Llorentek alde egin behar du

Atzo Llorente itzuli zen San Mamésera. Hasierako hamaikakoan parte hartu zuen. Zalengoen txistuak jasan zituen, espero bezala. Inor ez zen harritu, izan ere, pentsaurrekoaren aferak bero-bero darrai oraindik. Ez dut Club-aren portaera zurituko, baina  Llorenteren jarrera ere ez da eredugarria izan. Ez da oso normala Cope, La Ser edo Telebibilbaon agertzea, baina hemengo kazetarien aurrean pentsaurrekorik ez ematea.

Argi dago Llorentek hausturaren bidea hautatu duela. Eta erridikuluarena. Nahiz eta Athletic-ekin kontratua berritzeko zorian Telebilbaon adierazi, bere berbak inor gutxik sinistu ditu. Aspalditik ibili da Athletic jokalariaren atzean eta Llorentek ez du inoiz bere etorkizuna argitu nahi izan. Orain arte. Telebilbaon ospa egiteko desira zeukala publikoki aitortu zuen lehendabizikoz. Gainera, erabaki hori hedabideen jarreraren ondorioa zela esan zuen. Hau marka.

Llorenteren jarrera kritikagarria izan arren, Urrutiak ere ez ditu bere kartak ondo jokatu. Inork gutxi ulertzen du zergatik ez duen oraindino Llorente saldu. Izan ere, jokalari eta taldearen arteko akordioa ia-ezinezkoa dela argi dugu zaleok. Era berean, batak besteari izorratzeko lehiak klubari besterik ez dio kalterik egiten. Europako punta-puntan zegoen taldea izatetik; zirku bat bilakatzera aldatu da taldearen egoera; Javi Martínez-en hesi- jauzia medio.

Jarrera hertsi hau azaltzeko, sentimenduak aipagai izan ditugu. Halere, Cerrajería edo beste jokalari batzuk kanporatzeko ez da errukirik egon. Athletic-en sentimenduen pisua ezinbestekoa da, baina lehiakortasun ere garrantzitsua zaigu. Beraz, Llorentekin zergatik ezberdin jokatu? Hamaika milloi euro mugitzen dituen futbol lehen mailako talde bat dugu Athletic. Konturatzen ez bagara ere. Ez al da hobe “txakur txiker” batzuk ateratzea debalde oparitzea baino?

Ez dit graziarik egiten Athletic-etik alde egin nahi duen jokalari bat izateak. Harrotasun kontuak ere dira. Ez gaitezen engainatu. Aitzitik, argi dut Athletic eta Llorentek duten irtenbide bakarra elkarrekin duten akordioa haustea dela. Izan ere, egoera deserosoa  ez zaio inori komeni: ez jokalariari; ezta klubari ere.

Llorente eta Urrutia elkar hizketan// As.com

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.