Baditugu Liburu Gaztea Lehiaketako irabazleak

Baditugu Liburu Gaztea Lehiaketako irabazleak

booktrailer1Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketak baditu irabazleak. Ikastetxeen kategorian Hondarribiako Talaia ikastetxeko Animals Taldea izan da garaile, 104 botorekin, Marta ispiluaren aurrean liburuari buruzko lanarekin. Lau lagunentzako parapente hegaldia irabazi dute.

Bigarren saria Santurtzira joan da San Jose de Calasanz ikastetxeko Olagarroak taldearentzat, 78 botorekin, Ezer ez liburuari buruzko lanarekin. Hauek 200 euroko bonoa jasoko dute liburu eta diskoak erosteko, eta Galtzagorri Elkartearen Klis-klasikoen liburu-sorta bat.

Hirugarren saria Donostiako Herri Ametsa ikastolako Pin Pan Pun taldearentzat izan da, 61 botorekin, Marta ispiluaren aurrean liburuari buruzkoa da beren book trailerra. Hauek ere 200 euroko bonoa jasoko dute liburu eta diskoak erosteko, eta Galtzagorri Elkartearen Klis-klasikoen liburu-sorta bat.

Norbanakoen kategorian, berriz, Urnietako AJUNA taldeak irabazi du, 50 botorekin. Saguak eta gizonak liburuari buruzko book trailerra da eurena. Hauen saria e-irakurgailua da.

Bigarren izan da Arrasateko Zaldi Eroa taldearen lana (Maitagarria eta desioa liburuaz) 36 botorekin eta hirugarren Lasarteko Txoriak taldearena (Ezer ez liburuaz)20 botorekin. Hauek 100 euroko bono bana jasoko dute liburu eta diskoetan gastatzeko.

Lehiaketa arrakastatsua

Liburu Gaztea Book Trailer lehiaketaren bigarren edizioa arrakastatsua izan da, zinez. Ikasturte honetan 20 ikastetxek hartu dute parte Liburu Gaztea lehiaketan, guztira, DBHko 1.700 inguru ikasle aritu dira liburuak irakurri eta horiei buruzko book trailerrak egiten. Ondoren 297 book trailer lehiatu dira: 275 Ikastetxeen kategorian eta 22 norbanakoen kategorian. Iaz 182 izan ziren guztira: 167 Ikastetxeen kategorian eta 15 Norbanakoenean.

Irabazleak boto bidez hautatu ditu publiko zabalak. Guztira 819 lagunek hartu dute parte bozketan. 1006 boto bildu dira denera. Ikastetxeen kategorian 758 boto egon dira eta Norbanakoenean 248. Boto-emaileen artean egindako zozketan Eneko Ramosi egokitu zaio saria: e-irakurgailua.

Web gunera bisitak

Lehiaketa 2013ko irailean abian jarri zenetik bisita kopuru ugari izan ditu Liburu Gaztea web guneak. Urrian, lehiaketa abian jarri zenean, 13.484 bisita izan zituen. 2014ko otsailean, book trailerrak igotzeko epea amaitu aurretik, 10.034 bisita. Eta martxoan, botoa emateko epea zabaltzearekin batera, 25.354 bisita.

Sari-banaketa ekitaldia

2013-2014 Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketa amaitzeko sari-banaketa ekitaldia egingo da datorren ekainaren 11n. Ekitaldia 11:00etan izango da Donostia 2016ren egoitzan, beheko solairuan (Easko kalea, 43). Bertan izango dira Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Zuzendari Zigor Etxeburua, Galtzagorri Elkarteko presidente Iñaki Markotegi eta liburuen idazle nahiz argitaletxeetako ordezkariak.

2014-2015 Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketa

2014-2015 ikasturtean ere Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketari ekingo diogu. Dagoneko, Liburu Gaztea Batzordeak irakurri ditu 2013an euskaraz gazteentzat argitaratutako literatur-liburu guztiak eta hautatu du DBHko maila bakoitzerako liburu bana.

– DBH1: Zuhaitzak landatu zituen gizona. Idazlea: Jean Giono. Itzultzailea: Mikel Vilches.

– DBH2: Etsai gordea. Idazlea: Jokin de Pedro Perez.

– DBH3: Maitasun sua. Idazlea: Aitor Arana.

– DBH4: Gezurrezko natura hila. Idazlea: Marinella Terzi. Itzultzailea: J.A. Sarasola.

Ohi bezala, liburu horiek Aurtengo Proposamenak atalean izango dira hurrengo ikasturtean. Baina gogoan izan lehiaketan parte hartzeko Ezinbestekoak ataleko liburuen book trailerrak ere egin daitezkeela. Liburu-zerrenda hori literatur adituek osatutako euskarazko gazte literaturako titulurik onenekin osatutakoa da, beraz, datorren ikasturtean ere bi zerrenda izango dira irakurketa onaz gozatzeko eta ikasleak liburuak irakurri eta book trailerren bidez gomendatzera animatzeko.

Bide batez, lehiaketak datorren ikasturtean zenbait aldaketa izango dituela ere jakinarazi nahi dugu.

Book Trailer Lehiaketak izan dituen bi edizio hauetan parte hartzeari eman dio  garrantzia Galtzagorri Elkarteak. Hori dela eta, botazio publiko bidez hautatu dira irabazleak. Horrek, ordea, ez du beti irabazleen lanaren kalitatea bermatu eta hemendik aurrera Galtzagorrik proposatzen dituen irakurgaien kalitatea bermatzen den moduan, book trailer sarituen kalitatea bermatzeko ahalegina egingo da.

Hortaz, ikasturte berrian sarituak epaimahai batek hautatuko ditu. Epaimahai hori Galtzagorri Elkarteko zuzendaritzako kide batek, Liburu Gaztea Sariko Batzordekide batek, ikus-entzunezkoen alorreko profesional batek eta literatur aditu batek osatuko dute.

Horrez gain, PUBLIKOAREN saria ere egongo da boto gehien jasotzen duten book trailerrentzat. Eta botoa ematek ere saria izango du orain arte bezala.

Baditugu Liburu Gaztea Lehiaketako irabazleak

Euskal Haur eta Gazte Literatura Elkartea.