Lau Uharteak batzen dituen mendiko gida

Lau Uharteak batzen dituen mendiko gida

Zoiartzeko ermitan elkartu dira gaurko egunez Uhartehiri, Uharte Garazi, Uharte eta Uharte Arakilgo ordezkariak, lau udalerriak batzen dituen mendiko ibilaldia aurkezteko.

Sei txanpatan egin ahal izango den ibilaldi hau gida batean bildu dute Juan Mari Feliú mendizalearen laguntzaz; aipatu udalerrietan eta Udalbiltzaren webgunean egongo da eskuragarri.

2002. urtean senidetze hitzarmena sinatu zuten Euskal herriko lau Uharteek, euren arteko harremana indartu asmoz: Uhartehiri, Uharte Garazi, Uharte eta Uharte Arakil. Hogei urteren ostean, senidetze hori islatzen duen egitasmo berri bat aurkeztu da gaurkoan: 4 Uharteen ibilbidea.

Lau udalerrietako agintariak Uhartehiriko Zoiartze ermitan, ibilaldiko lehen txanpan, elkartu dira gaurko egunez ibilaldi hau jendarteari aurkezteko. Bertan izan dira Claire Dutaret Bordagarai (Uharte Garaziko auzapeza), Joseph Ithurbide (Uhartehiriko auzapeza), Alfredo Arruiz (Uharteko alkatea) eta Txomin Huarte Baletena (Uharte Arakilgo alkatea); baita mendi ibilaldia ezagutarazteko gida idatzi duen Juan Mari Feliú mendizalea ere. Aurkezpenean izan dira, halaber, Udalbiltzako Lehendakari Jabi Asurmendi eta Daniel Oltzomendi, turismoaz arduratzen den Euskal hirigune elkargoko lehendakariordea.

Lau Uharteak mendi gidaren aurkezpenean izan den auzapez eta ordezkari taldea, Zoiartzeko gainan.

.

Ibilbidea, paperera

2002. urtean lau udalerriek senidetze hitzarmena sinatu zuten, elkarren arteko harremana indartu asmoz. Senidetze horrek harreman instituzionalak sustatu zituen gehien bat; ez, ordea, udalerrien elkarren arteko ezagutza sozial eta kulturalago bat. Lau Uharteetako ibilbidearen gida sortzearen helburua, lau udalerrien arteko harremana berrindartzea izan da, harreman instituzionalaz haratago: bertako biztanleen elkar ezagutza sustatzea, baita kanpora begira ere.

2018an, garai hartan Iruñerriko Uharteko Senidetze, Turismo eta Ingurumen zinegotzi zen Juan Mari Feliúk, senidetze berezi horri Hurbiltzen proiektuaren bitartez bultzada berri bat emateko eta harremanak betikotzeko proposamena luzatu zion Udalbiltza Partzuergoari. Hortik abiatuta eta bere laguntzaz diseinatu da euskal kultura, kirola eta turismoa uztartzen dituen ibilbide hau.

Gida honek ibilbidearen argibideak, mapa eta hogeita hamar interesgune biltzen ditu hiru hizkuntzatan (euskara, frantsesa eta gaztelania), ibilbidean barna atzeman daitekeen ondare historiko eta arkitektoniko garrantzitsuenetan geldialdiak egitea proposatuz. Bertan ageri dira, besteak-beste, Itxasperri eta Atondoko baselizak; Orreagako, Zamartzeko, Iharteko eta Aranbeltzeko monasterioak; Uhartehiriko, Latsagako eta Aranbeltzeko gazteluak; zubi erromanikoak edota trikuharriak.

Lau Uharteen ibilbideak GR-65 eta E3 europarraren seinaleztapena jarraitzen du, eta oinez edo bizikletaz egiteko aukera eskaintzen du, sei txanpa edo etapatan: Uhartehiritik Uharte Garazira (29 km), Uharte Garazitik Orreagara (24 km), Orreagatik Iruñerriko Uhartera (37 km), Iruñerriko Uhartetik Aratzurira (27 km), Aratzuritik Irurtzunera (23 km) eta Irurtzundik Uharte Arakilera (15 km), Artxuetako gailurreraino luzatzeko aukerarekin (28 km).

Gidak lau udalerrietako kultur etxeetan, udaletxeetan zein turismo bulegoetan egongo dira eskuragarri, paperezko euskarrian; baita Udalbiltzako webgunean ere, PDF formatuan deskargagarri.

Lau Uharteak batzen dituen mendiko gida

Euskal Herriko udal eta udal hautetsien biltzarra