LGTBI+ legea: maribistako ez da deustako

LGTBI+ legea: maribistako ez da deustako –

2021eko ekainaren 18an beteko dira lau urte onetsi zela Nafarroako LGTBI+ Berdintasun Sozialerako Legea. Horren alde bozkatu zuten alderdi gehienek, UPNk (abstentzioa) eta PPk (aurka) izan ezik. Ondoren, 2019ko ekainaren 24an onartu zen hura garatzeko Ekintza Plana (2019-2022). Gainera, LGTBI+ taldeak gogor saiatu ziren legea gorpuzten.

LGTBI+ legea: maribistako ez da deustakoDena dela, legea ez da batere garatu, eta LGTBI+ berdintasunerako aurrekontuetan orain arte jarritako partidak farregarriak dira. Legealdi honetan, LGTBI+ berdintasunaren zuzendariordetza sortu arren, eginkizun ia bakar izan du diru pittin batez laguntzea Kattalingorri elkarteak eskainitako zerbitzuak, horiek legea onetsi aurretik finantzatuak egonagatik. Beraz, deus berririk ez eguzkipean. 

Legeak Nafarroa Garaiko administrazioen alor guztiak jorratzen ditu, baina esparru gehien-gehienak ez dira ukitu ere egin. Hortaz, esan daiteke lege hau dela gutxien bete dena Nafarroako legeetan, eta egiatan zaila da marka hori haustea. Herrialdeko talde batzuk babesteaz gainera, ekintzarik ikusgarriena izan da erakusketa ibiltaria, 2020ko abuztuan Txibite lehendakariak arrandiaz inauguratu zuena, herriz herri eramatea furgoneta batean. 

Legeak 66 artikulu ditu osotara, eta 5 dira hezkuntzaren arlokoak. Besteak beste, ondoko betebeharrak xedatzen ditu Hezkuntza Departamentuarentzat:

­Beharrezkoak diren neurriak hartuko dituela, hezkuntza eta trebatze programak barne, hezkuntza sistematik ezabatzeko edozein sexu-joera, genero-adierazpen eta sexu- edo genero-identitate besteak baino gutxiago edo gehiago dela uste izatean oinarritutako aurreiritziak edo diskriminazioa adierazten duten jarrerak eta praktikak.

Ikastetxe publiko eta pribatuek zainduko dutela sexu-joera, genero-adierazpen eta sexu- edo genero-identitateagatiko indarkeriaren gaineko kontzientziazioa eta prebentzioa egiten direla, eta bideak taxutuko dituztela edozein pertsonaren horrengatiko balizko diskriminazio- edo bazterkeria-egoerak antzemateko. Konpromiso eta prozedura horiek modu esplizituan adieraziko dira ikastetxe bakoitzeko hezkidetza planetan.

Oso agerikoa da aurrekoa ez dela betetzen, are gehiago legea onartu zenetik gela itunduen kopurua nabarmen handitu denean ikastetxe pribatu katolikoetan. Horietan, oro har, ez dago hezkidetza planik, uniforme bitarrak erabiltzen dituzte, eta dotrina katolikoa dute gidari. Oroit gaitezen dotrina katolikoan hau irakasten dela: “ekintza homosexualak arauz kanpokoak dira berez, Naturaren legearen aurkakoak, sexu ekintzari ukatzen diote biziaren dohaina eta ezin dira inola ere onetsi.” Gainera, astean erlijio katolikoaren bi saio irakasten dira, estatu espainiarreko autonomia erkidego gehienetan saio bakarra denean.

Martxoan Hezkuntza Departamentuak berritu zituen Lehen Hezkuntzako itun guztiak ikastetxe pribatuekin, besteak beste Opus Deikoekin. Gimeno kontseilariak adierazi zuen ikastetxe horietan ez zela sexu edo genero segregaziorik egonen irailetik aurrera. Ordea, aipatu eskoletako eledunak esan zuen segregatzen jarraituko zutela. Jakinki lau legeren aurka doala (LOMLOE, Itunpeko ikastetxeen finantzaketa arautzeari buruzko Foru Legea, Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko Foru Legea eta, noski, LGTBI+ Foru Legea), nola onartu dute? Nolatan ez dute itxaron segregazioa bukatu arte?

Begi bistan da LGTBI+ legearekin itxura “progrea” lortu nahi zutela, eta gero apalategi batean sartu eta ahal den gutxien erabili; azaleko berniza baizik ez zela izanen. Helburu bakarra zen LGTBI+ taldeek sortutako diskurtsoak eta borrokak marketing kanpaina bilakatzea eta, aldi berean, haien aldarrikapenak urardotzea,  gizartearen eta botere egituren LGTBI+fobia batere aldatu gabe. Oraingoz, nahi zutena erdietsi dute: gobernuan goxo egotea eta, aitzaki-maitzaki, haien karguetan jarraitzea, kosta ahala kosta. Horregatik, ez diegu lotsa beste zorrik. LGTBI+ legea: maribistako ez da deustako. 

.

Raúl López Ekai 
Eider Larripa Belzunegui 

LGTBI+ legea: maribistako ez da deustako