Lur puska baten truke

Lur puska baten truke –

Lur puska baten truke

Estatu batekin, agian, euskara ez da salbatuko; baina estaturik gabe, ziur ezetz.
Txillardegiri eskainitako gehigarri bereziaren lehen orrialdean Berria egunkariak iragan igandean, euskaldun handiaren azken mezu gisa. Hil aurretxoan deklaratua zuen. Ez estreinakoz ordea.

Nondik ote zetorkion fatalismo hori?
Zeri zor diogu agian eszeptiko hori?
Baina, batez ere, zeri esaten diogu estatu bat?
Inportantea da euskaldun askok, suposatzen dut, bizi dugun ezkortasun horren iturburua jakitea, ezagutu gabe ez dugulako suntsitu ahal izango. Nolakoa den proiektatzen dugun estatu hori, jakin behar genuke.
Zazpiak bat?
Hego Euskal Herria?
Gu gera hiru probintzi?
Edo bi? Edo bat eta erdi?
Pio Barojak ez al zuen proposatu Bilbo eta Donostia Hiri libreak izendatzea, bata industriarako, bestea turismorako, gainerako lurralde osoa probintzia bakarrean batzeko, Bergara edo Tolosa hiriburu?

Txillardegik ez ote zuen uste, independentzia urrunxko dagokeen arren, ez genukeela astirik edukiko gure herria garaiz euskalduntzeko, independentziaren biharamunean euskararen aldeko borroka gogorrean jarraitu beharko genukeela, horrek suposatuko lukeen frustrazioarekin, legeak alde eta hala ere minorian?
Zeinen polita den Irlanda!
Gure egitura abertzalea gure egitura euskaldunaren aurka.
Estatu horretan, Txillardegik bere eszeptizismotik proiektatzen zuen independentzia tristean (baliteke berariaz izatea, euskaldunok iratzarri nahirik), abertzaleek aginduko lukete noski, baina ez euskaldunek. Adierazgarria guztiz, erakunde abertzaleetan halako bide luzea egindako euskaldunaren nekea, asperdura, ezintasuna: estrategia baten porrota. Zaila da konprenitzea bestela zergatik ez den salbatu ez ezik indartu eta garatuko estatu propioa daukan hizkuntza.
Hala bada, estatu horrek euskararen iraupena bermatzen ez badigu, zertan ari gara euskaldunok?
Geure burua sakrifikatu behar ote genuke independentzia horren truke?
Merezi ote du independentzia, bere hizkuntza nagusitzeko gai ez den herriak?
Guri, funtsean, sezesionismo linguistikoa egiten digute (egunero) Txillardegik aipatzeke buruan dauzkan abertzale horiek.
Eta guk sezesionismo territoriala egingo bagenie?

Abertzaletasun klasikoak aurre egin behar lioke bere buruari.
Edukirik gabe geratu nahi ez badu, nazionalismo ergeldua eta halakoari egiten ahal zaizkion kritika guztien jomuga izan nahi ez badu, hizkuntzaren eta soberaniaren arazoa planteatu behar luke, sakon.
Ben Yehudak, bestelako hizkuntzarik ahotan hartzeari uko eginez, hebraiera Israelgo hizkuntza izatea bideratu zuen.
Komenigarria izango litzateke halako seta gogor bat hartzea nazionalista klasikoek euskararekin. Batez ere, juduen kasuan ez bezala, euskara izan denean herri bezala euskaldunek izan duten berezitasuna.
Ez genuke ahaztu behar nazionalista kontziente baten egitekoak, Euskadin, guztiz lotua egon behar lukeela bere hizkuntzaren destinoari
.

Pio Barojak proposatzen zuen lurralde antolaketa horren helburua hizkuntza (ere) oinarrian lukeen euskaltasunari leku babestu bat ematea zela esatea, nire ustez, ez da manipulazioa.
Bai, egia da hizkuntzak, berez, ez digula ematen programa politiko bat.
Horregatik hain zuzen, euskara despolitizatu behar dela hainbeste entzuten dugun uneon, euskarak politikan sartu behar duela esango nuke nik, bera, bere buruz, bere gain, ez bestek eramana, ez zati bezala, ez osagarri, osotasuna ematen digun tresna bezala baino.
Krisialdi ekonomikoa eta energetikoa, ekologia, iparra-hegoa harreman berri bat… Horretan du lekua euskarak, gisa guztietako murriztu guztien ondoan. Bestelako mundu bat posible dela esaten dugu maiz, eta ez da zuzena: ezinbestekoa da bestelako mundu hori.
Guk, minoria bezala, badugu zer aportatua.
Euskarak kordokan paratzen du demokrata, demokrazia praktikatzera behartzen duelako. Sufritu ezina egiten zaio demokratari, terroristekiko edo faxistekiko edo islamistekiko ikusten baitu bere demokratasuna, ez eguneroko bidegurutzeetan definituz garatzen den gizatasuna bezala. Emakumeari gizartean (maila teorikoan zein praktikoan) azken urteotan egin zaion lekua (ez behar adinakoa, noski) lehen bezain itxia eta aker-usainekoa izaten jarraituko zukeen emakumeek era independentean politikoki borrokatu izan ez balute. Ekologiak gaur hartu duen garrantzia ez da hondamendiek sortutako kontzientziari esker, ekologistek era independentean politikoki egin duten borrokari baino.
Hortxe txertatzen dut nik euskara, gero eta beharrezkoagoa den mundu justu eta berdintzale baten aldeko ahaleginean.
Gure hizkuntzak hartu duen mailan jarri behar genuke euskaldunok, gure buruzagi politiko erdaldunduen aurka eta gure regionalismo linguistikoaren teorikoen aurka: euskara ez da aurre-indoeuroparra fakultateetan irakasten den bezala, euskara modernoa eta mendebaldekoa da, eta araberako estatusa eskatzen du, alegia, soberania bere ondorio guztiekin.
Lurralde bat mintzairari.
Herritar poliglotak gizarte euskaldun batean.
Hizkuntza lur puska baten truke.


Aipua:
Javier Sádaba. Nacionalismo e izquierda. Talasa. Madrid, 1998
Pio Barojarena: Miguel Pelay Orozco. Gran país, difícil país. SGEP, 1970

Lur puska baten truke

11 pentsamendu “Lur puska baten truke”-ri buruz

  • Asko gustatu zait euskararen politikarako ekologismoaren, eta, batik bat, feminismoaren adibidea proposatzea. Azkenaldian hainbatetan entzun dut euskarak diskurtso bere gaina behar duela, baina halako beldur bat sumatu dut politika hitza aipatzeko. Eta behin eta berriz pentsatu dut euskarak POLITIKA behar duela, baina horrela, letra larriz, feminismoak ematen dion osotasunaren zentzuan.

  • Gaurko euskaldunok meriturik izango badugu, ez da hizkuntza aurre-indoeuroparra izatea, baizik post-indoeuroparra izatea, gure lurraldean.

    Euskararen Kontseilua izan zitekeen, gaur egun denaz gain, mugimendu politiko(ago) bat.

  • Estimatzen da horrelako artikulu bat. Lotsak gainetik kendu behar ditugu eta ildo horretan, horrelako diskurtso batek argi eta garbi defendatu beharko luke Euskal Herriko mapak ez digula balio independentziarako, gizarte euskaldun bat Tuteran utopia izateaz gain, inposaketa bat izango litzateke, gertuago daude Logroño, Pau edo Santander euskaldunak ziren garaiak, Tuterakoa baino. Lur eremu euskaldun batentzako estatua behar badugu, lurraldetasuna dekonstruitu eta argitzeko garaia da.

  • Aniceto Ajuriagogeaskoa Aurre 2012-01-20 16:03

    Arrazoiketa sakona, Patxi; interes handiz irakurri dot, Txillardegiri buruz Berriak atera dituen iritzi artikuluak bezala. Hori dela bidea uste dut, Euskal Herri euskalduna amesten dugunontzat: euskara despolitizatu barik, politizatu egin behar dela uste dut, eta sendo lotu euskara eta independentzia. Animo eta segi bide horretatik. Besarkada bat. Ani.

  • Joan Amendux XVI. mendean Valtierran bizi zen, inguruen euskaldunean neurri batean. Mende berean, Tuteran albaitariak euskalduna behar zuen, agirietan jasota dagoen bezala. Askoz adibide gehiago eman litezke, baina testu sobera luzea ez egitearren, Irun bezalako hiri erdaldun batean, besterik aipatu gabe, gizarte euskalduna utopia eta inposaketa ere izan litezke. Ez bilatu beti Nafarroako Erriberan gune erdaldunak, Euskal Herrian, Gipuzkoan ere bai,asko dira eta.

  • Ados Koldorekin! Erdaraz diharduten abertzale erdalzaleei inkoherentzia hori aurpegira bota behar zaie, lotsaz gorritzea lortu arte. Iraultza etxean hasten da.

  • Hagitz egokia Nagoreren iruzkina. Erlantz Urtasun edo eta, demagun, Sanz Pezonagaren lanak gomendagarriak dira jakiteko Herribehera zer (izan) den. Herriberriko bandoak euskaraz egiten ziren. Kasedako jendea Galipentzurat joaten zen aitortzerat hango apeza, herrian zutena ez bezala, euskalduna zelako, beraz, euskaldunak ziren…

    Txillardegiri buruz, zer erran. Euskal Herria helburu, hots, euskararen herria zuan helburu. Horretantxe jardun zuen bizitza osoan. Batasunaren alde, batuaren alde. Epelkeriak zokoratuz, zuntzunkeriak eta itxurakeriak baztertuz, benetan merezi zuten lanetan murgildurik. Kanpokoa aztertuz gero hemen ezartzen ahal zen egiaztatzeko. Euskarak izan duen aidxkiderik minena.

  • “Euskara ez da aurre-indoeuropearra … euskara modernoa da, eta mendebalekoa…”. Guztiz bat nator adierazpen horrekin. XVI. mendeaz geroztik, gutxienez, halako diskurtso bat garatu da euskaldunen artean, zeinaren arabera euskara dugun mintzaira miresgarria, zaharrena, puruena, gizadiaren haspapenetik beretik mntzatua izan dena Pirinio mendiko hegaletan… Eta bien bitartean maspilduz et ahulduz joan zaigu. XIX. mendearen hasieran Iturriaga gipuzkoarrak abisua eman zuen: bide horretatik jarraituz gero, fabulako belearen gisan azalduko gara geu ere, luma eder distiratsuz apainduta eta barregarri. Arrazoibide horri, zeinak euskara balioetsi nahi duen hizkuntza zaharra eta aurre-auskalozer izateagatik, beti aho biko aiztoa iritzi izan diot: zaharra eta zaharkitua artean ez dago alde handirik.

  • TroelsLundsVej 2012-01-28 15:38

    Zaharra eta zaharkituaren aldean egundoko aldea dago. Miloika adibide daude, baina bat izendatuko dut, oso maitea: Mikel Laboa, zahartuta ere, moderno askoa.

  • euskarak iraun dezan egin beharko litzatekeen lehenego gauza: Euskara Batua Zertan Den liburua eta horren atzean dagoen akademizismo antzu eta boterenahitsua txikitu

  • Zer esan Koldoren artikulua irakurri ondoren? Zer esan? Nago, abertzale askok ez luketeela ulertuko artikulu hau irakurriko balute. Bai, dudarik gabe, mahaian ukabilkada bat jo beharko genuke. Ukabilkada bat. Baina, badugu adorerik?