Lege honek hezkuntza pribatizatzen du

Lege honek hezkuntza pribatizatzen du –

Irailaren 14an hezkuntza legearen aurreproiektua argitaratu zuten eta, dirudienez, hilabete bat egongo da ekarpenak egin al izateko. Hezkuntza Legea ahalik eta azkarren gauzatu nahi dutela agerikoa da, besteak beste, gobernuaren behar politikoak direla eta. Hori horrela, legearen nondik norakoak gurekin eztabaidatu beharrean, zuzenean zirriborroa aurkeztea erabaki du Sailak. Beraz, gogorarazi nahi dugu hau ez dela sindikatu eta eragile sozialen parte hartzearekin jorraturiko lege bat.

Lege honek hezkuntza pribatizatzen duParte hartze honen hutsunea nabarmena da: orain arte hainbat eragile sozialek eta STEILASek espresuki publiko egin ditugun ekarpen eta salaketek ez dute islarik dokumentuan. Lege-proiektu hau Hezkuntza Batzordeak onetsitako oinarrien txostenaren garapen soila da eta noranzko berean doa. Abiapuntua, hau da, asmatutako Euskal Hezkuntza Zerbitzua, ez da zuzendu eta guztiz pribatizatzailea izaten jarraitzen du, Euskal Eskola Publikoa lehenetsi gabe eta hainbat hezkuntza eragilek egin ditugun ekarpenak jaso gabe.

Honen adibide argiak dira planifikazio edo itunen aginduak, zeintzuen ondorioz ikastetxe publiko asko itxiko diren. Hori gutxi balitz, itxiera horiek areagotzeko ikastetxe publikoen fusioak ere proposatzen ditu sailak, fusio horiek ezin ditu Sailak ikastetxe pribatuetan bideratu, ez baitu eskumen berdina.

Beraz, argi dago Ikastetxeen titulartasuna dela gakoa, Hezkuntza Zerbitzu Publikoa kontzeptuak eufemismo maltzur bat baino ez da ikastetxe pribatuen erreskatea ahalbidetzeko. Gaur egun titulartasun pribatuko ikastetxeek eskumena dute gauza askoren gainean (onarpena, finantziazioa…), baita hainbestetan urratzen duten legearen gainean ere. Dohakotasunaz aritzen da testua ere, baina gogorarazi nahi dugu 1987ko legeak kuota kobratzea debekatzen badu ere, aurten kobratzen jarraituko direla.

Horrez gain, gogorarazi nahi dugu titulartasuna ezinbestekoa dela, besteak beste, euskararen presentzia eta etorkizuna bermatzeko ikastetxeetan. Eta lege-aurreproiektu honek ez du euskara erdigunean jartzen. STEILASetik behin eta berriro eskatu ditugun matrikulazio leihatila bakarrak ere ez dira agertzen testuan ere, hauek gardentasuna emango liokete onarpen prozesuari, baina horren ordez informazio bulegoak agertzen dira, egun dagoeneko existitzen dira figura hauek.

Ikastetxe pribatuen biziraupena bilatzen duen lege honek segregazioa areagotuko du, horren zalantzarik ez dugu, eta ikerketa ugarik erakusten dute hori horrela dela. Beraz, alferrikakoa da dagoeneko eraginkorrak ez diren segregazioaren kontrako neurriak ezartzea, hauek egituraz segregatzen duen sistema dualari partxeak jartzeko baino ez dute balio.

Lege honen bitartez publikoa erdigunean jarriko dutela errepikatu dute hainbatetan, Haurreskolak partzuergoa indartu, segregazioari aurre egin, doakotasuna eta laikotasuna bermatu… Baina errealitatea bestelakoa da. Hezkuntza sistema pribatizatu nahi dutela agerikoa da. Dualtasuna betikotzeko trikimailu bat besterik ez da aurkeztu duten proiektua, egiturazko aldaketarik ez duten sasineurri zuzentzailez osatuta. Iraingarritzat jotzen ditugu etengabeko inprobisazioa, gizartearekiko arduragabekeria, kontraesanak eta adar jotze mailak.

Guzti honegatik, argi dugu hau ez dela gure gizarteak behar duen hezkuntza legea. Beraz, STEILASek hezkuntza komunitatearekin eta gurekin bat egiten duten bestelako eragileekin indarrak batzea du helburu gure desadostasuna azaltzeko, baita hau eteteko behar diren mobilizazioak aurrera eramateko ere.

Lege honek hezkuntza pribatizatzen du