Luhusoko operazioaren ondotik ideia batzuk

Luhusoko operazioaren ondotik ideia batzuk

Parisen iparraldean, Miarritzen, Baigorrin eta orain Luhuson (atxilotuen betebeharrari buruzko informazio osoena Naiz atarian) Espainiako eta Frantziako poliziek indarkeria utzia duen ETAren militante, bitartekari, arma eta lehergailuak atzeman dituzte. Atxiloketak salatu dituzte ezker independentistatik, diotenez, Madrilek eta Parisek ez dute bakerik nahi.

 

Luhusoko operazioaren ondotik ideia batzuk
Luhusoko etxean armak birrintzeko tresnak

Ez dadila inor tronpatu. Poliziek armagabetzea galarazten dutela esatea ez da egia, hain zuzen, armak harrapatu egiten dituztenean. Zuzenagoa da esatea adostutako edo ETAk kontrolatutako armagabetzea eragotzi nahi dutela. Horren ordez, nahiago dute lehergailuak polizien bidez atxiki. Motelago, inperfektuago, gatazkatasuago, amaiezinago, baina Madrilen kontakizunaren erritmoan. Zergatik bideratu ehunka polizia baliabide bestela ere gertatuko den armagabetzea gauzatzera? Ahal dutelako eta komeni zaielako. Terrorismoaren aurkako borroka antzezteak etekin politiko gehiago ematen dizkien bitartean ez dute jarreraz aldatuko. Ez ahaztu Atotxako atentatua ETAri egotzi ziotenak daudela Moncloan.

Ordutik zor asko pilatu dituzte biktima batzuekin eta gupidagabeko mendekuaren diskurtsoa hegemoniko bihurtu dute. Juan Manuel Santos Kolonbiako presidente eta Bakearen Nobelak presoen hurbiltzearen alde egindako hitzek sortutako zalapartak argi uzten du Espainiako gobernua eta gizartea gaur gaurkoz zein urrun dagoen gatazka baten zentzuzko amaiera homologagarria eman eta horren abantailak ulertzetik.

David Pla “Konponbiderako ETAren ordezkaritzako” kideak zera aitortu zuen Gara egunkarian 2015eko abenduan:

Egoera oso bitxia eta kontraesankorra ematen ari da: armak erabilera operatibotik kanpo uzteko prozesua baliatzen ari dira ETAri erasotzeko. Eta ETAk ez du armategiak zigilatzeko beharrik, ezta armagabetzeko ere. Armak dauden tokian gera daitezke. ETAk prozesuaren mesedetan egiten du.

Aurrera pausoa eman du ETAk armagabetzea giza eskubideen aldeko eragileen esku uzten, Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen laguntzarekin (gutun honetan). Begirale batek zalantzarik ez luke izango ETAren jarreraz. Gorriak eta bi ikusi arren lanak egiten ari dira nola edo hala armak desagertarazteko, nazioarteko egiaztatzaileen bidez eta herritar esanguratsuen laguntzarekin (Jaurlaritza berria ere prest agertu da egiaztatzeko).

Baina erakunde armatuaren jarrera ez da soilik jokabide arduratsua. Esanguratsua da oso ETAk gizarte eragileei gutunean idatzitakoa, hartutako erabakien inguruan. ETAk baldintza bakarra jarri die: “egiten den bideak ez dezala zirrikiturik utzi inork irakurketa okerrik egiteko, “garaituen eta garaileen” kontakizun maltzurra egiteko.”  

 

Jokaleku zailean zokoratu du Madrilek erakunde armatua, aurreikusitako plan guztiak –Norbegiako negoziazio mahaitik armagabetze zibilera– xantaia bihurtuz eta zapuztuz. Aieteko prozesua behar zuena ETAren heriotzaren eta Guardia Zibilaren arrakatastaren telesail propagandistiko bihurtu dute. Armagabetzea batzuen eta besteen garaipen-borondate on irakurketaren itzalean gelditu da. Balio sinboliko huts gisa ulertzen hasia da; ETArentzako bakea dena gobernuentzako porrota da, eta Madril eta Parisentzako gerra ikur preziatua da armak kentzea.

Testuinguru honetan piperrik ez du balio ongizate orokorrak. Lehergailu eta pistolak Frantzian zehar barreiatuta eta edonoren eskuetan erortzeko arriskuak ez du antza merezi zentzuzko jokabiderik. Bake akordioak ez du merezi. Genero belikoak ikusle asko ditu Espainian. Baliteke horregatik hainbeste luzatzen ari izana gatazka armatuaren epilogoa.

Luhusoko operazioaren ondotik ideia batzuk

armagabetzea, armak, bakea, Espainia, ETA, Frantzia, gerra luhuso, operazioa, polizia, prozesua
Iñaki Larrañaga

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

10 pentsamendu “Luhusoko operazioaren ondotik ideia batzuk”-ri buruz

  • ganbaratxotik 2016-12-17 19:15

    Ikusi ez edo ikusi nahi izan ez duenarentzat horra muturraren aurrean gatazka armatua luzatzearen zergatia, eta erantzule nagusiak. Espainiako FAES-eta enparau gizaxoak harro egongo dira, jakina. Estrategia arrakastatsua. Miserablea oso. 20 urte luzatu dute egoera modu artifizialean sua itzal ez zedin. Etengabe hauspotuz betiere errentagarria izan zaielako, politikoki eta ekonomikoki. Hain begibistakoa. Lotsagarria gure arteko boteretsuenen portaera, horren jakinean beste aldera begiratu edota egoera profitatu dutelako etekinak ateratzeko.

    Kuraia on! Michel

  • ETAren baldintzarik gabeko errendizio honi “bake prozesu” eso”gatazka armatuaren epilogo” deitzea lotsagarria da. EHk pairatzen duen biolentziarik larriena español eta frantsesek euren estatu egiturak hemen izatea da, eta horren amaieraz txintik ere ez da entzuten. Etsaiaren diskurtsoa gailendu da

  • Nire gogoeta: Luhusokoa egundoko falazia iruditzen zait. “Armak entregatu nahi ditut baina ez didate uzten” Armak benetan entregatu nahi izan balitu, eszenifikaziorik gabe, nik ez dakit zeren ordainetan eta gizarte zibila “enredatu gabe” honezkero bukatuta zegoen auzia. Eusko Jaurlaritza ere prest azaldu da bitartekaritza hori egiteko baina ETAk muzin egi dio. Zergatik? Ez dut ulertzen, ze dinamika honetan laister armarik gabe geratuko da, polizia espainol eta frantzesak kenduta. Aurki ez du ezer eskaintzeko izanen. Eta erakunde zibila bihurtzearena?
    Mesedez, pentsatu nahi dut txantxa bat izango dela

  • ganbaratxotik 2016-12-19 20:34

    “Falazia”? ETAren aurkakoak ziren eta laguntzeko atxilotutakoak duten horiek ETAren txontxongiloak? JaurlaritzaK bitartekaritza? Ertzantzak bakarrik ikuskaritza? Orain arte Guardia Zibilarekin orpoz oropo ibili dena? Gizarte zibila endredatu? Urkulluk onartu du gaur Euskadi Irratian, grabatuta dago, gizarte zibilarekin BATERA egin daitekeela eta ETAk berak ere onartu du erakundeen partaidetza. Aurrera pausua. Orain ere iparraldeko euskal herritarrek eredugarri eta jatorrei esker. Biba zuek!

  • Bigarren Mundu Gerran Wertmatcheko gudarosteak errazago arma gabetu zen gaur egun ETA erakundea baino. Hori falazia ez baldin bada esango didazu zer ez den Ganbaratxo. ETAren arma gabetzea propaganda hutsa da eta noski atxiloketek eta inkautazioek antzerti hori izorratu egiten dute. Noski ETA existitzen den bitartean ETAkideak atxilotuak izango dira, gure erakundearen historiala ez baita Olentzero Gabon Eguneren parekoa. ETA disolbatu dadila eta orduan ez da erorketa eta preso gehiago gertatuko.

  • ganbaratxotik 2016-12-22 19:22

    Prentsaurrekoan EAJk gaur ETAren falaziarekin bat egin du, beraz.hauek ere txontxongiloak. ETAren propagandistak.Bikaina azterketa Bentazar.

  • Ganbaratxo, EAJk ETAri esaten dio armak Eusko Jaurlaritzari emateko. ETAk ordea ez du horrelakorik nahi. Dena den, nire alderdikideek pentsatuko ez balute orain ETAk numerito publizitario bat montatzen ari dela, nik horrela pentsatuko nuke, ETAren arma gabetzearena falazia huts bat dela eta berriz ere diotsut errazagoa izan zen Bigarren Gerra Mundialean miloika soldadu zuen gudaroste baten arma gabetzea, ETAren arma gabetzea baino. Zenbat urte daramazki arma gabetzen? Zenbat urte pasa beharko ditugu arma gabetu arte?

  • ganbaratxotik 2016-12-23 18:53

    PPk numeritoa dela pentsatzen duen alderdi bakarra, beraz atera kontuak. Iparraldeko alderdien artean guzti-guztiek (eskuin eta ezker) salbu eta bigarren mundu gerran zure ustez hain azkar armagabetu “zituzten”-en oinordekoak daude aurka. Aproposito zenbat milioi zibil hil zituzten orduko armagabetze “errez” eta “azkar” hura lortzeko? Itzela arrakasta ezta? Geroztik armen kopurua gutxiagotu ala gehitu egin da?
    Franco ere armagabetu zuten noski.

    Bentazar gauzak hain xinpleak balira? Baina ez dira.Errealitatea hori baino konplexuago eta deszifratzen zailagoa da. Zoritxarrez.

  • Niretzat arma gabetzea numerito itzel bat da besterik ez eta PPk horrela pentsatzen baldin badu ba nire ustez egitan dagoela. Badakit badago jende bat iritziak zeinek esaten dituenaren arabera juzkatzen dituela. Nik ez, niretzat argi dago ETAk urteak pasa behar ditu arma gabetzeare numeritoa saltzen eta barkatuko didazu baina ni ez dut zirko horren ekitaldiaren sarrerarik erosiko. Bale, ETAren arma gabetzea zure ustez gauza “konplexua” da. Mesedez, ez adarrik jo, armak utzi ditzala leku batean eta kitto. Zer behar du ba hori egiteko?

  • ganbaratxotik 2016-12-23 20:05

    Hain erreza bada zergatik ez du ba egiten? Propaganda egiteko? ETAren alde jartzeko zein gizartea? Jendea? Numeritoa zertarako?Zein konbentzitzeko? Zer zentzu du horrek? Porrotaren irudia ez emateko? Errendizioaren irudirik ez emateko? Errelatoa baldintzatzeko?Garrantzitsua da errelatoa?Adituek dioten bezela Poliziak kontrolatuta du armategia, zergatik ez ditu armak eskuratzen ata kitto? Nondik hartu zuten arrastoa azkeneko 5ak atxilotzeko armak jarraituz ez bada? Noiztik dituzte armak kontrolpean?5 urte? 10 urte? Atentatuak egon zirenean armak kontrolpean ote zituzten? Hala bazen zergatik ez zituzten ekintza horiek galerazi?
    Mundutarrak gara eta urrutiko arazo eta gatazketan hain errez ikusten dugun konplexutasuna gurean, bertatik bertara, ERE, nola ez, badela onartzea hainbeste kostatzen zaigu. Seguru emozioa arrazoiari gailentzen zaiolako. Itsutu. Ezin ikusi, begibistakoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude