Lehen Arreta gaixo, pandemiak eta aurrekontuek jota

Lehen Arreta gaixo, pandemiak eta aurrekontuek jota –

Covid-19aren seigarren olatu betean, Osakidetzako argazkia betikoa da: lehen arreta gainezka, lantaldeak murriztuta eta biztanleriaren osasun beharrizanak ezin bete. Argazki hori politika ekonomizisten ondorio zuzena da. Pandemia aitzakia ezin hobea izan da lehen arreta eraisten jarraitzeko, plan bakarra osasun zerbitzuetako lantaldea estutzen jarraitzea baita. Aldi berean inoiz baino osasun aseguru pribatu gehiago kontratatzen dira. Hala argitaratu berri du La Vanguardia egunkariak: “Osasun aseguru pribatuen kontratazioak goia jo du osasun publikoaren egoeragatik”. Hori horrela izanik, ulertzekoa da 2019an Jon Darpon Jaurlaritzako Osasun Sailburu ohia fitxatu izana Keralty aseguru etxe pribatuak.
Lehen Arreta gaixo, pandemiak eta aurrekontuek jota
2019ko ekainaren 17an, Arabako Lehen Arretak greba egin zuenean. Argazkia: Alea.

Aurreztea da helburua, eta krisi sanitario betean izagatik ere, helburu hori dago Osakidetzak hartutako erabakien atzean: urriaren bukaeran Osakidetzak 4.000 profesional alde batera utzi zituen; Gabonetan, seigarren olatuarekin batera, osasun zentroen ordutegia murriztu eta zenbait Etengabeko Arreta Gune EAG itxi ziren (esaterako, San Martin, Deustu eta Zumarragakoak). Erabaki horiek ondorioak izan dituzte: lehen arretaren egoera jasangaitza bihurtu da, eta ospitaletako arreta gero eta tenkatuago dago.

Errealitatea mozorrotzeko egi erdiak errepikatzen dira mantra gisa, hala nola, ez omen dagoela mediku nahikorik. Gabezia hau ez da ausazkoa, programatua baizik: batetik, belaunaldien erreleboa ez da planifikatu, eta, bestetik, Osakidetzako langileei ematen zaien tratu kaskarrak beharginek alde egitea ekarri du.

Argazki hori ez da berria, lehen arretako arazoak estrukturalak direlako, Covid-19a baino askoz ere zaharragokoak. Pandemia aurreko egoera prekarioa are gehiago okerrarazi baitu pandemiak. Gogoratu dezagun 2019an lehen arretako langileek hiru greba egun egin zituztela prekaritatea salatu eta aterabideak eskatzeko.

2020ko abenduan ELAk txosten bat plazaratu zuen Osakidetzaren arazo estrukturalei eta horien kausei buruz. Txosten horretako datuek agerian uzten ditu osasungintza publikoaren arazoak: hasteko, Europako eta Espainiar estatuko azken postuetan dago EAE osasunera bideratzen duen gastuari dagokionean. Europar Batasunean batez besteko inbertsioa BPGaren %7koa da, eta Espainian %6koa; EAEk, aldiz, osasungintzan BPGaren %4,9 inbertitzen du, hots, Lituaniak, Maltak eta Greziak baino gutxiago. Portzentaje hori, gainera, murriztu egin da azken hamarkadan. Era berean, mendebaldeko herrialde aberatsetan 1.000 biztanleko ospitaletan batez beste 4,7 ohe badira, EAEk 3,64 ditu, hau da, Letoniak eta Estoniak baino gutxiago. Bestalde, kopuru horrek behera egin du azken urteetan. Osasungintzako langileen egoera ere ez da hobea: EAEn biztanleko Lituanian edo Eslovenian baino sendagile gutxiago daude, eta Eslovakiak eta Greziak baino erizain gutxiago. Argazkia osatzeko erantsi daiteke, Osasun Sailak 2021eko otsailean emandako datuen arabera, Osakidetzako hamar langileetatik ia sei behin-behinekoegoeran daude, hots, 24.600 langile dira behin-behineko; horietatik ia 9.000 duela 8 urte edo gehiago ari dira bertan lanean.

Orain Eusko Jaurlaritzaren 2022ko Aurrekontu Legea bozkatu, eta onartu da Legebiltzarrean. Osasungintza publikoari ez dio inbertsio handiagorik ekarriko, eta propaganda alde batera utzita, aurrekontuak ez die erantzuten Osakidetzako gabezia larriei. Aitzitik, inbertsioa 2021eko ekitaldian gastatu dena baino 16 milioi euro gutxiago izango da. EH Bilduk iragarritako neurriek ere ez dute balio lehen arretak dituen arazo nagusiei aurre egiteko; 30 milioi euro inbertitzeko aukera aipatzen dute. Aurrekontuen akordioak dio inbertsioa 2022an eta hurrengo urteetan gautzauko dela (ez du besterik zehazten), eta 2019az geroztik dagoen lehen arretako estrategiari eutsiko zaio, hau da, egoera okertzea besterik ekarri ez duen estrategiari.

Gainera, akordioan esaten da EAGei buruzko azterketa bat egingo dela. Baina azterketa hori duela hainbat hilabete egin zen, eta EAGak ixtea edo bertako zerbitzuak murriztea du helburu, profesional gabezia aitzakiatzat hartuta. Gainera, berriki Osasun Sailetik iragarritako protokolo berriek ez dute balioko osasun zentroen egoera hobetzeko, herritarren osasun beharrei erantzun gabe jarraituko baitute.

Horrenbestez, ondorio nagusi bat atera behar dugu: Osakidetzak alboratu behar ditu propaganda eta zerbitzu publikoak deusezteko akordio hutsalak. Azken batean, Osakidetzak behar duena zera da: inbertsio gehiago. Asko baitugu jokoan.

Lehen Arreta gaixo, pandemiak eta aurrekontuek jota Lehen Arreta gaixo, pandemiak eta aurrekontuek jota Lehen Arreta gaixo, pandemiak eta aurrekontuek jota

ELA-Osakidetzako arduraduna

Zer duzu buruan “Lehen Arreta gaixo, pandemiak eta aurrekontuek jota”-ri buruz

  • Guztiz ados. Halaber, egoera hau ere posiblea izan da Osakidetza zuzenbide pribatuko ente publikoa delako, eta gero eta agerikoagoa da Osakidetzak erakunde autonomoa izan beharko lukeela, hots, zuzenbide publikoaren arabera bakarrik jarduten duen erakunde gisa. Bada garaia 1997an hartutako erabaki okerra (Azkunak gidatuta) zuzentzeko.