen arteko oreka bat topatzea. 2016. urteko hiriburutzaren baitan nik uste gauza eder batzuj egin direla, horrekin batera osatu den Donostiaren ereduarekin aldiz zalantza handi xamarrak dauzkat. Arretaz begiratzekoa da horren inguruan sortu den guztia. Niri beldurra ematen dit gauza handien inguruan sortzen den kultura horrek. Urtebeterako diztira sortu dezakeen kultura horrek. Eman ditzake gauza onak eta interesgarriak, baina, arduratzen nau askotan leku bakanetara, hiriburuetara, mugatzen direla horrelako gauzak. Nik kultura egunero egin beharreko zerbait bezala ulertzen dut. Eta kultura egunero bermatzeko, plazara eraman behar dugu. Herritarrak inplikatu behar ditugu. Kultura sortzen dutenei aukerak eman behar dizkiegula. Sortzeko espazioak eta sormen hori gizarteratzeko lekuak eman behar dizkiegu. Nik uste tresnak falta zaizkigula kultura bultzatzeko, guk ezin baitugu BEZa ikutu, esaterako. Guk erabaki behar genuke zer egin nahi dugun gure kulturarekin, zientziarekin eta gainerako elementuekin.

“Hiru emakumetik batek eraso sexualak
pairatzen ditu, gu gara emakume horiek”

 

Esan izan duzu independentziarako bidea luzea dela. Autoan sartu eta primera sartu behar dugula, baina, nago gasolina falta zaigula.

Izan daiteke. Mila aldiz esan izan dugu ez dakit noiz egingo dugula galdeketa bat, eta gero ez da egin. Gero hitz egiten dugu gehiengoez. Ez dakit zergatik hobesten ditugun gehiengo batzuk eta frontetzat hartzen ditugun besteak. Azken inkesta gehienetan herritarrek hobesten duten alderdien arteko batasuna EHBildu eta EAJren artekoa da. EAJk beste alderdi batzuren integrazioaren alde egin du eta nik oso ontzat joko dut, baina nik dakidana da batzuek ez dutela nahi bide hori egin. Eta gainera zilegi bekie, hau da, egin nahi ez duenak ez du egin nahi. PSE-EEk eta PPk argi utzi dute ez direla gugana etorriko. Horrek ez du esan nahi geuk ezin dezakegula gehiengo demokratiko handi bat osatu. Ez du esan nahi, besteak egon nahi ez dutelako, gehiengo horrek baliorik ez duenik.

Baina Lizarra Garazi akordioan herritarrei esan zitzaien hura zela unea, hura zela ona. Eta ez zen izan. Ibarretxeren garaian, hura zen unea, hura zen ona. Eta ez zen izan. Zilegi ote da esatea orain dela unea, orain ona?

Arrazoi duzu. Ez da erraza sinistea. Lizarra Garaziko prozesua era oso bortitzean amaitu zen, baina, zorionez uste dut etapa hori gainditu dugula eta orain beste momentu batean gaudela. ETAren aldagaia ez daukagu orain. Nik uste urratsak eman behar direla desarmean, urrats handiak eman behar direla herri honen baketzean. Ibarretxerena egin genuen eta atzera itzuli ginen eta iruditzen zait Ibarretxeren plana kutxan sartu genuela lehendakariak ez zuelako izan behar besteko babesa. Batetik, ez zuen izan nahikoa babes momentu hartan legebiltzarrean zegoen ezker abertzalearen aldetik, eta nik uste hori esan egin beharra dagoela, horrelako prozesu bat martxan jartzen denean indar guztiak jarri behar baitira ados ez bazaude ere. Eta beste alde batetik, ez zuen bere alderdiaren babesa izan. Hori dokumentatua dago, EAJ barnean ere baziren berarekin bat ez zetozen korronteak. Gakoa honakoa da: Zer egingo dugu Espainiak ateak itxi eta hurrengo egunean? Egun horretatik aurrera egingo dugun bidea da ilusiora eraman gaitzakeena. Espainiari asko falta zaio Erresuma Batuak duen talante demokratikoa izateko. Margalloren adierazpenak oso adierazgarriak dira, atentatu bat gainditzea espainiaren zatiketa gainditzea baino errazagoa dela esateak agerian uzten du Espainiar Estatuaren maila demokratikoa.

“ETAk aldebakarreko urratsak
ematen segi behar luke”

 

Urkulluri galdetzen zenion “eta hurrengo egunean zer?”, nik galdera bera egingo dizut. Nola gauzatzen da aldebakarreko bidea?

Lehenik eta behin herritarrak zure alde edukita. Aldebakarreko bidea ezin duzu hasi bi jarleku baldin badauzkazu. EHBildun lehenengo ahalegin bat egin dugu Euskal Estatua izango denaren liburu zurirantz. Arnaldo Otegik aditu talde bat bildu du bere baitan eta azterketak egin dituzte hala ekonomiaren ikuspegitik, nola industria politiken ikuspegitik eta ingurugiroaren, zein, fiskalitatearen ikuspuntutik. Estatu bat osatzeko hainbat lerro jorratu dituzte. Abiapuntu bat da eta abiapuntu hori eragileekin partekatzen ari gara eta oso iruzkin interesgarriak jasotzen. Uste dut osatu egin behar dugula. Azkenean Eskozian egin zutena egiteko, begira Estatu bat izateko hau behar dugu. Hauek dira gure tresnak; horrela ordainduko ditugu pentsioak, horrela funtzionatuko du Osakidetzak, horrela hezkuntzak. Hori definitu beharra dago eta horren inguruan bildu behar da herria. Hortik aurrera hasi beharko dugu Legebiltzarrean erabakiak hartzen eta Auzitegi Konstituzionalera eramaten badute, une batean esan beharko dugu Auzitegi Konstituzionala ez dela izango Euskal Herria gehiago baldintzatuko duen auzitegia. Erabakiak hemen hartuko direla.

Arnaldo Otegiren inhabilitazioa izan da azken oztopoa. Nor da ordezko hautagaia?

Ez dago ordezkorik, EHBildu osatzen duten herritarrek erabaki zuten demokratikoki Arnaldo Otegi izango zela lehendakarigaia. Inhabilitatu ostean bigarrena pasa zen lehenengo izatera eta hori ni naiz. Hortik aurrera, eztabaidatu beharko dugu ea Otegi izango den amaierara arte erreferentzia ala berrazterketa bat egin eta herritarrek beste izen bat aukeratuko ote duten Otegiren ordez. Ikusiko dugu debate hori zertan geratzen den. Baina oso argi utzi nahi dut hurrengo lehendakarigaia zein den ere EHBilduko gizon-emakumeek erabakiko dutela demokratikoki. Horrela izan behar du. Askotan galdetu izan didate ea ni ote naizen B plaba. Ez dakit B plana izango ote naizen, C, P, Miren Larrion den, Jasone Agirre den… Nahikoa da legebiltzarreko kide izatea lehendakari izateko, hau da, EHBilduko edozein gizon-emakume izan daiteke lehendakarigai, hautatua bada. Argi dut, ni banaiz lehendakarigai hori, izango dela EHBilduko gizon-emakumeen erabakiaren ondorio bezala.

Maddalen Iriarte: "Euskal Estatuaren liburu zuria egiten hasiak gara"

[Luistxo Fernandezen galdera publikotik] Argitu daiteke hori Irailaren 25a baino lehen?

Ba ez dakit argituko den. EHBildun bada eztabaida bat zabalik. Gerta liteke argitzea eta gerta liteke ez argitzea. Espero dut horretan Auzitegi Konstituzionalak ez eskua sartzea. Bitartean nik uste badagoela ondo prestatutako jendea elkarrizketetara eta eztabaidetara joateko. ETB1ekoan ni izan nintzen, ETB2koan Miren Larrion izango da eta horrela gabiltza txandatzen. Modu ona da EHBilduren puzzle anitza erakusteko.

Ez zaitut moztuko Usabiagak bezala, baina laburxeago ahal baldin bada…

Luzatzen ari naiz, ezta? Baina ni atzo ez nintzen luzatu. 55. segunduan moztu ninduen eta, nik uste, nolabaiteko azkenengo kortesiazko eskaera bat zela eta itxoin zezakeela apur bat.

“Senegaldik datozen haurrek
euskara ikasten dute kurtsoa amaitzerako”

 

Hezkuntzaz hitz egin dezagun. Alderdi denak ados daude A, B eta D ereduen garaia amaitu dela. Zein da EHBilduren proposamena?

Nik uste, pixkanaka, hizkuntza inmersio ereduetara joan behar dugula. Eta badugu Katalunia bezalako herrialdeen adibidea. Batzuk diote kataluniera gazteleraren oso antzekoa dela, baina hizkuntzak hizkuntzak dira eta oso erraz ikasten dira denak, edo oso zail nahi baduzue. Gure seme-alaba batek orain New Yorkera joateko hautua egiten badu, kurtso bukaerarako ziur aski ingeleraz mintzatuko da. Senegaletik datozen haurrek euskaraz ikasten dute kurtsoa amaitzerako eta Markinara joaten diren marokoarrek euskara ikasten dute kurtsoa amaitzerako. Beraz, ez da magia-potagia. Hori da euskaraz egiten zaielako. Eta, tira, badira beste elementu batzuk, Markina oso euskalduna da. Hizkuntza politika batean eskolak asko egin dezake, eskola da ardatzetako bat, baina ezin ditugu ahaztu ez arnasguneak, ez beste hizkuntz politikak. Nik uste pixkanaka joan behar dugula hizkuntza ikastea bermatu duten ereduetarantz.

Zer iruditu zaizu Idoia Mendiak publikatu duen bideoa?

Oso mingarria iruditzen zait. Pare bat bozkaren truke herri honetan zatiketa eta gorrotoa zabaldu duela iruditzen zait. Iruditzen zait alderdi sozialistako kide euskaldun asko haserretu egin direla bideo horrekin. Baina aparatoak eta alderdiak erabaki du pare bat boto, UPyDtik joandako batzuk-edo, erakarri zitzakeela bideoarekin. Atzo berari esan nion. Iruditzen zait lehendakarigai batek ezin dezakeela gorrotoaren eta zatiketaren aldarrikapen bat egin. Euskarara ekarri behar dugula jendea, eta pentsatzen badugu 30 urteren ostean berriz lagundu behar zailea euskaraz ikasi behar duten horiei, bada, ni berriz laguntzeko prest nago. Jendeari esan behar dioguna da etortzeko, hau zoragarria dela eta irakurriko dituztela liburuak, entzun musika eta deskubritu ordura arte ezagutzen ez zuten mundu bat. Oso zabarra iruditzen zait Idoia Mendiaren jarrera.

Uda beltza izan da denontzat. Erakundeetatik zer gehiago egin daiteke gizarte matxista hau eraldatzeko?

EHBildutik aldarrikatzen duguna da feminismoa politikaren erdigunean jartzea. Ez politikak edo planak egitea, ez, gure politikaren erdigunean jartzea. Lehendakaritzatik berdintasunean oinarrituko den politika bat egitea, gaia arlo guztietara eramateko. Uda hontakoa ikaragarria izan da. Askotan esan izan dut duela pare bat urte Nazio Batuen Erakundeak esan zuela Europan bertan 3 emakumetatik batek bere bizitzan zehar sexu eraso bat edo jazarpen bat jasoko zuela. Eta beti egiten dudan ariketa da emakumeak zenbatzea. Bat, bi hiru emakume [Publikoa seinalatuz], bat, bi, hiru emakume… eta orduan, estatistikoki bati tokatzen zaiola. Gu garela. Gu garela egunero soldatetan ezberdintasuna pairatzen dugunak. Gu garela lan baldintzetan ezberdintasunak pairatzen ditugunak. Krisi egoeretan zaintzara bidaltzen edo behartzen gaituztenak, gu garela.

Hurrengo lehendakaria emakumea izango da?

Igual bai. Auskalo…

Busti zaite!

Ez dakit. Esan dizut lehen EHBilduren eztabaida zertan den. Ez dakit Podemosek nolako emaitzak izango dituen, Pili Zabala da hautagaia. Ez dirudi, printzipioz, PSE-EEk irabaziko duenik, ez dut uste Idoia Mendia izango denik. Ikusiko dugu, sorpresa…

Podemosek EHBilduko jende asko konbentzitu zuen Hauteskunde Orokorretan. Irabazi egin zituen Hauteskunde Orokorrak. Kezkatzen zaitu horrek?

Kezkatzen nau. Kezkatzen nau, bozkak jaso behar ditudan kanpaina honetan nabilelako. EHBilduren proiektua garatu ahal izateko bozkak behar ditugulako. Edozein kasutan herritarrek hartzen dituzten erabakiak ni ez naute kezkatzen. Herritarrak ez dira tentelak, badakite zer egiten duten. Libre dira beren erabakiak hartzeko, hala behar du izan gainera. Gero ni saiatuko naiz haiek konbentzitzen eta agian nire ikuspegitik nahastuta daude eta zure ikuspegitik ez. Egia da uste dudala Espainian egon dela halako espejismo bat Podemosekin eta Euskal Herriko jende askok eta baita kataluniarrek ere, uste zutela han gauzak aldatu zitezkela. Niri lilura hutsa iruditu zitzaidan. Ziur badagoela jendea oso konbentzituta dagoena oraindik ere, eta beste batzuk ikusi dutenak guk proposatzen dugun bidea askoz eraginkorragoa dela.

Bizikidetza eta Bakea. Legebiltzarreko beste gai gako bat. Martxelo Otamendik dio oker gaudela uste badugu errepublikarrak eta monarkikoak edo independentistak eta espainiar zentralistak eskutik dantzan aritzea dela elkarbizitza. Orain duguna dela bakea eta elkarbizita.

Izan daiteke. Nik esan dizut ez dudala sinisten PSE eta PP konbentzituko ditugunik erabikitze eskubidearen alde jartzeko. Baina, tira, beraiek erabakiko dute hori ere eta beraiek ikusiko dute ere herri honek zer esaten duen. Ahalegin bat egin beharko genuke, hitz batzuk sortu diguten katramilatik, gai batzuk heldu ditugun moduak aldatu eta beste orube bat antolatzeko. ETA desagertu den heinean, alderdi batzuk diskurtso gabe geratu dira eta diskurtso horri heltzeko ahaleginetan segitzen dute. Margallok esandakoak oroitu ditzagun berriz. Aurrera begira jarri behar dugu historiak eman digun lezioarekin. Ondo ixten ez diren zauriak zabaldu egiten dira eta zornea botatzen dute. Errekonozimendua eman ez zaien biktimek, frankismotik hasi eta gaur artekoek, errekonozimendua merezi dute. Biktima guztientzat lortu behar dugu egia, justizia eta erreparazioa. Bide horrek askatuko ditu zenbait katramila, eta askatuko gaitu katramiltzen gaituzten hitzetatik.

Maddalen Iriarte: "Euskal Estatuaren liburu zuria egiten hasiak gara"

Zer irakurketa egiten duzu ETAren ibilbideaz?

ETA sortu zen oso momentu konkretu batean. Euskal Herriaren aurkako diktadura bortitzean. Momentu hartan bide ekintzaileago batzuren aldeko hautua egin zuen, beste indar abertzale batzurekin alderatuta. Hortik aurrerako bidearen inguruan? Nik hausnarketa kritiko bat egingo nuke. Zuzen-zuzenean hanka sartu duela. Ni banaiz gai esateko hiltzea ez zela ondo egon eta hainbat pertsonak bizkarzaina eduki behar izatea ez zela ondo egon eta komunikabideetan bonbak jartzea ez zela ondo egon. Egin behar den irakurketa kritikoa da. Dezepzionatu ninduen ETAk. Kontua da non gauden eta zer egin behar dugun. ETAk urrats batzuk egin behar ditu, baina, momentu honetan urrats horiek gauzatzeko nik uste zailtasun batzuk daudela. Seguru nago, zailtasun horien inguruan, ETB1eko debatean nirekin egon zirenek nik baino gehiago dakitela. ETAri aldebakarreko urratsak ematen jarraitzera deitzen diodan bezala, Espainiako Gobernuari esango nioke ez dudala inoiz ikusi, puntu hontara iritsita, armagabetze egiaztagarri bat egin ez duen gobernurik.

“EiTBren ereduak ezin du izan
espainiar kateetako saioak erreproduzitzea”

 

400 preso inguru, iheslariak eta berauen senideak. Drama honekin amaitzeko badirudi Espainiar Estatuak pausurik ez duela emango. Noiz arte egongo gara zain? Nola desblokatu egora lazgarri hori?

Egia esan ez du erantzun erraza galdera honek. Kartzeletako giltza Espainiak dauka. Uste dut badaudela bideak jorratu genitzakeenak. Esaterako EHBildu, preso gaixoen senitartekoak etxeratzeko bideak arakatzen ari da. Dudarik gabe urruti dauden presoak Euskal Herrira ekartzeko presio sozial handiagoa egin beharko dugu. Zein diren neurriak? Ez da erraza esatea. Badirudi une batean presoak EHBilduren edo ezker abertzalearen arazoa bihurtu direla. Nik uste gizarte batek bere herritarren arazoiak bere egin behar dituela. Iritsiko da une bat, non, odol delituak dituzten presoentzat ere artikulatuko diren bideak, beste gatazka guztietan gertatu den bezala haiek ere kartzelatik ateratzeko. Premiazkoa da pertsona horiek ere bergizarteratzea.

EiTB hurrengo legegintzaldian patata beroa izango da. Audientzia datuak inoizko baxuenak dira. Nola birmoldatu EiTB, kalitatezko hedabide publikoa bihurtzeko.

Audientzia datuak aipatu dituzu eta ETBren audientzia datuen inguruan esan nahi nuke nik oso iritzi kritikoa dudala neurketak egiteko moldearen inguruan. Espainia guztirako datuak dira eta ez dut uste ondo islatzen dutenik ezta ETB2ko audientzia ere, ETB1ekoa zer esanik ez. Egia da publizitaterako erabiltzen direla, baina, ez dute islatzen ondo errealitatea eta akats tarte oso handia izaten dute neurketa hauek. Eta gainera ETBk diru asko xahutzen du audientzien neurketetan, eta agur esan beharko genioke audientziak neurtzeko modu honi.

Euskal Telebistak hasierako izpirituari heldu beharko lioke. Uste dut EiTBk bere ereduaren inguruan oso hausnarketa sakona egin behar duela. Begiratu behar diela munduko beste telebista batzuri, Espainiakoei baino. Gure ereduak ezin du izan espainiar kateen saioak erreproduzitzea bata bestearen atzetik. Nik ez daukat errezeta magikoa, baina hausnarketa serioa egin behar da.

Bada jende asko dioena euskaraz bakarrik beharko lukeela.

Bada jende asko, baina, nik uste gehiago direla ETB2 desagertzeak beldurtzen dituenak. ETB2n bere mezuak ez bermatu ahal izateak ikaratzen dituenak. Orain kanpoan sentitzen naiz, eta kanpotik begiratuta iruditzen zait oso astindu handia behar duela EiTBk.

Harkaitz Canok esan zuen EiTBrekin egin behar zela itxi, eta beste telebista bat egin.

Agian ez zaio arrazoirik falta, baina, hori egin aurretik hausnarketa sakon bat egingo nuke. Ikusiko nuke ea itxi behar den ala ez. Egia ote den hori dela biderik eraginkorrena ala beste bide batzuk badauden. Baina, esaten dizut, oso arduratuta egon naiz bertan lan egin izan dudan urteetan zehar. Saiatuz beste eredu bat egiten, uste dut jende oso ona eraman izan dugula saioetara, baina, jendeak Salvame ikusten du. Salvame naranja eta gero limon. Aurtengo udan Salvame ikusteko molestia hartu nuen, ikusteko zer zen… eta egiazki ez dakit zer eman diezaiokeen pertsona bati horrek. Euskal herritarrek eta euskaldunek hori ikusten dute.

Maddalen Iriarte Maddalen Iriarte Maddalen Iriarte Maddalen Iriarte Maddalen Iriarte Maddalen Iriarte Maddalen Iriarte Maddalen Iriarte Maddalen Iriarte Maddalen Iriarte Maddalen Iriarte Maddalen Iriarte Maddalen Iriarte Maddalen Iriarte Maddalen Iriarte Maddalen Iriarte Maddalen Iriarte Maddalen Iriarte Maddalen Iriarte Maddalen Iriarte Maddalen Iriarte Maddalen Iriarte Maddalen Iriarte Maddalen Iriarte Maddalen Iriarte Maddalen Iriarte 
Arnaldo otegi, BirraBat, ehbildu, garoña, Maddalen Iriarte, Osoigo
Oier Aranzabal

ZuZeuko erredakzioko koordinatzailea. Ekaitza bainuontzi batean.

2 pentsamendu “Maddalen Iriarte: “Euskal Estatuaren liburu zuria egiten hasiak gara””-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude