Lepauztaiak errepidean

Amets Txurruka txirrindulari saiatuak, 2015eko denboraldi barria hasi eta derrepente, Etoile de Besseges-eko laugarren etapan, jauskera izan dau -taldeko hiru ziklistak hartu dabe min Frantziako karreran-. Bi kilometroren faltan, Etxebarriako kirolaria Pello Bilbao taldekidea helmugarako ondo kokatu guran beharrean ebilela izan dau istripua, eta ezkerreko lepauztaia apurtu. Zoritxarrez ondo ezagutzen dau lesioa, hezur bera behin baino gehiagoan apurtu dau-eta; eskuman beharren ezkerrean izan da honakoan. Ebakuntzak gora behera, txirrindulariak denbora beharko dau bidera bueltatzeko.

amets txurruka (caja rural)Lepauztaia apurtzea da txirrindulariek izaten dabezan ezbeharren artean arruntenetakoa, jauskeratan errepidearekin joten daben gorputz atala izaten dalako sarri. Txirrindularitza zaleek ezaguna dabe bide bazterrean botata, sorbaldari eutsi eta minez taldeko autoaren zain dagoan zorigaiztoko txirrindulariaren irudia.

Gorputzeko hezur apurketarik arruntena ei da lepauztaiarena (hausturen %10a); zer esanik ez txirrindulari, motozale eta zaldi gainean dabilenarentzako; jausterakoan alturatik egiten dabelako, alborantza eta gorputza babestu guran besoa luzatuta dabela sarri. Holakoetan, jaustean sorbaldak hartzen daben kolpea bortitzagoa izaten da, bizkor-bizkor doazela-eta. Horrexek eraginda, lepauztaiak daben flexibilitate muga gainditu eta apurketa jazotzen da.

Lepauztaia hezur luzea da, bularrezurraren eta sorbaldaren artean dagoana eta “s” itxuran okertzen dana. Apurketetan, zauritutako sorbaldak behera egiten dau eta aurrerantza okertzen da, bularrezurrera hurreratuz. Beste edozein apurketetan letxe, ingurua mindu eta hantura izaten dau besoa mugitu ezinik izaten daben zaurituak.

Istripua izan eta hezurra apurtzen danean, sorbalda agudo inmobilizatzea komeni da, laupabost astez. Neurri hori hartzeak nahikoa beharko leuke zauria ondo osatzeko, kirofanotik pasau beharrik barik. Baina izaten dira ebakuntzak txirrindulari profesionalen kasuan, osatze prozesua bizkortu eta bidera ahalik eta lasterren bueltatzeko.

Lepauztaiaren apurketarik ez izateko ezer gutxi egin leike, espero bako istripuek eragindakoa izaten da-eta. Komeni da halan bere beso sendoa izatea, bai eta kaltzio eta D bitaminan aberatsa dan dieta egitea be.

Caja Rural-eko kirolariak ondo ezaguna dau azaldutako prozesua, bere txio batek eroan gaituelako Dorsal 51 txirrindularitzako atarira -lepauztaiaren apurketaz berba egiten dabe- eta… honezkero sei bider apurtu dabelako lepauztaia, seitan!

Txurrukaren taldekide Miguel Angel Benitok kontutan hartzeko moduko beste datu bat eman dau txirrindulari zaurituari buruzkoa: “atzoko etapa bukatzeko, Amets Txurrukak %15eko aldapak igo behar izan ebazan lepauztaia apurtuta ebala, gidoina ezin kolpeta”. Etxebarriako kirolariak, bere aldetik, “zoritxarrez berriz be lepauztaia apurtuta, biher honen alde iluna -dino beste txio batean-. Epe motzean bueltatzeko lana gogotik egingo dot!”.

Errepidean agertzen daben ausardia eta grinari erreparatuta, ez dogu halan izango danaren inolako dudarik; animo!