Llibres

Askeak edo ez, baina liburuak. Dela Durangoko Azokaren afera, dela liburu digitalen balizko arrakasta edo eza, literaturzaleok badugu zertaz mintzatu, eduki edo formaren ohiko eztabaidatik haratago,  euskarri eta antolaketa ereduei dagokienean. Asko dira gaiaren fokatzeak zein aburuak, ia adierazpenak adina. Ez da beraz nire asmoa iritzi bat gehiago plazaratzea, Bartzelonan ezagutu ditudan eta gogoetarako lehengai baliagarri suertatu zaizkidan hainbat kontu aipatzea baino, beste inori ere balioko diotelakoan, eta hala ez balitz, bertako euskal diasporara batzekoak diren literaturzaleen mesedetan bederen.

Liburutegiak

Izango da oraindik ez dakienik, –ni duela gutxi jabetu nintzen– baina,  ikasi eta ezagunak topatzeko eraikinak izateaz gain, mailegatu edo bertan irakurri daitezken milaka libururen gordeleku ere badira liburutegiak.  Bartzelonan bi motatakoak aurkitu ditut: munizipalak eta unibertsitateek kudeatzen dituztenak. Unibertsitatekoak asko aldatzen dira fakultate batetik bestera. Munizipalen artean, Vapor Vell izenekoa –Santseko estaziotik gertu– aipatuko nuke, 1846an eraikitako fabrika baten birmoldaketaren ondorio dena. Alta, deigarriena ez da eraikina ez kokapena, bertatik, gainontzeko liburutegi munizipaletatatik bezala, aldiro 15 liburu eta 15 ikus-entzunezko etxera eraman daitezkeela baizik. Azpimarratzekoa da film eta  diskoen ugaritasuna eta gaurkotasuna ere.

 

Liburudendak

No time for love. Azken hilabeteetan bi liburutegi esanguratsuk –gutxienez–  haien ateak itxi dituzte. Lehena, Espai Mallorca delakoa da, Balearetako kultura eta sorkuntzak Katalunian promozionatu zein bi lurraldeen arteko loturak sendotzeko asmoz eraikia izan zena. Balearetako gobernuaren diru-laguntzen etetea izan da hamaika ekimenen erdigune zenaren itxieraren zergatia. Berriro martxan jartzeko moduen bilaketan dihardute egun. Bigarrena aldiz, salmenten beherakadak eraginda 88 urteko jarduerari amaiera eman dion “Catalonia” liburu-denda da. McDonald´s batek hartuko du bere tokia. I´m loving it.

Merkatuak

Bilduma zalea den orok –literaturzale izan edo ez– ezinbesteko bisita du Sant Antonin igande goizetan kokatzen den bigarren eskuko merkatua. Jende andana pilatzen da bertan, eta haien artean, bideo-jokoak, aldizkari zaharrak, posterrak, CDak, eta nola ez, liburuak, bost eurotako prezioa nekez gainditzen dutenak. Onik onenean, baliozko zerbait aurki liteke euro bakarraren truke. Beste abantaila bat ere badu: norberaren frikitasunak sortzen duen lotsa baretzeaz  arduratzen dira –aldizkari pornografiko zaharrak eta Magic kartak tarteko– merkatuaren inguruan biltzen diren gizakumeak. Haurtzaroan osatu ez zenuen kromo bilduma hura eskuratzeko abagunea ere bada.

 

Itzulpenak

Datorren astean bertan aurkeztuko da Joseba Sarrionandiaren ‘Moroak gara behelaino artean?’ saiakera liburuaren katalanezko itzulpena, Pamiela eta Pol•len argitaletxeek elkarlanean, crowdfunding bidez finantzatuta, gorpuztu dutena. Otsailaren 23an CCCBko Raval aretoan da hitzordua, arratsaldeko seietan. Ramon Saizarbitoria, Unai Elorriaga eta Bernardo Atxaga dira besteak beste katalanera itzuli diren beste hainbat euskal autore. Aitzitik, ez da askok nahi bezain oparoa bi literaturen arteko harremana, eta orokorrean, gaztelaniaren galbahearen menpe dago.

Esan gabe doaz –lerro artean– galdera eta gogoetak. Erantzunak, nahi duzuenean eztabaidatuko ditugu McMenu baten bueltan.

 

Lander Arretxea

NIRE KONTRA ESANAK