Lost in translation

http://alteretaego.wordpress.com 

Alter dixit.


Denok gara apur bat Bill Murray edo Scarlett Johansson. Denok bizi dugu gure bizitzaren uneren batean, edo gehiegitan, galduta bezala egotearen frustrazio hori.

Jira eta jira dabilen zaldiko bakartiaren moduan, batzutan ez dakigu oso ondo bizitzak nora eraman nahi gaituen. Edo are okerrago: badakigu, besterik ezean, geunden leku berberera eramango gaituela.

Pailazo goibelaren paradoxa datorkit burura maiz, bere saioa hasi aurretik aurpegia margotzen edo ileordea tenkatzen dagoenean. Pirritx eta Porrotxen arrakasta garai honetan, inork ez du astirik ateratzen Aiorak edo Joxe Marik ere euren barne-mundua izango dutenaren inguruan hausnartzeko. Eta inork ez du pailazo goibela maite, espero.

Bada, noizetik noizera, triste egoten ere ikasi beharko genuke, etsita, galduta. Eta Sex Pistols-en No future entzun.  Nondik gatozen jakiteak, batzuetan, ez du garrantzi handiegirik. Baina nora goazen asmatzen saiatzeak, are gutxiago: leku berera, ziurrenik.

Aste bete bada gure bozak hautestontzietan utzi genituela, gure etorkizuna euretan samurki laga bagenu bezala. Eta aste bete bada, baita, aginte-makilarekin nor geratuko denaz haratago, guk, leku berean jarraituko dugula badakiguna.

Gauzak beste era batera egitea posible da, noski, baina jakin badakigu, era berean, ezer gutxi dela benetan aldatuko dena. Gazteegia naiz, agian askorentzat, horrela pentsatzeko. Baina ni ere, neure barne-munduan, honelakoak bizitzera ohitua nago. Zerbait aldatzear dagoela uste dugun uneetan konturatzen gara, hain zuzen ere, ezer ez dela aldatuko.

Baina beti pista berean bueltaka dabiltzan autotxokeen bizimodua txarra denik ez ezazue uste. Behintzat, badakite zeri oratu: goialdean dagoen sare-begia da euren mundua. Eta ez da gutxi. Euren gainera igotzen diren umeei irri bat edo beste sortarazteko gai dira eta une alaiak igarotzeko aukera ematen diete. Eta ez da gutxi.

Agian, hor dago koska. Daukaguna aintzat hartzen ikasiko bagenu ez genuke gehiagoren beharrik sumatuko. Egiten ari garenean edo daukagunean gehiago sinetsiko bagenu, agian, ez genuke ezer gehiago behar izango.

Baina epe luzerako hipotekak saldu dizkigute. Lanean ere bost edo hamar urtera begirako planifikazio estrategikoak maneiatzen ditugu askok. Kaka ere ondo datorkigunean egitea ohiko gauzatzat hartzen dugu. Naturaltasuna, unea betiko galdu direla ematen du.

Litekeena da errua geurea ere izatea, nola ez, baina ez gara gu. Gure gobernua bera, jada, ez dago Gasteizen, edo Madrilen, edo Parisen. Berlinera eraman dugu. Eta igual, urte batzuk barru, Pekinera eramango dugu. Eta txarrena da bost axola zaigula.

Edo behar bada ez, baliteke hori izatea onena. Horrela ikasiko dugu benetan axola duen bakarra gure etxea, gure familia, gure auzoa, gure herria dela. Mikroa, ez makroa. Unea, eta ez geroa.

Ez dakit, batek daki… Norbaitek jakingo du…

Ego dixi.