M4Fren kaleratzeen harira, eitb.com-eko Erredakzio Kontseiluaren oharra

Captura de pantalla 2013-06-18 a las 08.52.13

eitb.com-eko Erredakzio Kontseiluak, bere egitekoa kalitatezko informazioa eta kazetarion profesionaltasuna bermatzea eta babestea den heinean, ondorengoa adierazi nahi du: M4F enpresak, eitb.com-eko eduki sortzaile nagusiak, bere langileen zati handi bat kaleratzeak edukietan izango duen eraginagatik biziki kezkatuta dago Kontseilua.

eitb.com-eko profesionalon ustez, oso zaila izango da, egoera berri honetan, herritarren zerbitzura dagoen euskal webgune publiko independente bati dagozkion konpromisoak betetzen jarraitzeko bidea aurkitzea.

Langile taldea hain bortizki murrizteak kalte nabarmena egingo die atariaren kalitateari eta izaera propioari, dudarik gabe. Orain arte, lau hizkuntzatan (euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa) eskaini ditu atariak euskal herritar askok erreferentziatzat zituzten edukiak. Aurrerantzean, baina, frantsesezko eta ingelesezko atariak desagertu egingo dira, Iparraldeko eta euskal diasporako erabiltzaileen kalterako batez ere.

Irizpide profesional hutsean oinarrituta, eitb.com-eko erredakzioak uste du EiTBko zuzendaritzaren erabaki honek atzerapausoa eragingo duela webgunearen kalitatean eta, oro har, eskaintzan, bai eduki informatiboetan bai entretenimenduzkoetan, eta zaila izango dela hori konpontzea. Are gehiago: EiTBren hiru hedabideetako bat kinka larrian geratuko dela uste du Kontseiluak.

Hala,  eitb.com-eko Erredakzio Kontseiluak ez du ulertzen EiTBk hedabide hau estrategikotzat hartu ez izana eta kanal honek, besteak beste, informatzeko eskura jartzen dituen bat-batekotasun eta jarraitutasunaren alde egin ez izana.