Gure hausnarketa Legazpiko zabor bilketaren inguruan

zuzeu.eus-logo7

Gipuzkoa Zero Zabor lurraldea izan dadin lanean ari garen taldeok, kezkaz ikusten dugu hondakinen kudeaketaren inguruko hausnarketa jasaten ari den mutilazio saioa.

Batetik, hondakinen bilketa ondoren eman daitezkeen tratamenduetatik bereizteko ahalegina dago. Denok dakigu gaika biltzeko ahalegina tratamendu toxikoak baztertu eta material hori birzikla dadin egiten dela. Zentzugabekeria da gaika biltzearen alde egotea eta gero horrekin egingo denaz kezkarik ez izatea.

Bestetik, bilketak udalerri bakoitzean bakarrik eragiten duela eman nahi da aditzera, hau da, nonbait, beste herri batean zenbat eta nolako zaborra jasoko duten erabakitzea bidaltzaileari dagokio, arazo sortzaileari, eta ez hartzaileari, arazoa jasaten duenari, ikuspegi kolonialista horren arabera. Bi mailatako herritarrak sortu nahi dituzte; sudur puntan jartzen zaiena egitea erabaki dezaketenak, eta besteen erabakiak ixil-ixilik jasan behar dituztenak. Inork bere herrian nahi ez duena beste herrietako biztanleei inposatzeko eskubidea zertan oinarritzen da? Gizarte bat egoismoan oinarrituta eraikitzeak etengabeko gatazka dakar. Herriak herrien aurka, herritarrak herritarraren aurka ez dago gizarte bat eraikitzerik.

Eztabaida desitxuratze hau ez da kasuala, kausala baizik. Errauste planta, sektore ekonomiko-politiko indartsuen helburua da. Errauste plantak zaborra behar du, eta hori bermatzeko estrategian kokatu behar dira, murrizketa, berrerabilpena eta birziklatzean oinarritutako kudeaketa ereduak martxan jartzeko saio guztien aurka ezagutzen ari garen kanpaina gogorrak. Azpeitia, Zarautz, Beasain eta Zubietako biztanleen ongizatea ezin dugu gainerakoen utzikeriaren mesedetan sakrifikatu.

Zero Zabor taldeak guzti honen aurrean ez gara geldi geratuko. Eztabaida kokatze aldera, herri guztiok gure zaborra jasotzen dutenekiko daukagun zorra ahal dugun neurrian kitatzeko, konpromiso etikoa aldarrikatzen dugu. Horretarako hiru puntu hauek jasoko dituzten mozioak aurkeztuko ditugu taldeak dauden udalerri guztietako udaletxeetan:

Udalak, gure herrian sortutako zaborra jasotzen duten herrietako biztanleei ahalik eta kalterik txikiena eragiteko KONPROMISO ETIKOA bere egiten du, eta hori bete ahal izateko ondorengo neurriak hartuko ditu:

o Murrizketa: Ahalik eta hondakin gutxien sortzeko burutu ditzakeen ekintzak aztertu eta abian jarriko ditu.

o Birziklatzea: Sortutako hondakinak nahasi gabe biltzeko emaitza hoberenak lortzen dituzten bilketa sistemak ezarriko ditu.

o Parte hartzea: Herritarren parte hartzea bultzatuko du, herritarrak ondo informatuta egon daitezen, herritarrek aipatutako konpromisoak betetzea bermatuko duten proposamenak egin ditzaten, eta konpromiso etiko horiek betetzen dituzten proposamenen artean erabaki dezaten.

Gipuzkoa Zero Zabor 2013-04-17

 

atez ate, errausketa, zero zabor

Euskal Herrian materialen kudeaketa arrazional eta iraunkor baten alde, hau da, Zero Zabor ereduaren alde eragiteko elkartea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude