Larunbateko manifestazioari begira egindako kanpainaren balorazio positiboa egin du Kontseiluak

Kontseiluko bazkideen agerraldia

Kontseiluko bazkideen agerraldia

Kontseiluko bazkideek agerraldia egin dute Donostian larunbatean egingo den manifestazioaren inguruko azken xehetasunak emateko. Manifestazioari begira egindako kanpainaren balorazio positiboa egin du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak eta euskaraz bizi nahi duten herritarrei dei egin die abenduaren 1eko manifestazioan parte hartzera.

Herritarrek izan dute zentralitateaz hitz egin du Bilbaok: “Mezua herritarren bizipenetan oinarritutakoa izan da eta hau herritarrei zuzendu diegu. Jendea identifikatu egin dela uste dugu eta herritarren aldetik harrera paregabea izan dugu. Ikusi ahal izan dugu herri askotan herritarrek beraiek egin dituztela ekintzak manifestazioa sustatzeko. Herritarrek autoantolatzen jakin dute irudimenez eta gogoz”, esan du.

Kanpainan argitaratutako euskarri guzti guztiak izan direla banatuak eta erabiliak esan du Kontseiluko idazkari nagusiak eta kasu askotan herritarrek beraiek egin dituzte euskarri berriak leku guztietara iristeko.

Manifestaziorako deialdiak atxikimendu ugari jaso du. Herritarren aldetik, euskalgintzaren aldetik, herri mugimenduen aldetik, sindikatuen aldetik, udaletatik…

Eskerrak ere eman nahi ditu Bilbaok; “lehenengo eta behin, herriz herri antolaketan ibili diren herritarrei eta Euskalgintzako lankideei. Euskal Herri osoan hainbat herritan deialdia lantzeko ekimen desberdinak egin ditu euskalgintzak eta euskaraz bizitzeko nahia hedatu dute”. Deialdia zabaltzen lagundu duten guztiei ere eskerrak eman dizkie Kontseiluko idazkari nagusiak: hainbat hedabideei mezua zabaltzen egin duten ahaleginagatik, agerraldietan parte hartu duten euskaltzaleei…

Manifestazioaren ezaugarriei buruz ere hitz egin du Bilbaok. Larunbatean “euskaraz bizi nahi dugula esatera goaz. Gure nahi horretan harro agertuko gara eta gero eta gehiago garela adieraziko dugu”, esan du. Manifestazioa mugimendu sozialean inflexio puntu bezala ulertzen duela Kontseiluak ere adierazi du. “Euskaraz bizi nahi dugun herritarrak indar hartu eta gure jardunean berraktibatzera goaz. Uste baitugu aldaketa garaia dela eta behar ditugun aldaketa horiek eman daitezen une ezin hobea dela oraingoa”.

Kontseiluak euskaraz bizi nahi dugula adieraztera dei egin nahi die herritarrei. Horretarako, manifestazioan parte hartzeaz gain, manifestazioaren bezperan sare sozialak euskaraz bizitzeko nahiaz betetzera dei egin du. Manifestazio egunean ere, herritarrei euskaraz bizitzeko nahia kartel bitartez adierazteko deialdia ere egin du. Horretarako ehunka kartel banatuko dira parte hartzaileen artean.

Ibilbideari dagokionez, manifestazioa arratsaldeko 17:00etan abiatuko da Anoeta estadiotik eta Bulebarrean amaituko da. Anoetatik Madril hiribidea hartu, handik Urbieta kalera eta Okendo kaletik sartuko da Bulebarrean.

Garraio publikoa erabiltzeko gomendioa ere eman du Kontseiluak. Hainbat herritan manifestaziora etortzeko autobusak antolatu dira. Horien inguruko informazioa www.euskarazbizinahidut.org webgunean ikus daiteke. Autobus horiek aukera izango dute jendea Anoetan bertan uzteko eta manifestazioa amaituta Zurriolan izango dute geralekua.

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. Kontseilua sinetsita baitago euskara dela gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat eraikitzeko tresna. Helburu hori jomuga hartuta ari da lanean 1998. urteaz geroztik.

7 pentsamendu “Larunbateko manifestazioari begira egindako kanpainaren balorazio positiboa egin du Kontseiluak”-ri buruz

  • Obanoseko infanzoia 2012-11-29 15:21

    A ze herri hau! Hizkuntza nazionalaren alde, estatalaren alde , kalera atera behar…Ez ditut horrelakorik ikusten ezta Suezian, Venezuelan edo Italian, hemen bai. Gure hizkuntza defenditu behar dugula ta bermatu, noski baietz. Hortarako gure tresnak behar ditugu. Ezin dugu kalera atera hori “mendigatzeko”. Gainera, nori? Etsaiari. Herri hontan, goiko autoritate bezala delarik barneratu dugu ta ematen duela zerbait zor diogula, Beren menpe egotea normala iruditzen zaigu ta eguneroko hogeitalau ordu berari obeditzen: haien instituzioak onartzen, haien hauteskundeak, zergak, haien manipulazioaren komunikabideak guri ideolojizatzen, kirolak, jaiak, ohiturak, haien sistema “publikoa”, “pribatua”…. Gure hizkuntza depredadorearen eskuetan utzi ta kalera atera kexatzea…. Ez al gara konturatu haien helburua guk desargetzea delarik? Orduan, neurri porporzionaletan erantzun behar ditugu egoera larri larria honi. Hori ez da egiten “urteroko paseitoa”rekin.

    • Obanesko infantoia eta enparauekin nazkatuta nago. Irainak baino ez zaizkit bururatzen, saloiko aberri salbatzaile hauek soberan ditugu. Eraiki ez, dena kakazten eta zikintzen saiatzen dira, orojakileak, egi bakarraren ordezkari bakarrak.
      Argumentatzen ere ez naiz saiatuko, Euskal Herriko Troll-ak dira, ez elikatzea eta mezprezua da erantzun bakarra.

    • Kateak_Apurtu 2012-11-30 02:26

      Independentzia beharrezkoa dugu euskara babesteko eta hainbat gauzetarako, bai. Baino bada garaia ikus dezazuen larunbateko eta beste hainbat manifestazio independentziarako bide egiten duten ekitaldiak ere badirela. Zer proposatzen duzue ba? Bizi ditugun haibat injustizia ahaztu eta independentzian amestea?

      Injustizia oro borrokatu behar dira gizartean independentzi grina areagozeko. Independentzia borroka guzti hauek ekarriko dute, ondoren borroka hauen emaitzak lortzeko. Helburua juztizia guzti hauek lortzea da, ez independentzia lortzea. Baino aldi berean, eduki dezakegun herramintarik eraginkorrena da independentzia, helburu guzti hauek lortzeko.

      Bestela esateko, euskal jendartea independentistago egiteko, bizi dugun injustizia ororen jakitun izan behar du. Hori, besteak beste, kalean borrokatuz lortzen da. Euskal jendarteak bi “nazio” hauen barruan helburu guzti hauek lortzea ezinezkotzat ikusten duenean etorriko da independentzia, edo ez da etorriko.

      Zuen gisako argudioekin jendea independentziatik hurruntzea besterik ez duzue lortzen, independentzia fanatiko batzuen kontua balitz gisan.

  • “…menpe egotea normala iruditzen zaigu”
    Egi borobila.

  • Obanoseko infanzoia 2012-11-30 11:33

    Ezin da “injustiziekin” kolaboratzailea izatea ta gero aurre egitea pretenditzea. Egin baino lehen jakin behar da zer ez den egin behar. Hori astertu ta praktikan jarri ez gero bidea argiago ikusten da. Nondik hasten den bide hori? Gobernu propio bat sortu, erresistitu, ez kolaboratu, hori nahiko bidea da. Eta gaizki egiten diogunari utzi egiteari. Ezin da pentsatu borroka sektorialetik independentzia lortuko dugunik, ez ba daude lehenago estrategia bat barruan kokatuak . Bestela borroka inkonexoak bihurtzen dira. Lehen helburu estrategikoa finkatu behar dugu ta gero borroka sektorialak, iparra markatutak euki ez gero, martxan jarri behar dira. Jakitea edozein momentuan zertan gaude ta zergaitik egiten dItugun gauzak. Independentzia ez da aukera bat gehiago, independentzia da demokaraziaren edo auzokraziaren abiapuntua.

    • “Injustiziekin” kolaboratzaile izateaz ari zarenean, nor daukazu buruan?