Lupulu garagardo auto-ekoizpenerako webgunea

Garagardo artisaua gero eta ezagunagoa egiten ari da gure inguruan. Aspalditik dago mugimendu handia Europa erdialdean, batez ere Alemania eta Belgika inguruan. Bigarren mundu gerra eta gero Estatu Batuetan hartu zuen indarra mugimendu honek, batez ere 70ko hamarkadatik aurrera ehunka mikro garagardotegi agertuz bertan. Honek eragindako ondorio da, mundu guztian zehar azken urteetan bizi dugun garagardo mikro-produktore kopuruaren gorakada. Modu honetan orain Japonia edo Australiako puntu ezberdinak ezagun bihurtu daitezkeelarik bertan ekoizten diren garagardoengatik.

Gure inguruan ere berdina ari da gertatzen, eta Katalunia aipatu beharra dago, bertan mikro garagardotegi kopurua oso handia baita. Hala ere, hurbilago oraindik, Euskal Herrian mikro-garagardotegi kopurua handitzen ari da egunetik egunera, eta pentsa daiteke datozen urteak onak izango direla negozio mota honentzat.

Lupulua, legamia, malta, txapak

Enpresen gorakadarekin batera auto ekoizpena ere asko handitu da. Norberak bere etxean garagardoa egitea erraza da eta honek garagardoa sortzeko prozesua ezagutzeko bidea ematen du, aldi berean inguruko dendetan aurkitu ezin diren garagardoak sortzeko aukera emanez. Horrela Bilboko Kukutzan eta beste gaztetxe batzuetan ere izan dira beraien garagardoa sortu duten taldeak. Gero eta gehiago ikusten dira eta ikusiko dira garagardoa sortzeko batzen diren talde txikiak Oiartzungo Goiko Eskolan gertatzen den bezala.

Lupulu.com garagardo artisauaren inguruan sortu dugun proiektua da. Garagardo artisauaren inguruko informazioa zabaldu nahi dugu, gure inguruan gertatzen denari buruz informatuz. Baina batez ere, norberak garagardoa egiteko beharrezko dokumentazioa sortu eta publiko egin nahi dugu, webgunearen bitartez eta ikastaroak eskainiz, nahi duenak ezagutza lortu eta bere ekoizpen eta proiektuak garatu ditzan.

Bide horretan laguntzeko, eta eskaintza osatzeko, martxan jarri dugu garagardoaaren auto-ekoizpena egiteko beharrezko material eta osagaiak saltzen dituen denda.

2 pentsamendu “Lupulu garagardo auto-ekoizpenerako webgunea”-ri buruz