Lorea Agirre kazetaria euskararen normalizazioari buruz, Iruñean

loreagirreEkainean 19an Karrisolasaren saioa egingo dugu, 20. dagoeneko, eta oraingoan Lorea Agirre kazetariaren iritziak izango ditugu hizpide.
Lorea Agirre, kazetaria eta antropologoa da, eta Euskaldunon Egunkarian eta Berrian lan egindakoa. Gaur egun HUHEZIko irakaslea da. Euskararen eta euskal kulturgintzaren inguruan aditu ezaguna da.

Proposatzen dizuegun elkarrizketa “Faktoria” programan, Euskadi Irratian izan zen maiatzaren 23an.

Hitzordua ekainaren 19an izanen da, 19:00etan Karrikiri elkartearen egoitzan (Iruñean, Xabier karrika 4), eta oraingoan, betiko moduan, guztion artean solas aske, sakon eta atsegina lotzen saiatuko gara.

Gogoan hartu Karrikiriko honetan ere ateak zabalik izanen dituzuela.

Ongi etorri!!

3 pentsamendu “Lorea Agirre kazetaria euskararen normalizazioari buruz, Iruñean”-ri buruz

  • Aurreko batean elkarrizketa horien pasarte batzuk idatzi nituen laneko kontu bategatik… Hementxe dauzkazue komentatu nahi izanez gero:

    Elkarrizketa

    Faktoria: Lorea, esana daukazu euskararen normalizazio bideak deserosoa izan behar duela, derrigortasunetik pasa behar duela. Derrigortasuna, noraino?
    Lorea: Eremu publikoan nik uste dut legeak betetzeko egiten direla, eremu guztietan gainera. Gizarte bat eratzen da ertsidura sortzen duten legeekin eta eskubide eta betebeharrekin. Hori horrela da, ta onartzen dugu eremu askotan eta beste askotan ez. Euskararena noraino derrigorra? nik uste zerbitzu publiko guztietan derrigorra izan behar duela; elebitasunarena azken finean esaten ari gara. Hori deserosoa da? bueno, hemen adibidez feminismotik bi ideia hartu ahal dira, ezta? Feminismoak edo emakume eta gizonen arteko eskubide eta aukera berdintasunak planteatzen baditu betebehar batzuk legezkoak, hori erosoa da? nik pentsatu dezaket, beno gizon bati beharbada deseroso egiten zaio, ze gauza bat oso sinplea da: eta da, hemen baldin badaude 10 pertsona eta legeak esaten badu gutxienez erdi ta erdi izan behar gara… beno, 5 gizon kendu egin behar dira. Eta izango dira boluntarioak, beharbada, esango dutenak “ni kenduko naiz ze sinisten dut horretan”, eta beste batzuk behartu egin beharko dira kentzera. Esan nahi dut, behartzen duzun horrentzat deserosoa izango da. Ez badu ulertzen, zuk minoriak, subordinazioan edo txikitasunean dagoen edozein prozesu, dela hizkuntza, dela emakumeena, dela langileena, … dela etorkinena, horiek integratuko badira berdintasun plano batetara, ba norbait kendu egin behar dela; gu geu ere bai. Orduan deserosoa da? sinisten baduzu berdintasunak horrela jokatu behar duela, beharbada zuretzako deserosoa izan daiteke baina pentsatzen duzu aberasgarriagoa ere badela gizarte honentzat. Orain, esaten baduzu: “bai bai, oso ondo dago emakumeen aldeko borroka, hizkuntzen borroka… baina ni ez molestatu mesedez, ni oso ondo nago hegemonia honetan”… ba sentitzen dut baina…

  • Faktoria: Inposaketa bezala hartzen dutenei zer esango zenieke? Alegia, jarrera horrek azkenean euskara inposatzea dakarrela?

    Lorea: Beno hori gezur borobila da praktikak demostratzen duelako… Hizkuntzaren soziolinguistikak esplikatzen dizkigu giltzarri orokorrak, hizkuntza bat noiz hasten den galtzen, noiz irabazten, zer egin beharko litzatekeen eta zer ez… beno hori zientzia da; gero aplikazioak izango dira halakoak ala bestelakoak baina hori zientzia da. Orduan, benetan sinisten badugu euskara berreskuratu behar dela, eta gure seme alabak euskaldun izan daitezen, neurri batzuk aplika daitezke. Zergatik ez da inposatzailea? hizkuntzaren ekologia oso zabaldua den kontzeptua da eta oso erraz ulertzen da. Gu prest baldin bagaude Ernion dagoen saguzar mota bat babesteko, komunitate hori jan lezakeen beste animalia bat handik kendu, eta gune bat sortu saguzar horiei beraien komunitatea mantendu dezaten eta ugaldu daitezen, hori ondo ikusten dugu, hori ez da inposaketa bat. Hori da gune hegemoniko bat sortzea gutxitasunean dagoen horri, arnasa hartzeko aukera izan dezan. Esan nahi du saguzarraren alde baldin bazaude, zaudela Ernion bizi diren gainerako animalia, landare eta bizitza guztiaren alde. Hizkuntza hegemonikoaren alde zaudenean, gure kasuan frantsesa eta española, horien alde egiten duzunean, bakarrik, ari zara gainontzeko hizkuntza guztien kontra. Euskararen alde ari zarenean, ari zara gure herrian hitz egiten ari diren hizkuntza guztien alde, baita, gazteleraren alde ere. Nik emakume bati leku bat egiten diodan aldiro, ez da gizonen kontrakoa, nahiz eta gizon bat beharbada kendu beharko den, baina ez da gizonaren kontrakoa. Da gizarte osoaren aldeko jarrera bat. Ona da gizarte osoarentzat. Aldiz, beharbada gizonarentzat bakarrik hartzen den neurri bat ez da gizarte guztiarentzat ona, seguru aski gizonentzat bakarrik. Nik uste hizkuntzekin aplikazioa berdina dela.

  • Ez zait batere gaizki iduritzen Lorearen konparazioak. Egokiak, zuzenak, nire idurikoz.

    Emakume eskubide parekoen aldeko borroka: hegemonia eta menpekotasuna. Eta euskararen eskubide parekoen aldeko borroka: hegemonia eta menpekotasuna.
    Egoera hegemonikoan dagoen gizasemeak-erdarak ez du gustu onez hartuko parekotasuna, parekotasuna=bortxa ikusiko du. Izan ere, inork ez du hememonia GALDU nahi; KENDU egin behar zaio GAINEAN/GAILEN izatea. “Podereak” ez du inoiz poterea uzten.

    Gero, egunorokoan, askoz ere zailagoa, bai badakit.
    Konparazio polita eta erras ulertzen dena, Lorea.