Luzoker entsaladak


Eguraldi onarekin batera –egun eguzkitsu eta epel-beroak—, gorputzak jaki freskagarriak eskatzen dizkigu. Negu parteko babarrun lapiko oparoak edota zopa bero-beroak alde batera utzi eta entsalada eta plater hotzak berreskuratzen hasteko garaia da.

Luzoker edo pepino sasoia estreinatu berri dugu eta ezin uko egin barazki fresko eta osasuntsu horrek eskaintzen dituen aukerei; entsaladan, adibidez. Hondartzara zein mendira eramateko bikaina da, ohiko ogitartekoen aukera gisa. Hamaika eratara presta daiteke, baina geuk luzokerra entsaladan sagarra eta jogurtarekin prestatuko dugu. Adi!

Osagaiak 4 pertsonentzat

  • 6 luzoker edo pepino ertain, oso freskoak
  • 2 sagar berde, granny smith
  • Oliba olio birjina, 10 koilarakada
  • Jogurt natural bat, azukretu gabea
  • Limoi baten zukua
  • Gatza eta piperbeltz eho berria

Egiteko era

Garrantzi handikoa da pepinoak freskoak izatea, denbora luzerik egin ez izana landaretik kanpo. Txiki samarrak izatea hobe. Pepinoak ongi zuritu, batere azal hondarrik utzi gabe. Zenbat eta erdialderago, orduan eta goxoago eta gelatinakarago.

Oso xerra meheak egingo ditugu. Sagarrei zuztarra kendu eta, zuritu gabe, dado txikitan moztu. Gero dadoei limoi baten zukua erantsi. Pepino xerrei gehituko diegu dena.

Katilu batean ozpin-olioa prestatuko dugu, jogurtari gatza eta piperbeltza jarriz eta oliba olioa hari fin batean gehituz. Hotz-hotza zerbitzatu.

Beste bi aukera nahi? Froga egin Luzoker entsalada hutsarekin edo luzoker entsalada kremadunarekin. Hortik aurrera, zure irudimenak ematen duenarekin jolas egin eta, batez ere, ondo pasa sukaldean!

Entsalada, errezeta, Luzokerra

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude