Lisboan gora II: Noite e dia do Bairro Alto

MzA1MQ==

Hiria 38 gradutan ari denean irakiten, aldats amaitezinek neke zatarra eragiten dizute, ezinbestean. Bairro Alto hiriko zazpi muinoetako baten igoeran zutitzen da, kapritxoso. Baina zuk, ur botila eskuan hartu eta turistaren jakinmin, kemen eta tentelkeriaz miatzen duzu auzo osoa.

Aurrekoan kontatu nuenez, dekadente xamarra iruditu zait Bairro Altoren dotorezia. Etxe askotxo daude beltz, zikin, zaharturik; monumentu berezienek ere dirudite abandonaturik. Espaloietako harri dotorea altxatu eta mendoxkatan utzirik dago kaleen ertzeetan. Eta honekin guztiarekin kontrastean, hamaika denda “modernillo” daude. Bilbao La Viejako panorama datorkit burura, non putak eta pagamentua esnifatzen duten gazteak diseinu eta modara bideratutako denda zein (gay) anbienteko taberna modernoekin tartekatzen diren, Soho bilbotarrari diztira emanez.

Baina Lisboara itzuliko naiz, beheranzko giro hura berpizten duen zerbait baitago: hiriaren ikuspegi zoragarriena aitortzen dizun kalexka hori, non Alfamako gaztelu arabea ezustean harrapatu dezakezun inprobisatutako miradouroetatik.

Iluntzean, hiriburutik bertatik zein kanpoaldeko herrietatik datozen festazale eta Erasmusez josirik ageri dira Bairro Altoko kaleak. Gitarra jole bat edo beste entzuten da eta sanba bizia dantzatzen du jendeak hiruzpa lau tabernatan. Lima, izotza eta azukre dosi ederra daraman cachaça gogorra erraz edaten dute gautxoriek kalean berriketan dabiltzan bitartean.

MzA1Mg==

Irudia | Noite do Bairro Alto | Irati Elizalde | Creative Commons By SA
Irudia | Alfama. Bairro Altotik | Irati Elizalde | Creative Commons By SA

kazetaria-edo