‘Lehen aldiz euskaldunon ahotsa eta kezkak helarazi zaizkio Europako Kontseiluko Aholku Batzordeari’

madril-20111213

Gutxiengo Nazionalen Babeserako Hitzarmen-markoaren Batzordearekin bildu da Kontseiluko idazkari nagusia Madrilen

Espainiako Estatuak Gutxiengo Nazionalen Babeserako Hitzarmen-markoa 1995ean berretsi zuen eta 1998an jarri zen abian. Europako Kontseiluko Aholku Batzordeak aipatu Itunaren betetze-mailari buruzko bi ebaluazio egin ditu eta egunotan hirugarrenaren karira bilera egin dute Kontseiluko Paul Bilbaok, A Mesa Pola Normalización erakundeko Carlos Callón-ek eta CIEMEN erakundeko Carles Rierak. Izan ere “Espainiako Estatuak Ituna berretsi arren, Estatua nazio banaezina denez, gutxiengo nazionalik ez dagoela argudiatu izan du eta Itun hori ijitoei besterik ez die aplikatu izan” azaldu du Kontseiluko idazkari nagusiak.

Espainiako Estatuaren jarrera hori izan bada ere, Aholku Batzordeak aurreko bi ebaluazioetan galdetu izan dio Estatuari bestelako nazioen inguruan, baina Estatuak ez ditu inoiz kontuan hartu izan Batzordearen galderak edota gomendioak “Europa mailan Itun guztiak berresten dituen Estatu bezala agertzen da, baina gero Itun horiek dakartzaten konpromisoak saihesten ditu” adierazi die Paul Bilbaok Adituei.

Izan ere, Bilbaok gogor salatu du Espainiako Estatuaren jarrera Adituekin egindako bileran: “Lotsagarria da orain arte egindakoa, eta bazen garaia gure ahotsa ere presente izan zezaten Adituek” gaineratu du. Bilbaok adierazi duenez Adituak berak jarri dira euskaldun, katalan eta galegoekin harremanetan haien iritzia jasotzeko, Estatuak ez duelako orain arte borondaterik izan hizkuntza gutxituen iritzia izan zezaten.

Bileran Bilbaok jakinarazi die gurea bezalako hizkuntzek Hitzarmen-markoaren babesa behar dutela, eta Estatuaren jarrera Hitzarmen-markoaren espirituaren kontra dagoela: “Abenduaren 15ean Hitzarmen-markoaren kontra egiten duen Lege baten (Vascuencearen Legea) 25. urteurrena izango da. Herritarrei eskubideak ukatzen dizkien lege bat dago indarrean Euskal Herrian orain dela 25 urtetik eta, akaso, horrelako araubideak daudelako Estatuak ez du nahi izan gure ahotsa Batzorde honetara ekartzea” esan die Bilbaok Adituei.

Horrekin batera, Kontseiluko idazkari nagusiak Euskaldunon Egunkariaren aurkako auzia ere jarri du mahai gainean, izan ere, lehen ebaluazioan Adituek kezka agertu zuten Egunkariaren itxieraren inguruan eta Estatuak entzungor egin zien kezkei: “Horretan ere ikusi ahal izan dugu Estatuak ez duela aurpegia eman nahi izan, eta ez da gai izan Egunkariaren aferarekin zer gertatu zen azaltzeko.” Hala ere, Bilbaok gogorarazi nahi izan du auzi bat oraindik epaitegietan dagoela.

Kontseiluko, CIEMEN erakundeko eta A MESAko ordezkariek positiboki baloratu dute bilera eta eskerrak eman dizkiete Adituei haien ahotsa helarazteko aukera eskaintzeagatik: “Suposatu nahi dugu Adituek prestatu behar duten txostenean gure kezkak eta eskaerak jasoko dituztela, eta ondorioz, Estatuak beste modu batez erantzun beharko duela hurrengo ebaluazioan” ondorioztatu du Paul Bilbaok.

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. Kontseilua sinetsita baitago euskara dela gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat eraikitzeko tresna. Helburu hori jomuga hartuta ari da lanean 1998. urteaz geroztik.