Lauro ikastolako gazteak irabazle, Galiciencia zientzia-azokan

Lauro ikastolako gazteak irabazle, Galiciencia zientzia-azokan

  • Elhuyar Zientzia Azokaren eskutik hartu dute parte Galiciencia Azokan

  • Ikasleen eta irakasleen arteko komunikazioa hobetzeko software batekin lortu dute saria

Lauro ikastolako gazteen proiektuak jaso du Galiciencia zientzia-azokaren sari nagusia
Lauro Ikastolako Betabot taldeak jaso du Galicienciaren 10. edizioaren sari nagusia. Ourenseko Tecnopole Parke Teknologikoan ospatutako azokara joateko aukera jaso zuten apirilean Bilbon Elhuyarrek antolatutako Zientzia Azokan. “Hezkuntzan komunikazio-kanalak irekiz” lanarekin jaso dute aitortza Ourensen Amaia Perez Etxebarria irakaslearen laguntza izan duten gazteek.

Hirurogehita hamalau proiektu bildu ditu Galiziako Azokak, tartean, euskal ikertzaile gazteen ordezkarienak: Lauro Ikastolako eta Lauaxeta ikastolako ikasleenak, hain zuzen.

Lauroko Betabot taldeak hezkuntza hobetzeko helburua duen aplikazio bat garatu du. Zehazki, ikasleen eta irakasleen arteko komunikazioa errazten duen software bat da. Ikasle bakoitzaren beharretara egokitzen da, eta autismoa duen ikasle batekin probatu zuten. Lan horrek oso harrera ona izan du Galicienciaren bisitarien zein epaileen artean. Hala, hiru sari nagusietatik lehena jaso du Betabot taldeak.

Elhuyarrek estatuko eta nazioarteko zientzia-azokekin sinatuta dituen hitzarmenen bidez, gazteen zientzia-bizipenak indartzeko helburua du, gazteen ahalduntzean eraginez eta zientzia-bokazioak sustatuz. Bide honetatik, Galiciencian jaso duten sariari esker ere, Bartzelonako Exporecerca Azokara joango dira gazte hauek 2016ko martxoan.

Jaso informazio gehiago eta ikusi irabazleen argazkiak eta bideoak Zientzia Azokaren webgunean eta Galicienciaren Flickr albumean.

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.