Larria ote, mediku jauna?

images-1.jpg

Gaztelaniaz agertu zenean irakurri nuen Paul Austerren La noche del oráculo (Anagrama 2003) eleberria. Orain ez naiz argumentuaz eta ia beste ezertaz akordatzen. Ezagutzen ditudan lagun idazle asko ez bezala, memoria oso ahulekoa naiz. Liburu asko irakurtzea egokitzen zaidan arren, denbora batera ez ditut oroitzen pertsonaiak, ez gertaerak, ez tituluak, ez ezer. Soilik gorde ohi dut irakurritako liburuak nigan utzi duen zantzua: atsegin izan nuen/ez nuen gustuko izan. Penagarria da horrelako gauza xumea bakarrik gordetzea memorian, batez ere nire ofizioa duen morroi batentzat, baina halako zerbait izaten da beti. Nekez kontatuko nuke gaur Lagun izoztuaren haria, (atsegin izan nuen)edo Soinujolearen semearena, esaterako. (Hau ere atsegin izan nuen arren). Adibiderik gogorrena, hala ere, HEINRICH BÖLL-en Pailazo baten aburuak nobelarena da (atsegin izan nuen). Nire bizitzako une ezberdinetan zortziren bat aldiz irakurriko nuen, baina gaur da eguna ia ezertaz oroitzen ez naizena. Alabaina, irakurritako liburuetatik, eszena bat, gertaera bat, zerbait geratzen zait beti gogoan, testuingururik batere gabekoa izan arren. ECHENOZ-en nobela batetik, titulua gogoan ez dudan arren (ez nuen gustuko izan), oroitzen dudan bakarra, baieztapen harrigarri bat da: hartz zuri guztiak ezkerrak dira. Askotan pentsatzen dut lerdokeria axalekoak bakarrik gogoratzen ditudala, baita maisulan handienetatik ere. Madame Bovary ez al zen, ba, perfume baten izena?

Esaten ari nintzen bezala, La noche del oráculo horretatik, gauza bakarra dut gogoan (ez zitzaidan hainbeste gustatu): irakurleak batere epero ez duenean, Austerrek asmatutako Sidney Orr izeneko idazleak asmatutako Nick izeneko pertsonaia, irten ezindako lurpeko leku batean ixten du(te), bertan gosez eta etsipenez hil dadin. Kontua da, lasai ari nintzela nobela hori irakurtzen, Austerrek (edo Orr-ek) putakeria egin zida(te)nean. Ez nuen halakorik espero. Luze emango luke hemen agertzeak, baina klaustrofobia itzela eragin zidan Nick pertsonaiari gertatutakoak, ezin baitzuen ihes egin zegoen leku hartatik, eta itota eta inor enteratu gabe zegoen hiltzera kondenatua leku hartan. Gehien mindu ninduena izan zen, ez Austerrek ez Orr-ek, ez zutela deus egin Nick handik ateratzeko eta, areago, ez zutela nobelako hurrengo orrietan aipatu ere egiten, jazoera eleberriaren erdi aldera gertatzen zen arren. Aski eta gehiegi zituzten orriak zerbait egin eta Nick gaixoari arnasa apur bat emateko. baina, bai zera!, aipatu ere ez. Egia esan, handik aurrerako kontakizun guztiak berdin izan zitzaizkidala oroitzen naiz, hain geratu bainintzen inpresionatua Nicken egoera itogarriarekin. Gauza berriak kontatzen zitzaizkidan arren, Nick-en patuak nindukan menpean. Kontatzen zida(te)n gainerako guztia, bost axola niri.

Eta gaur, kinka zehatz honetan, etorri zait burura Nick. Areago, begitantzen zait ni eta gu gaudela haren lekuan jarrita, lurpean eta ihes egitea ezinezkoa den lekuan. Zer iruditzen, doktore jauna? Larria ote pentsamentu ilun hau?

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

9 pentsamendu “Larria ote, mediku jauna?”-ri buruz

  • Mekaguenlaletxe! Behingoz ni bezalako bat. Niri ere antzeko-parezido gertatzen zait liburuekin… edo pelikulekin… edo kantekin.

    Berehala ahazten ditut nondik norakoak eta nire oroimenean gelditzen den gauza bakarra da: gustatu zitzaidan / ez zitzaidan gustatu.

    Daukazun ogibiderako, hori bai, putada galanta.

  • Niri ere horixe gertatzen zait (eta Hasierren ofizio berekoa naiz gainera).

    Aurtengo urtarrilaren 16ko nire apunte hau ekartzen dit gogora horrek (“Inon izatekotan” liburuan jasoa dago):

    “Arrazoi osoa zuen Bernardo Atxagak hitzaldi batean esan zuen hartan: Fairy markako baxera-garbigarri pixka batek lan asko egiteko aukera ematen du. Beste marka bateko baxera-garbigarria erabiltzen dudan bakoitzean –Alin markakoarekin proba egitea egokitu zait gaur–, Atxagaz oroitzen naiz, eta aspaldi eman zuen hitzaldi hartan arrazoi osoa zuela egiaztatzen dut.”

    Atxagaren hitzaldi askotan izan naiz, eta azkoz ere interes handiagoko kontuak entzun dizkiot (eta horietako batzuen laburpenak egin ere bai gero, “Egunkaria” nahiz “Berria”-rako), baina horixe da sakonen iltzaturik geratu zaidanetako bat.

    Virgiliori buruz esandakoetatik ez diot deus ere gorde; Fairyri buruzko kontutxo horretaz, ordea, bera baino hobeto oroitzen naizela uste dut. Oso posible baita bera komentario horretaz erabat ahaztua izatea.

  • Zuzenketa txiki bat:

    Aurtengoa ez, iazkoa da nire apunte hori, 2006ko urtarrilaren 16koa. Aipatzen dudan Atxagaren hitzaldia, ordea, aspaldikoa da. Hamar urte baino gehiago izango direla uste dut.

  • Lurpean eta ihes egitea ezinezkoa den lekuan, erabat ados. Gainera -konturatuko zara benetako negua datorrenean- hemen ez dago estufarik eta bizilagunak jasanezinak dira, besteak beste, gaueko ordu txikietan, loak hartu aurreko une bereziki atsegin horietan, zalapartaka asaldatzen gaituztelako, aker adar okerrak bailiran elkarri kaskezurra puskatzen… Orduan bai pentsamendu ilunak, ekaitz zoragarriak…

    Pozik behar zenuke: paper eta tinta pila utzi dizute…

    PD:Ze interesgarria Paul Auster. Liburu bat oparitzea baino hobea da irakurtzeko gogoa piztea. Mertzi boku, beraz.

    [Wordpress madarikatu hori! Spam nor?]

  • Niri ere antzera gertatzen zait liburu guztiekin, baina batzuetan sentipen batzuk likaturik geratzen zaizkit. Austerren liburu asko irakurriak ditut, eta aitor dut, Canok behiala esan zuen gisara (gerora, ituxra, errefusatu arren), apur bat aspertuta nagoela ezlekuetako funsbako gertakari miragarriekin.
    Azkena, esaterako, gurea artean euskaraz emana, oso maila apalekoa iruditu zitzaidan. “Oracle´s Night” hori ingelesez irakurri nuen, garunei lan doblea eraginda ere plazera ere bikoitza izaten delako. Eta niri ere pasarte horrek berorrek inarrosi ninduen, eta itolarri madarikatu hori eragin. Denboragarrenean, buruan ibili eta ibili, konturatu naiz umetan (gerra hotzaren garaian ginen), superpotentzien arteko gatazka nuklearra ia ezinbestekoa zelarik, halako bunker antinuklearrak ugaldu zirela, onddoak nola. Eta nik, nire sei-zazpi urtetan, amets egiten nuen bertan geratzen nintzela lurperaturik, ezin kanpora aterata, latetakoa jaten bakarrik eta aire mila-bider-birziklatua arnasten; telebistarik gabe, gainera!
    Gainerakoan, liburua erdipurdikoa da (mailaz fuerakoa edozein idazle afizionaturentzat, jakina), baina nola adieraz ezin konta ahalako sentipen eta gogorazio horiek. Horixe da literaturaren gatza.

  • Austerrek ixten ote du Nick Bowen lurpeko gela horretan? Edo Austerrek asmatu Orr idazlearen ideia izan da? Edo, agian, Nick Bowen bera, aurreko biek asmatu pertsonaia, pertsonaia beraz birritan fikziozkoa, ote da bere patu itogarriaren erruduna, errudun bakarra? Oro har, Auster idazle ona iruditzen zait (edo agian interesgarria esan beharko nuke, eta ona, edo oso ona, soilik bere Moon Palace eleberria dela esan), baina Oracle Night-ekin lortu nahi duenak aipamen berezi bat merezi du: fikzioak irakurlearengan daukan eragin indartsua irakurlea berari hausnartaraztea. Eta horretarako saioa beharrean eleberria darabil Austerrek tresna bezala. Irakurleak badaki Sidney Orr fikziozko pertsonaia bat dela (ziurrenik Austerren alter ego-a zentzu askotan), eta harek asmatu pertsonaia, Nick Bowen, are fikziozkoagoa dela. Gainera, irakurlea Bowenen izaera irreal horretaz are jabeago izan dadin, Orren lumatik nola sortzen den kontatzen du Austerrek. Fikziozko pertsonaia baten irudimenaren emaitza da Bowen! Hala ere, haren patuak ikaragarri hunkitzen du irakurlea.

    Atea itxi ondoren eta giltza poltsikoan daukala pentsatuz, …

    “… Nick still isn’t aware of what he has done. He switches on the electric heater, sits down on the bed, and begins reading the Warsaw phone book more carefully, giving its browned and brittle pages his full attention. An hour goes by, and when Nick feels warm enough to return to work, he finally realizes his mistake. His first response is to laugh, but as the sickening truth of what he has done to himself gradually sinks in, he stops laughing and spends the next hours in a frantic attempt to find a way out of there. […] Although he doesn’t believe in God, he tells himself that God is testing him – and that he mustn’t fail to accept his misfortune with grace and equanimity of spirit.”

    Ezin dut Nick nire burutik atera. Non ote dabil?

  • Barka, Auster idazle interesgarria iruditzen zitzaidala esan dudanean “interesgarria” beharrean “entretenigarria” esan nahi nuen. Antzerako kontzeptuak izan daitezke bi horiek, baina ez dira gauza bera. Mea culpa.

  • Itxura baten epe luzeko memoriak ere iraungitze-data dauka. Gainera, zenbat eta gehiago irakurri hainbat eta azkarrago ihes egiten digute irakurritakoen aztarnek. Antza adinak aurrera egin ahala prozesu hori areagotu egiten da. Kontuz beraz.

    Entretenigarria Auster? Ez da gutxi. Erdi-purdikoa ‘Oracles night’? Baliteke.

    Baina Auster idazle handia da gero. Hogei lan edo ditu Austerrek idatziak; derrigor denak urre fina ez izatea. Ala bai? Gorabeherakoak egotea nahitaezko. Dena den, bere lan guztietan bada zer erakargarri egiten dituena. Eta tartean bai, agian lar erabilitako eskemak: dela patuak halabeharrez erabakitako kasualitateena, direla finean bat egingo duten gertaera ezinago gurutzatu eta nahastuak, diruaren gaineko gogoeta etengabeak… ‘I thought my father was God’ hura ‘funsbako gertakari miragarrien’ bilduma da, bai (editorea besterik ez zen). Baina, idazle oso ona begitantzen zait Auster. Ondo pasatzen dut berori irakurtzen.

    Nahiz eta, XLek ondo zehaztu bezala, Nick pertsonaia bitan irreala den, oharkabean joan zitzaidan fikzioaren gaineko tesi hura. Bada zer hausnartu.

    Austerren lanei erreparatuta, neure kutunak eta hurrenkera honetan hauexek dira: ‘In the Country of Last Things’ (zinemara aurten-edo ekarriko duten lana; ikusiko), ‘Mr. Vertigo’, ‘Moon Palace’ eta ‘Leviathan’.

    Ia hogei lan ditu Austerrek erdarara ekarriak; bat euskaraz duguna (bi, komikiarena gogoan hartuta). Oskar Aranak gurera emandako ‘Brooklynengo erokeriak’ horretan Austerrek Kafkaren panpinari buruzko istorioa berreraiki du. Aspaldi Sarrionandiak ere saio bera egin zuen. Ez dut Josebarena eskura eta ezin alderatzerik egin. Agian merezi luke.

  • […] Putakume galanta, horixe da Paul Auster. Sadikoa ere bai, ni bezalako irakurleekin nahi duena lortzen baitu aluak. Plastilina zati bat baizik ez gara, haren fantasiaren menera dantzatzen dugunak. Eta abisatuta nengoen, ezagutzen dut Austerren lana, irakurriak ditut haren lanak dozenaka, badakit zertan dabilen, azkena ez zitzaidan gustatu…, baina, hala ere, amuari egin diot kosk, eta hor ibili naiz  haren abildadeetan igeri, jakinaren gainean artifizo bat dela amuaren puntan jarri duen beita. Baina nik kosk. Eta irentsi. zakatzetatik haratago, urdailean bertaraino. […]