Lau euskal politikari Arnaldo Otegiren egoeraz

otegiaske
Bateragune kasuaren baitan, Arnaldo Otegi eta enparauek kartzelan jarraitzen dute. Maiatzaren 5ak eman zigun kontuaren inguruko azken albistea: kondenaren hiru laurdenak beteta izanik ere, Auzitegi Konstituzionalak askatasuna ukatu baitzien Bateragune auziko kideei. Duela gutxi estreinatutako Osoigo.com galdera-erantzunen atarian, Javi Gonzo erabiltzaileak Otergiren egoeraz galdetu zien Rafa Larreina, Odón Elorza, Gorka Maneiro eta Iñaki Anasagastiri. Hona hemen hauen erantzunak.

Iñaki Anasagasti (EAJ/PNV): “Otegi kartzelan badago, beste askok ere egon beharko lukete”

Otegi kartzelan izatearen aurka nago erabat. Otegiren baliogabetze politiko eta pertsonala bilatzen dute, bere delitu bakarra ETAren munduak armak uztea bermatzea izan denean. Otegi kartzelan badago, beste askok ere egon beharko lukete, baita mugimendu bakezaleko ekintzaileek ere. Frankismoko biktimak ahantzirik dauden bitartean, gehiegikeria honek agerian uzten du Espainiako justizia nolakoa den. Irain demokratiko absolutua.

Gorka Maneiro (UPyD): “Otegik ETAk egindako krimenak justifikatu zituen urte askotan zehar”

Azken urteetan ETAk eginiko hilketak, eta Ezker Abertzale deitzen dioten horren justifikazioak oroitzen ditut. ETAren ordezkari politikoen justifikazioak, Arnaldo Otegirenak barne. ETAk egindako krimenak justifikatu zituen urte askotan zehar. Gaur egun, Otegik ez du ETA kondenatu, ez eta kondiziorik gabe desagertzeko eskatu ere. Nahiko arrazoi iruditzen zait kartzelan izatea bidezkoa dela irizteko. Oso ondo ezagutzen dugu bere ibilbide beldurgarria.

Egun, Bateragune auzia dela medio dago kartzelan, ETAren agindupeko alderdi politiko bat berreraikitzen saiatzeagatik kondenatuta. Erabaki judizialak errespetatzen ditut, baina horrez gain, ekintzak eta ibilbidea ezagututa, jarri zaion kondena betetzea eta kartzelan egotea bidezkoa iruditzen zait.

Rafael Larreina (EA): “Laster dugu Arnaldo Otegirekin kalean irribarretsu izango garen eguna”

Arnaldo Otegi eta Bateragune auzian inputatutako gainerako kideen kartzelaratzea, kalitate baxuko demokrazia baten ondorio bidegabea da. Euskal Herriari dagozkion gaietan behintzat, botere banaketarik ez dago, eta mendekua da Entzutegi Nazionala izena duen salbuespenezko auzitegian estamentu polizial eta politikoetatik bultzatutako ekintza judizialen motorea.

Arnado Otegik egin duen delitu bakarra – zeinaren testigu zuzena naizen- bakearen alde gogor lan egitea izan da. Gatazkak eta arazoak  konpontzeko bide soilik politikoak erabiltzearen eta eztabaidaren aldeko lana. Bidegabekeria guztiak onartuak eta errekonozituak izanen diren eskenatoki berri baten alde lan egitea, berradiskidetzearen eta bizikidetzaren alde. Euskal Herriaren etorkizuna era demokratiko eta baketsu batean adierazitako euskaldunon hitzarekin eta erabakiarekin soilik  marraztuko den eskenatokirako saltoa prestatzea azken batean.

Eta injustizia honen arrazoia guzti horren muinean da: Euskaldunok era askean gure etorkizuna erabakiko dugula pentsatze hutsak Espainian sortzen duen beldur eszenikoa, Katalunian gertatzen den era bertsuan. Testuinguru hori da Arnarldo Otegiren kartzelaratzearen markoa: Orain arteko eskenatokiaren betikotzea, indarkeria itzuliko ez denaren segurtasunarekin. Horrela ez da argumenturik mahai gainean jarri behar, ez eta ideiak eztabaidatu eta hitza herriari eman ere. Are gutxiago erabakia errespetatu. Iraungitako Estatu bat mantentzen dute -gure kasuan- euskal nazioaren ukazioa oinarri hartuta.

(…) Ezerk ezingo du galarazi, Euskal Herriak gizarteak eskatu eta gura duen bake eta askatasun eskenatoki berdia erdiestea. Horregatik laster dugu Arnaldo Otegirekin kalean irribarretsu izango garen eguna, euskal herriak irabaziko baitu.

Odón Elorza (PSOE): “Auzitegi Nazionalak eta epaileak Otegiren baldintzapeko askatasuna adostu beharko lukete”

Nire erantzunak ezin du laburra izan, gaizki ulertuak egon baitaitezke. Batez ere Euskaditik kanpo, politikoki eta juridikoki hain konplexua den gai honen inguruko ezagutza oso eskematikoa baita. Hau guztia esanda, nota eta dokumentu andana irakurri dut nire posizioa oinarri irmoen gainean eraikitzeko.

(…) Ondorioztatu dezakegu, haien erakundeari (Batasuna) eta ETAren munduari, terrorismoaren garaiak amaitu zirela eta proiektu independentista hitzarekin soilik defendatu behar zela sinestarazteko lan eskerga egin zutenak auzipetu zituela Entzutegi Nazionalak, hain zuzen, 2011eko urrian ETAk bere jardun terroristaren amaiera iragarri baino apur bat lehenago.

Errealitatea honakoa da: Auziperatuek haien zigorraren 3/4a bete dute (5. urtea egingo dute kartzelan). Baldintzapeko askatasunak ez luke alarma sozialik eragingo, eta balio lezake, tentsio asko tarteko, ETA amaitzeko bidean jartzeko. (…) Eskuin gogorrenaren presioak eta kalkulu elektoralek PP posizio higiezinetara daramate. Auzitegi Konstituzionalak eta epaileak Otegiren baldintzapeko askatasuna adostu beharko lukete.

Otegiren
Oier Aranzabal

ZuZeuko erredakzioko koordinatzailea. Ekaitza bainuontzi batean.

Zer duzu buruan “Lau euskal politikari Arnaldo Otegiren egoeraz”-ri buruz

  • Juan Inazio Hartsuaga

    El Mundo-ko kazetariari Arnaldoren inguruko gezurrak ageri-agerian uzten dituen irzukina “eskapatu” zaio Tomas Madinaren atxiloketari buruzko gaurko artikuluan.
    “La banda arrastraba un lastre tremendo. Había mantenido una guerra por el poder con Batasuna y la había perdido pero, como no se resignaba, había planeado algunos asesinatos que demostrasen quién mandaba.”
    Batasuna eta ETA, elkarren arteko borrokan zebiltzela eta Batasuna ETAri gailendu zitzaiola dioskute gaur, Arnaldok espetxean jarraitu behar duela dioten berberek, Batasuna ETAren aginduz birsortzen saitu zelako aitzakiaz. Urrunago joan gabe Maneiro jaunak goiko artikuluan bertan. Hau da hau ahoa zabaldu eta euliak sartzea!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude