Lau kanpaleku, hamar egun eta hamaika abentura

Lau kanpaleku, hamar egun eta hamaika abentura –

Bihar hasiko da EuskarAbentura 2021.

Done Jakue bideak jarraitzeari utzi eta kanpalekuetan antolatuko da aurten EuskarAbentura.

Euskal Herriko zazpi lurraldeetako nahiz diasporako 16-17 urte bitarteko 120 neska-mutil euskal geografia, kultura eta historia lagunartean ezagutzera eramango dituen oinezko espedizioa da EuskarAbentura.

Lau kanpaleku, hamar egun eta hamaika abenturaUztailaren 2an hasiko den edizioa berezia izango da, COVID- 19ak baldintzatutako edizioa izango bait da. Espedizioak Done Jakue bide ezberdinak jarraitu ohi ditu, baina, osasun egoera dela eta ezin izango da aurreko urteen gisara gauzatu. EuskarAbentura 2021ek kanpaldi formatua izango du, bi txandatan banatuko da eta txanda bakoitza bi kanpamentu basetan kokatuko da, haietako bakoitza lurralde ezberdin batean.

Espediziorik gabeko urte baten ostean, 120 gaztek (jzioquitarrak) parte hartuko dute, hamar egunetako bi txandatan banatuta. Lehen txanda uztailaren bian hasiko da eta hamaikan bukatu. Bigarrena, hamaseian hasi eta hogeita bostean amaituko da. Ibiltaria izango ez den arren, gazteek Euskal Herriko txoko ezberdinak ezagutzeko aukera izango dute. Lehen txanda Sokoan eta Lekarozen gauzatuko da, uztailak 6arte Sokoan eta gero Lekarozen. Bigarren txandako gazteek Bidania- Goiatzen eta Aulestin pasako dituzte beraien egunak.

Urtero bezala, Kike Amonarrizen eta Asisko Urmenetaren eskutik izango ditugun hitzaldi eta azalpenez gain, era eta eduki anitzeko mintegi, tailer eta ekimenek aberastuko dute abentura. Izan ere, hainbat esparrutako profesionalak (musikariak, aktoreak, bertsolariak, idazleak, kirolariak…) aldiro-aldiro batuko dira espediziora gazteekin ordu batzuk konpartitu eta askotariko jakintzak elkar trukatzeko.

Espediziora joateko aukera izan ez dutenek modu ezberdinetan abentura jarraitzeko aukera izango dute: sare sozialen bidez, @euskarabentura kontua jarraituta Facebook, Twitter eta Instagramen; internet bidez, euskarabentura.eus web orrialdean; eta EuskarAbentura-ren App-aren bidez. Plataforma hauetara egunero egunero igoko dira edukiak argazkiak, bideoak, testigantzak…

Protokolo ezberdinei buruzko formakuntza jasotzeko, uztailaren hamabian batu zen Familia Urdina (koordinatzaileak, monitoreak, komunikazio taldea, osasun taldea…). Osasun protokoloei dagokienez, hartu beharreko neurri guztiak hartuko dira. PCR probak egingo dira espedizioaren txanda bakoitzaren aurretik, eta antigeno probak espedizioa hasten den egunean bertan, autobusera igo baino lehen.

Genero berdintasuna sustatze aldera eta konpromiso hori hartuta, emakumeen ahalduntzea bideratzeko eta desberdinkeriak ezabatzeko metodologia parte-hartzailea eta ardura banaketa parekidea gauzatuko dute Familia Urdinaren baitan. Eta hori bera proiektatuko dute jzioquitarrengan ere: rol tradizional hegemonikoen apurketa bilatuko dute jardueretan, honen inguruko hausnarketa sustatuko dute eta feminismoa ardatz izango duen mintegi bat ere proposatuko diete.

Zaborren kudeaketari dagokionez, EuskarAbentura espedizioaren filosofiari jarraiki, espedizioan zehar ahalik eta zabor gutxien sortzeko neurriak hartuko dituzte. Horretarako, Hondakiken Kudeaketaren Hierarkian (Europako zuzentaraua) ezarritako lehentasunak betetzea finkatu dute helburu gisa. Bestalde, banakako bakoitzak bere tresna berrerabilgarriak ekarriko ditu: plater bana; baso bana; sardeska, koilara eta laban bana; oihalezko bi poltsa; xaboi biodegradagarria; hilerokorako materiala.

.

EuskarAbenturaren helburu eta baloreak

Errealitate linguistiko, sozial, ekonomiko nahiz kultural ezberdineko neska-mutilak nahastu eta, hilabetez, Euskal Herria zentzu zabalean ezagutzera eramango dituen esperientzia ahaztezin hau euskaraz bizi dezaten nahi du EuskarAbentura ekimenak; eta sortutako harremanek espediziotik harago ere iraun dezaten.

Hori honela, gazteen artean eusakararen erabilera sustatu eta normalizatzea da EuskarAbenturaren helburu nagusietako bat, gazte euskaldunen sare berri bat sortzearekin eta Euskal Herriko natura-ondasun eta ondasun historiko nahiz kulturalekin bermatzearekin batera.

Bestalde, EuskarAbentura esperientzia bizitzeak badakar, berez eta izatez, hainbat balore, jarrera eta gaitasunen lanketa: parekidetasuna, bizikidetza, ardura, autonomia, ingurumenarekiko begirunea eta turismo eredu jasangarria beste hainbaten artean.

Lau kanpaleku, hamar egun eta hamaika abentura