Lopez: “Berdin digu hiltzen duen ETA edo hiltzen ez duena”

ETAren azken agiriak berritasunik ez du ekarri, azken hilabeteetan hartu duen bidean jarraituko duela berretsi du. Espainiako eta EAEko gobernutik ere nobedaderik ez. Zapaterok dio “betiko bera” dela eta Lopezek agiria ez dela itxaroten dutena.


Egia, ETAk esandakoak ez du ekarpen berririk ekarri. Baina, azken hilabeteetan ezker abertzaletik, Sorturen estatutuetatik, Gernikako Akordiotik, Arnaldo Otegiren hitzetatik, eta batez ere, Bilduren emaitzetatik Patxi Lopezek atera duen ondorioa etsigarria da: “Berdinetan gaude”.

Lehen ETAren atentatuak ziren gaitzespena sortzen zutena, orain ETAren existentzia soila maila berean jarri dute. Lopezek esandakoaren arabera, “berdin du hiltzen duen ETA, edo hiltzen ez duen ETA baina itzalean euskal gizartea kontrolatu nahi duena bere itzuleraren mehatxuarekin”. Diskurtso motza, Ajuria Eneako leihoetatik at ikusten ez duena. Behin eta berriz azpimarratu dituen irmotasun eta tinkotasun hitzak dira hauek, bai, baina noizbait proposamen eraikitzaileak ere egin beharko ditu lehendakariak.

Inork ez dio Lopezi eskatu ETAri edo ezker abertzaleari txalo egiteko. Baina, kontxo, berdinetan gaudela esatea… Aurreko hauteskundeetan Bilduk lortutako itzelezko garaipenak pentsarazi behar lioke Gernikako Itunetik eskatzen diren urrats batzuk betetzeak onura besterik ez liokela egingo egoerari. Bilduk aurrerapausoak emateko eskatu du, “inmobilismoa bertan behera uzteko“.

Bilduk eta Sortuk ETAren biolentzia errefuxatu izana gutxitzat hartu eta “totem” berria ETAri desagertzeko eskatzea da. Ez ote du ulertu zertan gauden? Zein den abertzaletasunetik eta nazioartetik proposatzen zaion bidea?

Legegintzaldiaren hasieran ETArekin amaitzea lehenetsi bazuen, Lopezek hobe luke inteligentziaz jokatzea, Egigureni kasu egitea eta berak ordezkatu behar lituzkeen herritarrei errespetu pixka bat izatea eta heldutasunez jokatzea.

“Topikoa dela badirudi ere hau ez da itxaroten genuen agiria ez baitu ETAren desagerpena iragartzen”, azaldu du Lopezek. Topikoak eta betiko leloak aldatzeko garaia noiz helduko zaion dugu buruan guztiok.

2 pentsamendu “Lopez: “Berdin digu hiltzen duen ETA edo hiltzen ez duena””-ri buruz