Macronek aginduta, 12an ikastolara!

Macronek aginduta, 12an ikastolara! –
Macronek aginduta, 12an ikastolara!

Heldu den astean berriz ikastetxera joan behar naiz, gobernu frantsesak erabaki hori hartu duelako, edo hobe erranda, botere ekonomikoek hala exijitu diotelako. Hain zuzen, gurasoek beraien nagusiak aberasten segitu ahal izateko haurrak nonbait uztera behartu dituzte, osasun egoera larritzeko arrisku handiak hartuta ere.

Protokolo sanitarioan beran agertzen da erabaki horren zentzugabekeria: nire 2-3 urteko haurrei harrera egin beharko diet, metro bateko distantzia mantenduz, beraien arteko metro bateko distantzia errespetaraziz, jostailu eta liburuak debekatuz, joko kolektiborik gabe, eta kiroleko materialik erabili ahal izan gabe… besteak beste. Adin horretako haurrak dituztenek soberan dakite ezinezko zeregina dela.

Osasun krisi honek beraz argi utzi du ebidentzia bat: diruak agintzen duela eta gure bizitzek beraien etekinek baino gutxiago balio dutela.

Baina gaurkoan, nabarmendu den beste puntu bat aipatzera nator. Frantziako Estatuak bere menpean duen Euskal Herriaren aldean bere erabakiak inposatzen ditu. Eta hezkuntzaren arloa ez da salbuespen bat. Frantses hezkuntza eredua inposatzen digu alegia, frantses programetatik hasita gelen gehienezko kopurua zehaztera arte.

Egoera honek berresten du, hezkuntza arloan ere sistema propioa behar-beharrezkoa dugula: ESKOLA EUSKALDUNA. Euskal curriculuma oinarri hartuta euskal nortasunaren eta kulturaren transmisioa ziurtatuko dituen eskola euskalduna. Haurraren ongizatea helburu, eta behar dituen medio humano zein ekonomikoen jabe izango den eskola euskalduna.

Hezkuntza arloan diseinatu zuten asimilazio prozesua oztopatzea besterik ez dugu, eta horretarako maitasuna, ilusioa, indarra eta determinazioa baizik ez ditugu arma gisa. David eta Goliathen arteko guda bat da ordea, baina aukera minimo bat geldituko den bitartean borrokan jarraitzea da gure eginkizuna.

Horregatik, argi eta garbi erran behar dugu, gure hezkuntza sistemaren jabe izateko aterabide bakarra dagoela: EUSKAL ESTATU INDEPENDENTEARENA. Soilik askatasunean heziko baititugu haur euskaldun eta askeak.

Gure haurrek biharko ikastoletan heien izenak abestu ditzaten…

Macronek aginduta, 12an ikastolara!