Lehia burujabetzaren aldeko borroken artean?

Lehia burujabetzaren aldeko borroken artean?

Lehia burujabetzaren aldeko borroken artean?Irudipena dut euskalgintza apur bat astindu duela independentziaren inguruko diskurtso berriak. Niretzat haize freskoa izan dena kezkagarria zaio zenbaiti, irrigarria besteri. Euskara alboratuko ote den, lurraldetasuna baztertu, historia gutxietsi… Normala da, modu probokatzailean egin baita diskurtso berri hau, eztabaida pizteko asmoz. Helburua lortua

Dena den, sentsazioa dut euskalgintzak defentsiban erantzun duela, hobe bizitzeko independentzia eta euskaraz bizitzeko independentzia kontrajarriak bailiran. Esango nuke, lehia hori piztea leporatu diotelaUnai Apaolazari. Zergatik ez dakit, Apaolazak oso argi hitz egin baitu: Ez dago mailaketa bat independentziarako arrazoien artean”;“Ongizatea izango da alor guztietan, bai ekonomikoan, bai “identitario” deitzen diogun horretan eta denean; denak suspertu behar dira, denak bultzatu”.

Apaolazari iruditzen zaio zapalduta bizi garela, espainiarren zein frantziarren eta euskal herritarren arteko botere harremana oso desorekatua dagoela, eta egoera aldatu nahi du, berdintasuna lortze aldera. Horretarako independentziaren aldeko borrokara erakarri nahi du ahalik eta jende gehien, izan abertzale edo ez, izan euskaldun edo ez. Normala da, burujabetza indar-harreman kontua baita; zenbat eta independentista gehiago lortu, orduan eta aukera handiagoa gauzak aldatzeko.

Gizon eta emakumeen arteko botere harremana ere guztiz desorekatua dago. Emakumeak zapalduta bizi dira. Feminismoek emakumeen ahalduntzearen alde borrokatzen dute, emakumeak burujabe izan daitezen. Patriarkatuarekin amaitzeko ahalik eta jende gehiena batu behar dute borrokara, izan abertzale edo ez, izan euskaldun edo ez, izan emakume edo ez, indar-harreman kontua baita sistema aldatzea. Eta gogor borrokatu beharko dute mugimendu feministek hori lortzeko, beraiek ez badute egiten, ez baitu beste inork egingo.

Era berean, langile mugimenduak langileen burujabetza bilatzen du, langileak antolatuz eta borrokatuz. Sorreratik izan da borroka kolektiboa, langilearen eta ugazabaren arteko botere harremana guztiz desorekatua baita. Zenbat eta langile gehiago batu, orduan eta indar handiagoa gauzak aldatzeko. Horregatik bilatzen ditu sindikatuak langile abertzaleak eta ez abertzaleak, euskaldunak eta erdaldunak, bertan jaioak eta kanpotik etorriak, helburua baita ahalik eta indar handiena aktibatzea zapalkuntza sortzen duen kapitalismoarekin amaitzeko. Langile mugimenduak borrokatu behar du langileen lan- eta bizi-baldintzak hobetzeko, bestela, beste inork ez baitu egingo.

Esan izan dute lan erreforma, esaterako, ez dela sindikatuen kontua soilik, zabalagoa dela, legea aldatu gabe ez dela lan erreforma atzera botako. Gertatzen dena da alderdiek hamaika kontu izanda, ez dituztela langileen beharrak lehenetsiko, langileak aktibatu eta mugimendu indartsu bat sortzen ez dugun bitartean. Eta hori langile mugimenduaren ardura da.

Berdin gertatzen zaio euskalgintzari. Euskararen menpeko egoera aldatu nahi du, eta horretarako ezinbestekoa du jende gehiago euskararen aldeko borrokara biltzea. Erakarri nahi ditu abertzaleak eta ez abertzaleak. Erakarri nahi ditu euskaldunak eta erdaldunak.

Orain, independentismoan sortzen ari den diskurtso berria kritikatzen du, hobe bizitzea lehenesten duelako euskara baztertuz (ez dakit euskaraz sortu eta adierazten den diskurtsoak zein puntutan baztertu duen euskara). Gertatzen dena da, independentista izateko arrazoi asko dagoela, eta euskara izarra izatea nahi duenak gogor borrokatu beharko du hori lortzeko.

Askotan, gure ardura dena ez dugu behar bezala egiten, edo ez dugu, behintzat, nahi ditugun emaitzak lortzen, eta besteei leporatzen dizkiegu gure gabeziak. Ulertzen baitut, euskararen alde ari direnak, ere, hobe bizitzeko egiten dutela. Hemen, denok nahi dugu bizitzea tokatu zaigun epe labur honetan ahalik eta hobe bizi. Asmatu nahi dugu, besteak beste, hau delako daukagun bizitza bakarra. Hemen eta orain asmatzen dugu, edo akabo. Eta, kontrajarria badirudi ere, batzuk geure bizitza konplikatuta hobe bizi gara, horrek zentzuz betetzen baitu mundu honetan egiten ari garen ibilaldia.

E egunaren zain ez dugu egon behar. Burujabetza egunero eraiki behar da. Zapalduen burujabetza, elikadura burujabetza, energia burujabetza, ekonomia burujabetza… Egunero eraikitzen joan behar dugu burujabetza hori, burujabetza borroka desberdinak saretuz (Alternatiben Herrian egin zen bezala), bai baitakigu Euskal Herria independentea denean ez dela izango ez euskalduna, ez sozialista, ez feminista, ez ekologista, ez guztiz demokratikoa, ez burujabea. Borrokak eta eraikuntzak jarraitu beharko du.

Orduan zertan gabiltza? Gure ondorengoei mundu hobea uzten saiatzen; geure bizitza zentzuz betetzen saiatzen. Burujabetza borroka desberdinak saretu. Lehia? Zapalkuntzari.

Lehia burujabetzaren aldeko borroken artean?

7 pentsamendu “Lehia burujabetzaren aldeko borroken artean?”-ri buruz

  • Nahiko nahastuta zabiltza Unai,beida. Herri honek historikoki eduki duen borroka, eta Francoren diktadura ezkeroztikoa bere superbibentziagatik izan da.
    Gure kultura, gure herria eta hizkuntza babesteko.Horretarako ezinbestekoa estatu propioa da, baina ez helburua, herramienta soilik.
    Lehenengo aldiz historian, independentzia bultzatu nahi dutenen artean batzuek, euskera, herria eta kultura atzean utzi behar direla diote (ezker abertzaleko kupulak orain dela gutxi), eta hori ez litzateke kezkagarria herri onen superbibentzia nahi dugunok Kataluinan bezala gure identitatea eta hizkuntza bermatutak baleude, bano oso egoera txarrean daude gure hizkuntza eta kultura, Lekaroz en gertatuko dena beste leku askotan gertatu da. Badirudi batzuek independentzia solik estatu sozialista bat edo sortzeko nahi dutela, eta ez litzake arazo ez balira gure herri eta kultura gutxitu eta ahultzen duten neurriak hartzen ari.

    Beraz, niri eszenarioan euskara hizkuntz ez duen eta gure kultura babesten ez duen estatu espanol txiki bat sortzeko, espanin berdin gaude eta esfortzurik gabe.

    Azken 50 urteotan, edo 500 urteotan euskal herriaren batailan aldatu den gauza bakarra da beti ABERTZALE eta SOZIALISTA izan den herri mugimendu batetan duela aste bat 4 tipok eta inorri ezer galdetu gabe , orain ez duela ABERTZALE izan behar erabaki dutela da. PODEMOSEN arrantzaleku beretan arrantza egiteko edo, patetikoa .

    Gu, euskal gizarte abertzale gehiengoa betiko lekuan gaude eta mugitu gabe.Eta gure eskaeran betikoak dira.

  • Hor ez dago ezer berririk.
    Betiko matraka da: ongi bizitzeak ez duela zer ikusirik gure norasunarekin, gurea ez dela nazio askapenerako borroka bat,..
    Finean independentzia nazionala ez dela borroka soziala esaten digute; garai batean EMK, LKI ta horrelako talde espainolistek egin ziguten bezala.
    Nork esaten du abertzaleok ez dugula hobeto bizitzearen alde borrokatzen, edo abizenen jatorriari erreparatzen diogula? Ba… ideologia inperialistak.
    Asmo onez ari bazara Unai, Joxe Manuel Odriozolaren artikulu hau irakurtzea gomendatzen dizut http://www.berria.eus/paperekoa/1832/022/003/2016-03-09/ezkerra_eta_nazio_askapena.htm ezkerra eta nazio askapenaren inguruan
    …Eta gehiago sakondu nahiko bazenu … http://www.orreagataldea.com/2011/11/22/zertan-ari-gara/
    Ez da berria eta ez da independentismoa.
    Espainiar estrategiarekiko (instituzioak) menpekotasuna indartzeko, erreferentzi ideologiko matxuratuak ( gramsci, pci, eurocomunismo, euskadiko ezkerra, hego amerika,..) erabiltzen dituzten infiltratuak ( zentzu ideologikoan) baino ez dira.

  • A! eta zergatik erabili “identidadea” nortasuna erabili beharrean ?

  • Feministok jendea biltzeko feminismoari uko egingo zioten?
    Ez, ez zuelako zentzurik izango.

    Hau erranda, beti izango da errazago Euskal estatu burujabe batean euskara biziberritzea, 100 milioi biztanle dituen bi estatuetan biziberritzea baino.
    Hori bai, zuzenean estatua sortzerakoan euskara baztertzea, askoz zailago bihurtuko luke EH burujabe batean euskara biziberritzea.

  • Mila esker Iruzkinengatik Unai2, Iñaki eta Sugar.
    Unai2, artikuluan idatzi dudan bezala, ez ditut modu kontrajarrian ikusten euskararen aldeko eta langileen, zein emakumeen, zein ekologiaren aldeko borrokak. Niretzat osagarriak dira.
    Iñaki: zintzoki ari naiz (hori uste dut ;)), gustura irakurriko ditut jarri dituzun bi loturak. Apaolazaren diskurtsoa ez dela ezer berria? Ez dakit berria den edo zaharra, baina niri freskoa egin zait.
    Sugar, ez dakit zergetik esaten duzun euskara baztertzearena. Euskararen alde borrokatu behar da independentziara itxaron gabe, independentzia berez ez baitu ekarriko euskararen normalizaziorik. Hori saiatu naiz azaltzen artikuluan, burujabetza desberdinen aldeko borrokek ez dutela E egunaren zein egon behar, burujabetza horiek gaurtik eraikitzen joan behar dugula, eta borroka desberdin horiek saretu.

  • Euskara erdigunera ekarri beharra dago, ez da borroka bat gehiago, sektorializatzea akatsa da, akats etrukturala gurean. Naziogintza euskaraz egin beharra dago, feminismoa euskaraz egin beharra dago, eskubide sozialak euskaraz aldarrikatu beharra daude, Belodromoko mitinek euskaraz behar dute izan… Euskaraz oso-osorik, hasi eta bukatu. Euskaraz, eta ez euskarari buruzkoak.

  • Euskalgintzarentzat euskara da zentrala eta transbertsala; feminismoarentzat feminismoa ere zentrala da eta transbertsala; sindikatuarenntzat klase ikuspegia da zentrala eta transbertsala; ekologistarentzat ekologia da zentrala eta transbertsala. Eta hala izan behar du, nire ustez. Borroka guztiak dira beharrezko, osagarriak baitira, eta saretzen asmatu behar dugu. Inork ez du bere borroka nagusia bigarren mailan utzi behar E egun baten ondorenera arte.