Lehen zita rol jokoekin

Badakigu egon badirela eta hauekin gozatzen duenik ere badela. Askorentzat, ostera, arrotzak eta neurri batean ulergaitzak dira; ulertu nahi ez ditugulako, kuxkuxean jarrita unibertso infinitua zabaltzen baitzaigu begien aurrean.

Lehen aldiek izaten duten zirrararekin hurbildu gara rol jokoetara, talde lanean oinarritutako borroketara. Hasiera-hasieratik heldu zaigu lehenengo ustekabea, partida hasi aurretiko pausua jokoa bera ezagutzea baita, eta horretarako liburu bat irakurri beharra dago, erosi egiten den liburua. Honek ezartzen ditu arauak, nahiz eta arau solteak ere eros daitezkeen osagarri gisa, esaterako, Internet bidez. Liburu bakoitzak, halaber, girotze bat dakar, testuinguru jakin bat; pertsonaiek beren abentura biziko duten errealitate hori erabat librea da denborari eta espazioari dagokionez. Azken batean, fantasiazko munduak, etorkizuneko errealitate modernoak, XX. mendeko gerra aldiak, Grezia eta Erroma klasikoa, izugarrikerien mundua, Bikingoen garaia, espazio-ontzien borroka giroa eta beste mila ingurunetan koka daitezke lagunarteko partidak. Liburuak dira gakoa, hauek definitzen baitituzte fikziozko unibertso horien ezaugarriak: superheroiak nahi izanez gero, horiei buruzko liburuxka eskuratu besterik ez duzu. Jokalari bakoitzak gehien gustatzen zaiona erosten du, eta hortik abiatuta sortzen du istorioa. Gainera, jokoaren araudia ere ezarrita dakar liburuak, hau da, joko horretan parte hartuko duten pertsonaien nolakotasuna –indarra, kalitatea, gorpuzkera…–; horien arabera elkar eragingo dute ingurunearekin.

Ostiralerako egin dugu zita, eta zein jokorekin ariko garen eta epailea edo masterra nor izango den erabaki dugu. Azken honek bi lan ditu egiteko. Bat partidaren aurretik: jokoaren gidoia, istorioa, prestatu behar du etxean. Jokatzen ari garen bitartean, bestetik, araudia bete dadin ziurtatu behar du, eta partida gidatu. Partida on bat jokatzeko, masterraz gain, bost edo sei lagun nahikoa dira, nahiz eta parte hartzaile gehiago biltzen dituztenak ere antolatzen dituzten; oro har, zenbat eta distrakzio, zarata, zalaparta gutxiago, hobe.

Elkarteak funtsezkoak dira rol jokoen zabalkundeari eta ezagutzari dagokionean. Bilbon, Gasteizen, Donostian, Iruñean, Baionan…, nagusiki hiriburuetan, hogei eta hogeita hamar bat bazkideko taldeak daude; zenbait kasutan elkarrekin kontaktuan, beste zenbaitetan ez. Horietako batzuek, gainera, jardunaldiak eta topaketak antolatzen dituzte, jende andana erakatzen dutenak. Zenbait egunez, elkarrekin bizitzeko, joko ezberdinak probatzeko eta horiez gain antolatzen dituzten bakarrizketez, topaketa gastronomikoez, eta abarrez gozatzeko aukera ere izaten dute.

Halako topaketetan manga kultura japoniarraren jarraitzaileek eta bestelako zaletasunak dituzten jokalariek ere egiten dute topo. Horren ondorioz, rol jokoek ere hainbat ezaugarri berenganatu dituzte; esaterako, cosplay-a. Ingelesezko costume eta play hitzen elkarketatik dator, eta mozorro jokoa adierazten du; pertsonaien janzkera berenganatu eta haiek bailiran jardutea esan nahi du.

Segi rol jokoei buruz irakurtzen gaztezulo.com-en

Euskal Herri osora hedatzen den euskara hutsezko gazte hilabetekaria da Gaztezulo. 2000 urtean hasi zuen bidea aldizkari gisa, baina egun askotariko euskarriak dituen proiektu komunikatibo osoa da. Gazteen topalekua.