Lubakiak eta Arrakalak (I): Baserria eta Botere-guneak

Lubakiak eta Arrakalak (I): Baserria eta Botere-guneak –

Lubakiak eta Arrakalak (I): Baserria eta Botere-guneak

Denbora daramat lubaki eta arrakalez hausnartzen. Badaramat denbora lubakiak eta arrakalak bizitzen, gordin. Aspaldi batean bizi nituen lubaki eta arrakalak egosita zeuden, erraz murtxikatzen nituen, eta neure bizimodu kaletarrean aztoramen orokor nabarmenik gabe aurrera jarraitzen nuen; ez tripako minik ez bihotzerrerik.

Ai, nola aldatu diren gauzak, konpai! Orain lubakiak eta arrakalak nire bizimoduan txertatu dira –betiko, akaso?– eta beren gordintasun osoarekin azaltzen zaizkit platerean egun batean bai eta bestean ere bai. Errepikakorra oso da menua. Aldaketa bakarra –eta esanguratsua– gertatu da: orain baserrian eta baserritik bizi naizela; artzain, bizi ere. Gehienbat, baserri eta kaleko munduen arteko arrakalak izango ditut mintzagai; horrek, ordea, ez du esan nahi baserri munduan bertan ere ez dagoela arrakalarik –zenbaitetan, lubakiak–, eta horiei ere helduko diet.

Pasa den astean idatzi nuen horri guztiari buruz, eta konturatu nintzen testu bakar batean motz, oso motz, geratzen nintzela. Ezin nuela lubaki eta arrakala menu oso bat idatzi bakar batean, kolpean, janarazi. Bere denbora behar zuela, behar bezala irentsi ahal izateko.

Gaurkoan, baserria eta botere-guneen arteko lubakiak eta arrakalak ekarriko ditut. Badakit –edo hala sentitzen dut, behintzat– hiritarren eta botere-guneen arteko harremanak ere ez direla oso orekatuak; erabakiak, maiz, hartzen direla zenbait ñabardura aintzat hartu gabe; edota, zuzenean, hiritarren iritzien kontra –hemen sar gintezke demokrazia kontzeptuaren definizioan…–. Eta desoreka horiek sortzen direla, printzipioz lagungarria izan daitekeen eszenatoki jakin batean, non hiritarrak eta botere-guneak espazio bera partekatzen duten: hiri-mundua. Hori horrela izanda ere, sekulako distantziak daude.

Bada, pentsa ezazue zer gertatzen den botere-guneek euren erabakiak hartzen dituztenean baserri munduaz ezer asko ezagutu gabe. Botere-guneez ari naizenean erakunde publikoez, politikariez eta teknikariez ari naiz. Haiek egiten dituzte legeak, eta ezartzen arauak, eta betearazten horiek guztiak. Zoritxarrez, nahi baino gehiagotan, hori guztia egiten dutenek ez dute inongo loturarik nekazari munduarekin, eta ezagutza oso urria. Akaso, ezagutuko dituzte lurren ezaugarriak, kudeaketaren gaineko arau zuzentzaileak, eta elikagai-enpresei ezartzen zaizkienak…; baina ustialeku edota enpresa kontzeptuetara mugatzen dira; nahiz eta gero, horrek bestelako ondorioak ere izan. Tematzen dira industriari ezartzen dizkioten legeak eta arauak txikiei ere aplikatzen. Adibideetara joko dut, adibide errealetara: gaur, bi.

Lubakiak eta Arrakalak (I): Baserria eta Botere-guneak .Osasun sailak agintzen du kanpaina bakoitzean gazta-laginak hartu behar dituela analisiak egiteko. Lote batetik bost gaztaren zati bana hartu, eta laborategira eraman. Derrigorrean egin beharreko kontua da, eta bi aukera ematen dizkizute: laborategiko emaitzak jaso ala hartutako zatiak pisatu eta kobratu –bigarren aukeran ez duzu emaitzarik jakingo–. Bost gazta galtzen dituzu, bost. Eta noski, galdera da, lote batean zenbat gazta daude? Etxe batzuetan izango dira 100 ale, beste batzuetan 50 eta beste batzuetan 5. Beraz, etxe batean edota bestean, kaltearen proportzioa oso ezberdina da.

Gure etxean, analizatu nahi zuten loteak hiru gazta zituen –kanpainako lehendabiziko eginaldikoak. Gazta bakoitzak lauzpabost kilo zituen. Gazta urdinak ziren. Gauza bakar batek libratu gintuen sarraskitik: ez zutela bi hilabeteak eginak. Baina badakigu ezaugarri bereko beste baserri batzuetan laginak eraman egin zituztela, 12 gazta zituen lotetik.

Eta kontua ez da guk ez dugula kontrolik nahi, inondik inora; guk ziurtatu nahi dugu gure produktuak seguruak direla; horregatik, hain zuzen ere, hamabostero eramaten ditugu esne-laginak analizatzera; horregatik, hain zuzen ere, analizatzen ditugu urtero gazta-lagin bat –gazta mota bakoitzeko–, eta iturriko ura, urtean bitan; eta gaztandegiko gainazalak ere, bitan… Dena egitera gaude behartuta, eta den-dena geuk ordaintzen dugu, baserritarrok. Ekoizpen txikia ala handia izan.

Beste adibide bat: Eibarko San Andres azoka, azaroaren 30ean. Ardi-esnez egindako gaztak baino ez dira egongo salgai. Are gehiago, ardi-gaztak izango dira baldin eta Idiazabal sor-markaren barruan dauden edota Artzai Gazta elkarteko kideak diren. Horri gehitu diote ekologikoan egindako gaztak ere izan daitezkeela. Ulertzen dut horren atzean badela gauzak ongi egiteko asmoa, gehienbat Artzai Gazta elkarteko kidetza eskatzean –ziurtatzen baitizu artzain batek egindakoa dela–, edota ENEEKek ziurtatutako gazta izatean –ekologikoan egin dela ziurtatzen dizulako–. Sor-markarena, aldiz, ez dut ulertzen; izan ere, horren barruan ere, industria ere egon badago, edota oso handiak diren gaztandegiak.

Baina ulertezina egiten zait, egiatan, ahuntz edota behi-esnez egindako gaztak ez onartzea. Nondik nora? Erabaki hori hartu duten politikari eta teknikariek zer ezagutza dute gaztagintzaz? Eta inguruko gaztagileez eta euren errealitateez? Ez al dira enteratu, oraindik ere, Euskal Herrian badirela beste gazta batzuk eta beste erakunde batzuek horren aldeko apustua egin dutela? Galdetu egin dut udaletxean, baina inork ez dit baleko erantzunik eman. “Araudiak hala dio”, puntu. Suminduta nago, ikaragarri.

Hori gure lanari dagokionez, baina, aizue, baserritarrak izateaz gain, baditugu beste dimentsio batzuk ere: pertsonak gara, baserrian bizi diren pertsonak. Eta, honetan ere, arrakalak oso presente daude, beren gordintasunean, ez gaituzte eta baserria eta baserritarrak gure osotasunean hartzen. Hau da, baserria lantokia izateaz aparte, ahazten zaie badela bizilekua, horrek dakarren guztiarekin. Kasu batzuetan, bakarrik eta gehienetan, familia –edota talde– oso bat bizi dela: umeak, gazteak, edadetuak, zailtasunak dituztenak… Eta, kaletarrak bezala, guk ere eskolara edota eguneko-zentrora joan behar dugula egunero, tarteka medikuarenera, marteka lagunekin gelditu, astean bitan eskola-kirolera edo musikara, halako batean… zer dakit nik!

Horretan guztian garraioa da gakoetako bat. Nola joan eskolara? Autoz? Baserrian umeak izateak derrigortzen al gaitu autoa izatera, eskolara edo bestelakoetara joateko? Kalean ez da hala. Kalean garraioa duzue, majo ikusten ditut nik autobusak haurrak jasotzen, eskolara joateko… Eta beti hau planteatzen dugunean beti erantzun bera: gutxieneko ume kopurua behar da zerbitzu hori martxan jartzeko… Kontxo! Erraz antolatzen dira, bada, bestelakoak oso kopuru txikiak diren arren!

Orain dela gutxi itxi da hezkuntzako diru-laguntzak egiteko epea. Batxilergoan dagoenaren beka-eskaeran, garraio-beka ere eskatzen zen. Zerrendatuko dizuet gehitu izan behar dugun aparteko dokumentazioa: gure egoera –baserritarrak izan eta mendian bizitzea– azaltzen duen idatzia; Udalaren agiria, non azaltzen diren etxetik ikastetxeetara dauden distantziak, denborak, bide mota…; eta aurreko dena erakusten duten mapak. Horrek, dena den, ez digu ziurtatzen gure egoeraren berezitasunak aintzat hartuko direla eta diru-laguntza horietan isla izango dutenik. Orain bururatu zait, horiekin batera bidali behar genizkiela ikasturteko tailerreko eta gasolindegiko fakturak… Ikastetxera deitu genuenean eskaera betetzeko argibide eske, esan ziguten halakorik inoiz ez zaiela azaldu. Azaldu, akaso, bai, baina askotan gertatzen den bezala, boterearen gizatasunarekin esperantzarik ez, eta zama hori bizkar gainean onartu egingo zuten, isilean.

Gehiagorako emango luke lubaki eta arrakalen arrosarioak, baina dexenteko betekada hartu duzuela pentsatuta, postreari heldu beharko diogu, ezta? Zer edo zer goxo behar dut, behar dugu… Eta horra doa: makinaria krudel eta gordin horren baitan dauden pertsona batzuen goxotasuna eta ulerkor azaltzeko gaitasuna. Pertsona batzuen horren atzean –pentsa dezakezuenez– nik izen-abizen zehatzak ditut, eurek ongitxo dakite. Jarri ditudan adibideotan laguntza eman digute, eta horrek adorea ematen digu aurrera jarraitzeko; segitzeko makinaria horren mekanismo errepikakorrari traba jartzen, pertsonak munstroaren gainean jartzen, lubakiaren bestaldekoak izan arren.

Lubakiak eta Arrakalak (I): Baserria eta Botere-guneak

PIKUNIETATIK HAUSNARREAN