Liverpool 2001 urtean, eta, orain, Melilla du aurrean Alavesek

liverpool-alaves-final-uefa-5-4-rf_440589 (2)

Orain hamar urte zerua ukitzear izan zen Alaves, UEFA finalean Liverpoolen aurka ozta-ozta galdu zuen. Gaur, ostera, bigarren mailara igotzeko playoff-etako aurkaria egokitu zaio, Melilla. Lokatsetatik irteteko liana izan daiteke. Alavesek 2001ean lortutakoaren eta oraingo egoeraren erradiografia da hau.

2001

Txapeldunen Ligarako sarrera eta sailkapenerako bigarren postua esku eskura izan zituen Alavesek 2000. urtean. Azken partidan Athletic irabazi balute Alaves  Champions League-eko punta puntako taldeekin ibiliko litzatekeen. Ez zen hala izan, ordea, eta UEFAra sailkatu zen.

Bigarren maila utzi berria zuen taldeak apal ekin zion UEFAri baina garaiko Karmona, Desio, Cruyff, Contra edo Javi Morenoren taldeak sekulakoa egin zuen: Gazianptespor, Lillestrom, Rosenborg, Inter Milan eta Kaiserslautern kanpoan utzi zituen.

Final gogoangarria izan zen orain 10 urte, Dortmunden bizitakoa. Historia eta itzal handiko Liverpool zuen arerio Alaves txikiak. Partida zoro baten ostean 5-4 irabazi zuten ingelesek luzapenean. Ordurako Alaveseko bi jokalari kaleratu zituen epaileak. Alaves atzetik izan zen partida guztian (2-0, 3-1) eta launakoa markagailuan zela Delfi Gelik sartu zuen urrezko gola… bere atean.

Erresuma Batuko Telegraph egunkariak historiako 16. norgehiagoka onena zela erabaki zuen. Espainian TT bilakatu da #alavesuefa etiketa.

Dena zen zirraragarria urte hartan. Mendizorrotza lepo betetzen zen eta inoizko jokalari eta entrenatzaile talde hoberena zuten. Espero zitekeen Alavesek gorena jo izana urte hartan, hala eta guztiz ere, inork gutxik pentsatuko zuen hamar urte igarotakoan zenbat aldatuko ziren gauzak, txarrerako, noski.

2011

Arlo ekonomikoa

Lehen mailatik bigarren B mailara urte gorabeheratsuak izan zituen Alavesek. Dimitry Piterman ukrainiar enpresariak kluba erosi zuen 2004an. Lehen mailara ere igo zuen taldea baina gutxi iraun zuen diruz hornitutako amets horrek. Gauzak okerrera egin ahala Piterman ahoberoa harropuzten joan zen. Zaleak ez ezik, futbolariak ere haren aurka jarri ziren. Haren erreakzioa ez zen izan apaldu eta elkarrizketa sustatzea, kontrakoa, irainei ekin zion. Pitermanek alde egin zuen baina aztarna etsigarria utzi zuen.

Arabako Aldundiarekin eta Gasteizko Udalarekin harremanak moztu zituen eta diru iturri nagusietakoa ihartu egin zen. Hortik aurrera, eskuz aldatu egin da hirutan Alaves baina arazoak ez dira amaitu. Zorrek itota desagertzear egon da, eta 2B mailako zelaietara baino epaitegietara begiratzen dute gasteiztarrek.

2,5 milioi euro behar ditu Alavesek bizirik segi nahi badu. Bestela, epaitegiek klubaren ondasunak saltzeko agindua beteko du, hamaika dira eta Alavesek zorretan dituenak. Orain pare bat hilabete zurrumurruak handitzen joan ziren: Saski Baskoniako Josean Kerejetak prest zuen taldearen erosketa. Hala eman zuen jakitera Kerejeta berak. Denbora pasa hala arazoak birsortu dira, ordea. Politikari, Vital Kutxa, Alaveseko zuzendaritza eta Saski Baskoniako pertsonen artean korapiloak sortu besterik ez dituzte egin. Ia amaitu da denboraldia eta oraindik ere ikusteke dago Alavesek azalera aterako duen flotagailurik aurkituko duen. Azken hilabeteetan Alavesen etorkizunari buruzko iragarpenak hain izan dira akasdunak hobe dela benetako emaitza ikusi arte espekulazioetan gehiago ez murgiltzea.

Kirol arloa

Kirol arloari begira egoera ez da askoz ere hobea. Egia da aurten bigaren mailara igotzeko playoff txandara sailkatu dela, eta lehen neurketa Melilla-ren aurka izango du. Azken partidetan emandako itxura eskasak itxaropenerako ate gutxi ireki ditu. Sei partida jokatu eta irabazi egin beharko ditu bigarren mailara igotzeko txartela irabazteko.

Asteburu honetan bertan izango da lehen partida Afrikan. Auskalo, Dortmunden goia jo zuen Alavesek Liverpool arerio izanik.  Baliteke berriz ere goruntz eramango duen ibilbideko lehen partida izatea Melillaren aurkakoa. Urrun igartzen da orain hamar urtekoa, urrunegi.

 

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra