Laztasun hori itzaletik argira ekartzea da nire borroka eta nire terapia

Laztasun hori itzaletik argira ekartzea da nire borroka eta nire terapia –

Nekane Txapartegi Nievek Tolosaldeko Atarian.

Joxe Arregiren izenak haurtzarora narama, izuen begiradetara…

Oroitzen dudan lehen manifestazioa da, Teodosioenea, jendea lepo, beldurra, amorrua, borroka eta bolo bolo hitz bat TORTURA. Iltzatuak ditut egun horretako bizipenak eta begiradak…oraindik jakiteke izu begirada hori, neure bihurtuko dela…

8 urteko neskatoa ni, ezin ulerturik zer gertatu den… Adin horretako umeen gisa nire sintesia: “polizia txarra, polizia hiltzailea”. Guraso eta ezagunak hor dabiltza gehiegi entzun eta ikusi ez dezagun ahaleginean, jipoika lehertu duten Joxeren erailketa krudela ulertzeko, txikiegiak baikara. Gertatutakoa gogorregia da kontatzeko, hitzetan mina sumatzen dut. Eta ni hor nabil izua sortzen duen hitz horrek zer esan nahi duen jakin nahian, aurreikusi gabe nik ere handik 18 urtera torturaren atzaparretan bukatuko dudala.

1999an behin baino gehiagotan Joxe Arregitaz eta Gurutze Iantzitaz gogoratuko naiz torturaren mazmorretan. Eta haurtzaroko galderei etorri zaie erantzuna Guardia Civilaren tortura metodoekin. Torturaren atzapar hiltzaileetan bizi-irauteko borrokan nabil… Eta Joxeren hitzak gogoan: oso latza izan da…

Laztasun hori kontatu behar dut, salatu, itzaletik argitara ekarri… nigatik, torturatu guztiengatik, hor gelditu direnengatik… Borroka hori da nire terapia, otsailaren 13an eta egunerokoan…

Duela 40 urte, 1981an Joxe Arregiren irudiek torturaren ukazioa gainditu zuten baina oraindik torturaren ezabapena lortzeko bidean asko daukagu egiteke. Estatu espainiarrak, tortura euskaldunon aurka sistematikoki erabili duen arma dela ukatzen jarraitzen du eta tortura salaketak ikertu gabe: “ikerketarik ez= torturarik ez” logikan. Horrek, torturatuekiko aitortza eta ardura hartzea ekiditen duelarik. Eta horrek latza izaten jarraitzen du,  Joxe Arregi eta beste euskal herritarrak hil zituen tortura aparatuak oraindik martxan jarraitzen duela… berriro hiltzeko prest…

Horregatik otsailaren 13an zuek hortik eta guk hemendik torturaren salaketa zabaltzen eta torturaren eta bere aparatuaren ezabapena aldarrikatzen eta borrokatzen jarraituko dugu!!

Laztasun hori itzaletik argira ekartzea da nire borroka eta nire terapia

Laztasun hori itzaletik argira ekartzea da nire borroka eta nire terapia

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.