Lotsagabetasun Saindua (Bidea, 388. Puntua)

Lotsagabetasun Saindua (Bidea, 388. Puntua)

Euskaldun –edo euskal herritar– guziak politikoki nafarrak garela defendatzen den honetan, nik uste dut euskal herritar guziek aukera izan beharko luketela Diario de Navarrarekin gozatzeko, baita –zer arraio, ez gaitezen hain tribalak izan– Ipar Euskal Herrikoek ere. Egia da mendebaldeko probintzietan Diario Vasco eta El Correo dituzuela gozagarri, baina hiruretan gurea da zaharrena –datak paratzekotan egon naiz, baina alferra naiz; bila ditzala irakurleak wikipedian–.

Lotsagabetasun Saindua (Bidea, 388. Puntua)Diario de Navarra soilik Nafarroa Garaikoa ez balitz, joan den asteburuan argitara eman zuen erreportaje hunkigarria ikusiko zenuten. Lau familiak –erran nahi baita, lau familia normalek, zuk gosaltzen dituzun zerealak gosaltzen dituzten eta egun luze baten ondotik arratsaldean etxera ailegatu eta zapatak kentzearekin batera niri bezala hanketarik urrin txarra darien ideologia berezirik gabeko lau familiak– ideologiarik gabeko beren kezka normala adierazi zieten ideologia berezirik gabeko egunkari normal horretako ideologiarik gabeko irakurle normal guziei. Zergatik dauden kezkatuak? Aurten gobernuak ez duelako Nafarroako Unibertsitateko klinikarekin zuen akordioa berritzeko asmorik, eta, beraz, fite osasun sistema publikora pasatu beharko dutelako –normalak izateaz gainera, Opuseko langileak ere bazirelako; ez nahitaez Opuseko kideak, argi gera bedi–. Lau familia normalek eritasun larriren bat duen seme edo alaba bana zuten, eta mediku aldatu behar izateak biziki kezkatzen ditu.

Familia normal horien kezka arrunt normala da, baiki; halere, Osasun saileko kontseilariak adierazi du horrelako eritasunak direla-eta tratamendua hasia duten pazienteek Klinika pribatuan segituko dutela. Hori nolanahi den ere, mezua zen inportanteena asteburuko erreportaje hartan: begira diezaiogun batzen gaituen gizatasunari, eta ez bereizten gaituen ideologiari. Garrantzitsua baita zeri begiratu jakitea: zeren, hasiko bagina batzen gaituzten zergei begiratzen, akaso bereizten gaituzten osasun sistemak ikusiko baikenituzke; edo osasun sistema publikoan izan diren murrizketei –errate baterako, sukalde zerbitzuaren pribatizazio bidegabeari– eta urte hauetan UPSNren gobernuak Klinikari eman dion gehiegizko diruari –behar baino bi milioi euro gehiago, urtero– begiratuko bagenie, batzen gaituen krisia agertuko litzaiguke, baina segur aski krisiari aurre egiteko bereizten gaituen gaitasun diferenteak atentzioa emanen bailiguke.

Egunkaria erosten dudalarik, Berria erosten dut, edo Noticias, erdaraz erosten badut, baina Diario de Navarra da benetan cool dena UPN agintetik kanporatua izan denetik: lehen orrialdeko lerro-buru nagusietarik hondar orrialdeko zutabera eta Orozen zintara, barneko iritzi artikuluetarik pasatuz, dena dago kausa baten zerbitzura. Aspaldi honetan, egunero gutienez bi testu –bi iritzi artikulu, zuzendariari bi gutun, genero bakoitzeko testu bat– publikatzen ditu Klinikaren aferaren inguruan –begiak hesten baditut, Opuseko ehun numerario ikusten ditut fisikoki lur azpiko biltegi batean sartuak eta espiritualki fedearen gaztelu metaforikoan gotortuak, zilizioa normalean baino koxka bat estuago, mahai gainean baso bat esne eta ostia ez kontsakratu batzuk dituztela, jo eta su akordioa bertan behera uzteak ekarriko dituen ondorioak salatzeko artikuluak idazten–; oraingo argudio nagusia: Klinika –eta, hedaduraz, Nafarroako Unibertsitatea, eta, hedaduraz, Opus Dei– sosa galtzen ari zen akordioarekin; bere langileak artatzen diru gehiago gastatzen zuen, gobernutik jasotzen zuena baino.

Argudio horren aitzinean, amore eman beharko genuke, bistan baita, Jainkoaren Obra pixka bat ezagutzen duen edonorendako, dirua ez dela sekula santan Opus Deiren lehentasuna izan –ironiaren emotikonoa zein den jakinen banu, hementxe paratuko nuke–. Akaso argudio irri-emangarria idurituko zaigu. Hala bada, horrek, Escriva de Balaguerren Bidea liburura garamatza. 388. puntuan, lotsagabetasun sainduaz mintzatzen da Peraltako markesa, lotsagabekeria laikotik bereizteko. “Lotsagabetasun saindua baldin baduzu, zer axola zaizu ‘zer esan duten’ edo ‘zer esango duten’?”, dio 391. puntuan. “Onena egiten duenarentzat ez dago barregarri geratzerik”, 392.an.

Opuseko soldaduen lotsagabetasun sainduaren bertze muturrean, gobernuaren lotsa dugu. Klinikarekin zegoen akordioa bertan behera uztea erabaki teknikoa izan dela erran du Uxue Barkos lehendakariak. Teknokratak modan daude, hipsterrak bezain, eta iduri luke itsusia dela politikari batek erabaki politikoak hartzea. Politizatzea solas desegokia bihurtu da, aztoragarria kasik; gauzak politizatzea gauzak zikintzea bezala da –alta bada, nik, bertzeak bertze, arrazoi politikoengatik egiten dut euskaraz, eta hizkuntza politizatzearen alde nago, hau da, hizkuntza bulkatzeko politika bidezkoa nahi dut; politika, as opposed to alderdikeria, alegia–. Nire ustez, erabaki baten balizko izaera teknikoaren gibelean kukutu beharrean, politika zuzena defendatzen ari garela azaldu eta erakutsi beharko genuke; adibidez, osasun sistema publikoa sustatu eta indartu nahi dugula, guzien berdintasuna bermatzen duelakoan gaudelako –baldin eta, jakina, Geroa Baiko guziek sistema publikoan sinesten badute–.

Teknikoak direla ala politikoak direla, erabaki bat hartzeko dauden motiboak ongi esplikatu behar dira, are gehiago aitzinean Unibertsitate bateko Komunikazio Fakultatea zure ikuspuntua gezurtatzeko artikuluak sortu ahala ari bada. Joan den egunean, Nafar telebistan, gai honen inguruan eztabaidatzen ari zirela, zera erran baitzuen EHBilduko Maiorga Ramirezek: orain artio Klinika unibertsitarioan ibili direnek ez dute itxaron zerrendarik ezagutu, eta ez dago gaizki gainerako nafar guziek bezala sistema publikoaren itxaron zerrendak ezagutu behar izatea. Aipua bezala, nire ondorioa ez da literal-literala, baina ongi ulertu banuen, Ramirezen mezua hauxe zen: denok berdin izorratu behar dugu sistema publikoan –txalo bero bat–; bai, egia da, sistema pribatua hobea da, baina gobernu zital honi esker, sistema publikora joan beharko dute Opuseko langileek –txalo are beroago bat, publikoa zutik jarrita, malkoak begietan–. Tira, arrazoibide distirant hari esker, hobeki ulertu nuen Maiorgak nire baitan pizten duen sentimendu poetikoa, hura ikusi bezain fite Pablo Nerudaren lerro ezagunak etortzen baitzaizkit burura: Me gusta cuando callas, porque estás como ausente…

Airean dagoen kontua da, nolanahi ere: zein da hobea, sistema pribatua edo publikoa? Eta anitzek argi dute, maiz ozenki erraten ez badute ere: pribatua. Erantzuna gezurra izateaz gainera, galdera bera tranpatia da, frankotan hori galdegiten dutenek eginahal guziak egin baitituzte, pribatuak abantaila guziak izan ditzan. Nire iduriko, aise egokiagoa litzateke galdegitea, gure ustez, zeinek funtzionatuko beharko lukeen ahalik eta hobekien. Gure ideologia politikoak ematen digun erantzunaren arabera, erraz justifikatzen ahalko dugu baliabideak sistema pribatutik kendu eta publikora eramateko erabaki politikoa.

[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]

nafarroa
Santi Leone

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut, noizbehinka twitterren ibiltzen naiz (@ororostorm)

7 pentsamendu “Lotsagabetasun Saindua (Bidea, 388. Puntua)”-ri buruz

  • Pruden Gartzia 2016-01-20 22:05

    Santi, batzuetan mundiala zara. Zorionak eta mila esker (bereziki Nerudaren aipuagatik).

  • Pribatua beti da txarragoa ta emaitza txarragoak ditu baita ere idazlea ondo erran duen moduan.
    Logika pixka bat izanda ez da inolako zenbakirik behar (nahiz ta zenbakiak ere publikoaren alde egon).

    milioi bat euro baldin badut serbitzu bat emateko ta diru horretatik etekin bat atera behar badut, diru gutxiago inbertitu ahalko dut serbitzua ematen, etekina atera behar ez badut baino.

    Datuei dagokionez, aseguru pribatua duten gehiengoei, mota guztietako frogak, plakak…. publikoan egiten dizkiete, gero froga hoiekin pribatua da erraten diona zer duen ta ze tratamendu behar duen.

    Publikoa gainera makineriaz askoz hobeto hornitua dago ta etekinak atera behar ez dituenez, den dena inbertitu dezake serbitzua ematen.

    CUNari dagokionez, gezurra da CUNiri kobratzen duena baino garestiago ateratzen zaiela paziente hoiek artatzea, gainera duela gutxi arte, langileak jubilatzen ziranean, Osasunbideak hartatzen zitun, ta mediku gastuak zahartzen zanean biderkatzen direnez CUNi oso ondo ateratzen zitzaion guzti hau.
    Baina jubilatzen direnak hartatzen hasi zanetik, kobratutakoa hirukoiztu edo egin dute.

    Gero ere Osasunbideak ta CUNen bataz beste gastatzen dutena atera zuten, OSasunbideak 1400 euro paziente bakoitzeko ta CUNak 700 edo.

    Gastua paziente bakoitzeko berdina ahal da hiriburu batean edo apartatua dagoen herri txiki batean? Ez herri txikian normala danez askoz garestiago dira.
    Egiteko Iruñan paziente bakoitzeko gastatzen dana , baina adin tarteetan ta gero ikusiko da zenbat dirutza irabazten ari izan da CUNekoek diru publikoarekin.

    Maiorgaren azalpenak babu baten azalpenak dira, gauza ez da publikoa diran serbitzuen itxaron zerrendak ezagutu behar izatea (itxaron zerrendekin bukatu behar de gaiera), aseguru pribatua nahi duena ordaindu beharko duela baizik, bestela beste hiritar guztiak diskriminatzen jarraituko zutelako.

    Beraz diru berberarekin, publikoa du beti abantaila.

    Estatu batuetara begira dezakegu horretarako, BPGtik osasunan gehien gastatzen duen herrialdea da %17a hain zuzen.
    Baina osasun arreta biztanleriaren %70erra edo heltzen da bakarrik.
    Milioi bat familia arruinatzen dira urtero osasun gastuei aurre ezinda.
    Ta emaitzak?
    Kubako osasun sistemarekin konparatu zuten ta kuba %tan askoz gutxiago gastatuz (baita publikoa duten herrialde askorekin ere) emaitzak parean zeuden (ta hori EEUUko sistemak %tan ta dirutan askoz diru gehio inbertitzen duela), gauza da Kuban %100a jasotzen zutela arreta ta EEUUn %70a.

    Pribatua publikoa baino hobeagoa dela erratea , ez du inolako ikerketa seriorik sostengatzen.

  • Amonamantangorri 2016-01-22 21:32

    Erabat ados “politizatu” aditzari zentzu positiboa ematearekin. PPko ahaldun batek, behin, Gipuzkoako aldundiari leporatu zion “lege politiko bat” onartzea.

    Hitza gehiago erabili behar genuke, jatorrizko zentzu ona berreskuratze aldera. Adibidez: “Gazteak lehen unibertsitatean politizatzen ziren, orain, tamalez, ez hainbeste”.

    Erabaki ustez aseptikoki tekniko edo teknokratikoak arbuiatzearekin ere, erabat ados.

    Maiorga Ramirezek noski ez zuen NTBn esandakoa esan nahi, baina zer nahi duzu ba… zumarrari ezin udarerik eskatu.

  • Amonamantangorri 2016-01-22 21:38

    Portzierto: ez nuen uste “Aldaketaren gobernu” teknokrata, epel, txupiprogre hau inoiz ausartuko zenik CUNi eta oro har Opusen pribilegioei eskua sartzera. Hurrengoa, unibertsitate publikoak medikuntza karrera eskaintzea izanen da, Opusen unibertsitatearekin lehian sartuta. Badirudi egin eginen dutela.

    Bejondeiela.

  • Jopelas, PNVPSE eta Diario Vasco/EITBren Atez Atekoaren kontrako gurutzada ikusi dut flash itsugarri bihurtutik. Igaro eta gero, radarra izan ote da?

  • Nik asko sentitzen dut, baina nire ustez inoiz ez zuketen sistema pribatua izateko aukera izan behar.

    Orain urak bere bidera doaz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude